Joan den maiatzean, Eusko Legebiltzarra eratzearekin batera jarri zen abian hamahirugarren legealdia. Karguaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzea izango dute aurreneko zeregin nagusietako bat Gasteizko ganberako 75 legebiltzarkideek bihar. Saio horretan parte hartuko dute Markel Aranburuk, Josu Aztiriak eta Patricia Campelok, EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko legebiltzarkideek, hurrenez hurren. Estreinakoz ari dira legebiltzarkide zereginetan, eta hirurek nabarmendu dute erronkaz beteriko legealdia izango dela honako hau.
Markel Aranburu, EAJko legebiltzarkidea: «Gauza praktikoak adostasunaren bidez lortzen dira»
Lehendakaria izendatzeko inbestidura saioan lehenengoz parte hartuko badu ere, legebiltzarkide baten jarduna ezagutzen du Markel Aranburuk (Donostia, 1991). Aurreko legealdiaren hondarrean sartu zen Eusko Legebiltzarrean, eta bederatzi hilabete egin zituen bertan. Harekin alderatuta, ez du aldaketa handirik espero datozen urteetan, batez ere, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoari eusten diotelako. «Hala eta guztiz ere, gure helburua beti izan da guztiekin hitz egitea eta adostasunak bilatzea. Horretan saiatuko gara».
Horren adibide da aurreko legealdiaren azken txanpa, hain justu ere. Lege garrantzitsu asko onartu ziren, adostasun zabalarekin. Bada, uste du gai horietako askok jarraipena izango dutela. «Hezkuntza izan zen gai garrantzitsuetako bat, eta hala izango da aurrerantzean ere, legeak gartu egin behar izaten direlako eta horrek lan bat suposatzen duelako». Baina, horrez gain, osasungintza, etxebizitza, segurtasuna, ingurumena eta trantsizio energetikoa ere aipatu ditu hizpide izango diren gaien artean. Eta, noski, estatutu berria: «Uste dut herri honentzat inportantea dela autogobernuan jauzi bat egitea».
Batzordeak eratu ondoren jakingo du zehazki zein ardura izango duen legebiltzarrean. Argi du, hala ere, alorra edozein dela ere, ezinbestekoa dela gaia ondo prestatua izatea eta eztabaidarako gaitasuna edukitzea. Hala ikusi eta ikasi zuen aho batez onartu zen Lankidetza legearen tramitazioarekin, eta gomendio hori egin die gainerako kideei ere: «Nork bere diskurtsoak egiteak ez du ekarpen handirik egiten. Gauza praktikoak adostasunaren bidez lortzen dira».
Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea: «Gai batzuetan ezinbestekoa da herri gisa jardutea»
Legealdiak zein molde hartuko duen ez du argi Josu Aztiriak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1978), baina argi du datozen lau urteetan EH Bilduk zein jokabide izango duen Eusko Legebiltzarrean: «Herri proiektu sendo bat behar du herri honek, epe luzeko begiradarekin eta beste gobernantza eredu batekin. Eta guk ikuspegi horrekin jardungo dugu». Alegia, oposizio lanean «zorrotza» izango da Jaurlaritzarekin, baina elkarlanerako prestasuna ere erakutsiko dio «giltzarri edo gako» diren gaietan. Izan ere, koalizio subiranistak uste du «lankidetza» ezinbestekoa dela Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurrez aurre dituzten «erronka handiei» erantzuteko. «Gai batzuetan ezinbestekoa da herri gisa jardutea».
Erronka horietako bat estatutu berriarena izango da, Aztiriaren hitzetan. Hori izango da legealdiko gai garrantzitsuetako bat, haren ustetan: «Ezinbestekoa dugu beste marko bat, estatuarekin berdineko arituko garen eta autogobernuan jauzi handi bat egiteko baldintzak sortuko dituen arkitektura juridiko berri batera igarotzea». Horrez gain, hala ere, aurreko legealdiaren amaieran onartu ziren lege batzuei segida emateko tartea ere izango dela uste du: «Trantsizio energetikoaren legearen garapen bat ere egon beharko du, eta hor ere lan egin beharko da».
Aztiriari, baina, bestelako gai batzuez aritzea egokitu zaio: «Bi alor koordinatuko ditut: nortasun eta arnasberritze komunitarioaren alorra, eta adimen artifizialaren eta digitalizazioarena». Aurrenekoan sartuko lirateke, besteak beste, euskararen biziberritzea, kultur politikak, eta lurraldeen arteko lankidetza eta komunikazio sistemak. Hain justu ere, alor horiei lotuta egin du bere ibilbide profesionala Aztiriak Elhuyarren, eta ezagutza hori baliatuko du legebiltzarreko zereginetan ere: «Prest eta ilusioz beteta nago».
Patricia Campelo, PSE-EEko legebiltzarkidea: «Asko dago esateko eta egiteko»
Eusko Legebiltzarra aldi interesgarri baten atarian dagoela sinistuta dago Patricia Campelo (Getxo, Bizkaia, 1973), eta ikasteko gogo handiz hasi du legealdia: «Erronka askori aurre egin beharko diogu: erronka energetikoari, jasangarritasunaren erronkari, eta, bereziki, erronka demografikoari». Horretarako, gizartearen luze gabeko eta luzera begirako helburuei helduko die PSE-EEk: enplegua, etxebizitza, garapen teknologikoa, feminismoa, berdintasuna... «Asko dago esateko eta egiteko».
Feminismoaren eta berdintasunaren gaian jarri du arreta berezia Campelok: «Legealdi hau erreferente izango da alde horretatik». Izan ere, emakumeak gehiengo dira Gasteizko ganberan legealdi honetan, eta iritzi dio hori eguneroko jardunean nabarituko dela. Hain justu, Legebiltzarkide izan aurretik, Bizkaiko Foru Aldundian berdintasun zuzendaria izan zen, ia bost urtez. Alor horri lotuta ikusten du bere burua legebiltzarrean: «Soziologian doktorea naiz, eta asko arduratu nau beti feminismoaren gaiak. Uste dut ildo horri lotuta egongo direla nire zereginak».
Helburu horiek guztiak lortzeko, ez dio atea itxi beste alderdiekin aliantzak egiteari. Campeloren arabera, herritarren ongizatean sakontzea izango da PSE-EEren helburua, eta, horretarako, beste ordezkariekin hitz egiteko prest egon behar dutela uste du.