Erabakitzeko eskubidearen aldeko jardueran ziklo bat itxi eta beste bat abiatu zuen Gure Esku dinamikak herenegun. Izena bera da etapa aldaketaren erakusleetako bat. Dinamikak ekitaldi jendetsua egin zuen igandean Bilboko Euskaldunan, eta bertan jakinarazi zuen «erreferendum bidez erabakitzea lortzeko herri ekimen bat» sustatuko duela. Euskaldunan izan ziren eragile politiko sindikal eta sozial ugaritako ordezkariak, eta Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas bozeramaile ohiek Amalur Alvarez Ortizi (Donostia, 1988) eta Josu Etxaburu Osari (Ondarroa, Bizkaia, 1961) eman zieten lekukoa. Etxabururen hitzetan, lekuko hori «arduraz» hartu dute, «erronkak ere halako tamainakoak direlako», eta baita «erantzukizun handiz» ere, «Gure Esku ordezkatzea herri proiektu baten arima, nahia, ametsa ordezkatzea delako». «Emozioz pilatutako egunak» izan dira Alvarezentzat: «Urduritasuna, ardura, ilusioa, konpromisoa...». BERRIArekin estreinatu dira hedabideetan, igande arratsaldez, ekitaldiko urduritasunak alde batera utzita.
Zer giro nabaritu duzue ekitaldian?
AMALUR ALVAREZ ORTIZ: Emozioa. Gure Eskuk beti demostratu du gaitasuna duela jendearekin konektatzeko. Emozioz beteta atera gara Euskaldunatik, eta hori da seinalerik onena, jendearekin bat egiten duzulako.
JOSU ETXABURU OSA: Ziurrenik, berezienetan bereziena izan da ekitaldia. Sei urtean aurpegia eman dutenen agur hunkigarriak ere bere lekua izan du, eta momentu ezin hobea izan da milaka lagunen esker ona jasotzeko. Gainera, berezia izan da jendeak zeozer espero zuelako, ez soilik bozeramaile aldaketa bat. Jendeak espero du jakitea zein den hurrengo estazioa erabakitzeko eskubidearen tren honetan. Alde horretatik, saiatu gara mugarri berri batzuk ipintzen eta jarraipena ematen bere garaian hasitako bideari.
Zein da hurrengo geltoki hori?
A. A. O.: Urrats eraginkorragoak egitea. Gure Eskuren helburua berdina da: sortu zen herri honek bere etorkizunaz erabakitzeko, eta, erabakitzen dugun bitartean, bagoaz pauso eraginkorrak ematen.
J. E. O.: Beste saiakera kolektibo bat egitera goaz. Orain artekoainori baimenik eskatu gabe egin dugu, baina inor kanpoan utzi gabe. Hori da hurrengo erronka: batetik, gizarte eragile guztiekin hitzorduak eginez, urrats berriak egitera iristea; bestetik, orain arte iritsi ez garen hainbat esparrutara iristeko ahalegina egitea. Azken batean, adierazteko benetan erabakitzeko eskubidearen aldekoak %70etik gora garela. Denbora emango duen saio bat izango da. Gure Eskun gauden asko eta asko erabaki zaleak gara, erabakitzea gustatzen zaigu, eta kutsatu nahi dugu erabakitzeko gogoa. Erabakitzeko eskubidea ez da herritarren %63rena edo %73rena, %100arena baino.
Herri ekimen bat iragarri duzue, gehiago zehaztu gabe. Zer izango da?
A. A. O.: Herri ekimen bat aipatzen dugunean esan nahi dugu erronkak kolektiboa izan behar duela; herri gisa erantzun bat eman nahi dugula. Jauzi bat eman nahi dugu aldarrikapenetik gauzatzera. Erronka kolektiboa den momentutik, elkarlanean sortutako espazio bat izango da; ez da Gure Eskuren ekimen bat izango. Atzotik, hasi gara eragileekin biltzen, eta oso harrera ona jasotzen ari da herri ekimenaren ideia. Forma guztion artean emango diogu.
J. E. O.: Ezin da soilik Gure Esku izan erabakitzeko eskubidearen aldeko bandera eta aldarria eramango duena. Sarri askotan erabili izan den moldea atxikimenduena izan da; fase hori ere gainditu behar dugu, eta ez atxikitzea Gure Eskuren proposamen bati, eragile bakoitzak bere egitea baizik. Herri ekimen hori zertan gauzatzen dugun, eragile guztiekin partekatu behar dugu, eta iritsiko da zertan gauzatzen den plazaratzeko garaia.
Zein izango da Gure Eskuren rola dinamika horretan?
A. A. O.: Eragile ugarirekin batera emango diogu forma, eta, batez ere, herri ekimen horrek forma hartuko du tokian tokiko beharren arabera. Gure proposamena da Gure Esku izatea sustatzailea.
J. E. O.: Gure Eskuk, hasiera batean, sustatzaile rol hori hartu behar du. Gero, jakin behar du figura hori uzten. Erabaki nahi duten beste kolektibo batzuk daude: feministak, pentsiodunak... Aldarria guztiona den heinean, Gure Eskuk beste rol bat hartuko du. Gu hasiko gara hitz egiten alderdi politiko eta eragile sozialekin, betiere jakinda ez dugula nahi protagonistarik, Gure Eskuren planteamenduan herritarrak direlako protagonista.
Beste eragileek izango duten pisuaren adierazle da ekitaldian egon izana eragile politiko eta sindikal ugari?
A. A. O.: Hori azken bospasei urteetan eginiko lanaren fruitua da; konplizitate handiak sortu dira, baina, urrats eraginkorragoak egin behar ditugunez, ezinbestekoa da esparru hori zabaltzea. Eragileekin biltzen ari gara, alderdi eta sindikatuekin eta orain arte bildu ez garenekin ere.
J. E. O.: Etorri izana bera bada aitortza bat eginiko bideari, eta badago konplize izateko nahi bat zabaltzen den etapa berrian. Guztiok gara beharrezkoak. Guztiak nahi ditugu herri ekimen honetan; aurretik sortutako konplizitateak indartzeko eta berriak aurkitzeko espazio bat sortu nahi dugu.
Zer esango zeniekete ekitaldian izan ez direnei?
J. E. O.: Gu hurbilduko gara eurengana, prestasuna dugu batzuekin eta besteekin gure diskurtsoa partekatzeko eta entzun beharrekoak entzuteko.
A. A. O.: Sinesten dugu erabakitzeko eskubidea guztion ardura dela; zeinek ez du bere etorkizunaz edo bere bizimoduaren egunerokoaz erabaki nahi? Izan estatus politikoari dagokionez, izan oinarrizko gai guztien inguruan: lana, arlo soziala, lurralde garapena, ekologia...
Erreferendumaren planteamendua estatus politikoaz harago doa, beraz?
A. A. O.: Gure iparra erreferendumak dira: pluralean. Horrek barneratzen du lurralde aniztasuna, baina baita gaien aniztasuna ere.
J. E. O.: Gure diskurtsoa beti izan da bozkatzea sanoa dela, jendeari galdetzea argia dela eta gatazkak saihesteko moduak existitzen direla demokrazian. Zergatik ez dugu amestuko beste errealitate batzuekin, zeinetan galdetzen den eta botoa ematea normaltasunez ikusten den? Botoa ematea naturala da, demokratikoa; ez du gizarte bat zatitzen, kohesionatzen baizik. Zer hobeagorik herritarrei galdetzea baino hainbat konturi buruz? Horrek beste jokaleku batera garamatza, zeinetan, erreferenduma bainoago, bat baino gehiago izango liratekeen.
Erabaki eskubidea lege bihurtzea da xedeetako bat. Bide horretan doaz Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarriak. Nola ikusten duzue abagune hori?
A. A. O.: Lan egin genuen akordioan erabakitzeko eskubidea ardatzetako bat izateko; horretara zetozen giza katea eta 2.019 arrazoien dokumentua, eta lanean jarraituko dugu azken agirian ere erabaki eskubidea ardatz izan dadin. Lanerako prest gaudenez eta anbizioa dugunez, konfiantza daukagu lortuko dugula.
J. E. O.: Autogobernu lantaldearen inguruak gertutik jarraitzen ari gara, jokaleku oso interesgarria iruditzen zaigulako. Guk ezin dugu hori hauspotu eta txalotu besterik egin. Utzi behar zaie orain lanean ari direnei.
Aukera hori ez dago oraingoz zabalik Nafarroan, eta Ipar Euskal Herrian ere Euskal Elkargoaren demokratizazioa da eztabaida. Zer aukera dauzka Gure Eskuk eremu horietan?
A. A. O.: Nafarroan, ikusiko dugu zein den datorren agertokia, baina ikusten dugu erabakitzeko eskubidea ardatz izango dela. Aldaketaren aldekoek gehiengoa lortuz gero, badakigu autogobernu lantalde bat sortzeko asmoa dagoela; hala ez bada, datozen asmo antidemokratikoen aurrean ere, erabakitzeko eskubidea gako izango da. Iparraldeari dagokionez, 2017an sortu zen Euskal Elkargoaren kontura, ardura parte hartzean dago, elkargoa demokratizatzean. Modu batera edo bestera, tokian tokiko beharrekin, norabide berean goaz.
J. E. O.: Herri ekimen hori Euskal Herri mailakoa izatea nahi dugu; gero, tokian tokiko moldaketak, erritmoak eta beharrizanak izango ditu. Aterki zabal bat egiten saiatuko gara, eta joango gara ikusten ze gauzatze praktiko duen eremu batean edo bestean.
Egin dezagun posible izan da ekitaldiko leloa; hitza hartzean ere esan duzue: «Ezer ez denean ziurra, dena da posible». Zer dago ideia horren atzean?
J. E. O.: Posible izan badaiteke, gure lana da posible egitea. Ez genuen esango «egizu posible» ez bagenu pentsatuko gauzatzeko aukerak ditugula. Begi bistakoa da zaila izango dela, oztopoak egongo direla, baina bada harresiak salto egiteko modu bat: aurkitu beharko ditugu.
A. A. O.: Ikusten dugu posible dela eta ikusi dugu herrialde askotan posible izan dela. Hala izan zen Eskozian, Quebecen, Danimarkan... Zergatik ez da izango gurean? Sinetsita gaude gurean ere gauzagarria dela, batez ere elkarrekin egiten badugu.
Konformismoan geratzeko arriskua antzematen duzue? Egon daitezke tentazioak, olatu erreakzionarioen aurrean, dagoenari eusteko.
J. E. O.: Olatuen aurrean, aukera bat da zain egotea olatuak noiz joko, edo beste bat, olatuari nola aurre egin prestatzea. Olatuak jo zaitzan zain egotea ez da normalean teknika onena izaten; bai, ostera, olatu horretan surfean nola egin pentsatzea. Konformismorako tentazioa egon daiteke, baina kontuz, olatu baten ondoren beste bat datorrelako. Jakin behar dugu etor daitezkeen egoera berriei aurre egiten; hartzen diren erabakiak hartuta ere atzean herri oso bat badago atzean, gauza asko egin daitezke olatu horien kontra. Gure Esku konformismoaren antipodetan dago, ez baitzen sortuko konformismotik. Orain tokatzen da pentsatzea nola eman bide azaleratu den nahiari, nola bideratu gizartean dauden hainbat eskaera: guzti-guztiak erabakitzetik pasatzen dira.
A. A. O.: Giza eskubideen eta askatasunen urraketaren aurrean, ez dago konformismorako tarterik. Murrizketa horien aurrean, gure olatu propioa sortzeko gaitasuna dugu eta sortuko dugu.
Katalunia ere aipatu duzue ekitaldian. Badago aukerarik euskal eta kataluniar bideak elkartzeko? Aldarrikapenak bateratzeko?
A. A. O.: Aldarrikapenen bateratze hori badago, eta egongo da, balio demokratikoak defendatzen ari garelako. Beste kontu bat da Kataluniak bere bidea daukala eta guk gurea eraikiko dugula. Baina gure iparretako bat ere bada sintoniatik sinkroniara igarotzea, elkartasunetik elkarlanera.
J. E. O.: Ikus dezagun zer bide berri asma ditzakegun. Lanean ari gara, elkarlan hori nola gauzatu ikusteko. Kanalak zabalik daude, eta datozen hilabeteek aukera emango digute beste plano batean mugitzeko.
Erabakitzeko eskubidea. Gure Esku. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu. Gure Eskuko bozeramaileak
«Erronkak kolektiboa behar du»
Erreferendumaren aldeko «herri ekimen bat» iragarri du Gure Eskuk; horretarako, beste eragile batzuekin hizketan hasi dira. «Harrera oso ona» izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu