Erronka: Eusko Legebiltzarra eta herritarrak konektatzea

Talde politikoek uste dute herritarrekiko «gertutasuna» dutela, baina «erronka» handia dela Eusko Legebiltzarraren parte hartze mekanismoak aldatzea.

Garrido, Ubera, Alvarez, Blasi eta Moreno gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garrido, Ubera, Alvarez, Blasi eta Moreno gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 16a
16:45
Entzun

«Plan gutxiago behar ditugu, eta dugun komunitatearekin exekuziora pasatu behar gara». Hala mintzatu da Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarraren eta herritarren arteko hartu-emanez. Izan ere, anitz dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek legebiltzarraz errateko dituztenak, eta bertze hainbertze alderdiek ideia horiez hausnartzekoak. Politikariek uste dute ezinbertzekoa dela erakundea eta herritarrak «konektatzea», eta, «erronka» handia dela badiote ere, sinetsita daude posible izan daitekeela.

EHUk antolatutako udako ikastaroetan egin dituzte hausnarketa horiek, gaur, Herritarrei irekitako legebiltzar batek legitimatzen al du erakundea? saioan. Bertan parte hartu dute Gorka Alvarezek (EAJ), Rebeka Uberak (EH Bildu), Pau Blasik (PSE-EE), Laura Garridok (PP) eta Sergitz Morenok (Sumar). Hausnarketak hausnarketa, aditu anitz, baina herritar gutxi egon da ikusleen artean, alderdiek eta legebiltzarrak berak duten erronkaren neurria erakutsiz. Halere, bortz ordezkariek sinesten dute alderdi horietako bakoitza herritarrei irekita dagoela, eta horiekin gertutasuna izateko ahalegina egiten dutela.

Alde horretatik, Morenok azpimarratu du bere egiten dituztela «gizarte zibilaren proposamenak», eta antolatu gabe dagoen gizartean jarri du arreta: «Nola egin dezakegu antolatu gabe dagoen gizarte zibilarengana iristeko? Hori da erronka». Uberak, berriz, herritarrei tokia egiteaz gain, horien kezkei «denboraz» erantzuten ahalegintzen direla erran du: «Legebiltzarrean parte hartzeko dituzten mekanismoak azaltzen saiatzen gara, eta gainerako taldeetara ere bideratzen ditugu». Master amaierako lana gai horri buruz egin du Uberak, eta bertan ikasitakoez baliatu da adibideak jartzeko, bertatik bertara ezagutzen baitu herritarren errealitatea: «Ditugun mekanismo apurrak ezezagunak dira herritarrentzat, legebiltzarra bera ezezaguna da. Adibidez, herritarren %94k erakunde hori gobernuarekin nahasten dute».

«Ditugun mekanismo apurrak ezezagunak dira herritarrentzat, legebiltzarra bera ezezaguna da. Adibidez, herritarren %94k erakunde hori gobernuarekin nahasten dute»REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea

Alderdien gertutasunari buruz zalantzarik ez dute; bai, ordea, legebiltzarrarenaz. Garridok, erraterako, onartu du aldaketak egon direla erakundea irekitzeko orduan. Hezkuntza arloari lotuta ikusi du aldaketa gehien, ikastetxeek bisitak egiten dituztelako bertara, eta ikasleek aukera dutelako bilkura berezietan parte hartzeko. Ordea, haren ustez, badago zer hobetu: «Uste dut ahalegin bat egin behar dela webgune erabilerraz bat egiteko». Arlo teknologikoarekin jarraituta, Blasik adierazi du Irekia plataforma aurrerapausoa izan zela, eta horren bidez lortu zela «gardentasuna ziurtatzea». «Ordea, parte hartzea eta elkarlana ere baziren tresna horren helburuak, eta horiek ez genituen lortu». Bide horretatik, Alvarezek onartu du badaudela Irekia bezalako tresnak, baina badela zer hobetu ere: «Zer-nolako jarraipena egiten diogu? Herritarrek ezagutzen dute? Erronka handia dugu aurretik».

Uberak, baina, gogora ekarri du bere lanean bildutako ideia bat: «Herritarrek diote [Legebiltzarraren] irekiera ezagutza turistikora bideratuta dagoela». Hau da, bisitak edo antzeko egitasmoak egiten dira, herritarrek parte hartu nahi dutenean: «Legebiltzarreko langileek edo legebiltzarkideek webgunean jartzen dute garrantzia, baina herritarrek parte hartzeari ematen diote. Legebiltzarra erraztailea izatea nahi dute». Alde horretatik, erakunde irekiaren eta herrikoiaren arteko ereduak desberdinak direla gogoratu du, eta bigarrena dela «agintearen hierarkia neutralizatzen» duena.

«Erronka»

Analisi hori entzunda, Morenok hausnarketarako galdera egin die gainerakoei: «Euskadik badu desafekzio politikoaren eta ondoezaren berri. Baina hori bideratzeko dugun kanal nagusiak konfiantza falta badakar, nola egin diezaiokegu aurre egoerari?». Blasik bertze galdera batekin erantzun dio: «Parte hartzeaz gabiltza, baina nor da gai, bene-benetan, hezkuntza eta etxebizitza arloko legeei ekarpen baliotsuak egiteko?».

«Euskadik badu desafekzio politikoaren eta ondoezaren berri. Baina hori bideratzeko dugun kanal nagusiak konfiantza falta badakar, nola egin diezaiokegu aurre egoerari?»

SERGITZ MORENOSumarreko legebiltzarkidea

Zein errealitateri aurre egin behar dioten ikusita, guztiek bat egin dute «erronka» handia dutela parez pare. Alde horretatik, Uberak uste du garrantzitsuena «mapa bat izatea» dela, «entzutea eta deliberazioa». Garridok, berriz, politikarien lanaren berri ematean jarri du arreta, sare sozialetan eta hedabideetan. Uste baitu sare sozialetan parlamentarismoaz transmititzen denak ere izan duela eraginik herritarren konfiantza faltan. Baikorrago agertu da Alvarez: «Legebiltzarrak badauzka tresnak irekia izateko, eta egiten den lanari daukan balioa eman behar da».

«Sistema parlamentarioa erreformatzea beharrezkoa da», erran du Blasik. Izan ere, «arrisku bat» ikusten du: «Askotan, desafekzioak eskuin muturra du ondorio; herrialde askotan ikusi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.