Erronka demografikoa eta energia berriztagarrien erabilera, hobetu beharreko arloak Eusko Jaurlaritzaren esanetan

Jaurlaritzaren arabera, energia berriztagarriei dagokie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako energia kontsumoaren %17; EBn, berriz, %22.

zupiria
Bingen Zupiria, gaurko agerraldian. IREKIA
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 6a
13:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien erabileran eta erronka demografikoan urratsak egiteko beharra nabarmendu du 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren inguruko azken balantzean. Izan ere, eginiko lanaren balorazio «oso positiboa» egin arren, garapen jasangarrirako helburuak lortzeko beharrezkotzat jo du bi alor horietan indar egitea.

Jaurlaritzaren esanetan, 2021ean ezarritako helburuen betetze maila handia da, eta hori programaren «baliagarritasunaren» erakusle da. Besteak beste, aurreikusitako 23 jarduera ildoetatik hamasei osoki garatu dituztela azaldu dute, eta beste zazpi ere fase aurreratu batean daudela. Gaineratu du hasieran aurreikusi ez ziren beste zenbait ildo ere jorratu dituztela azken urtean; besteak beste, Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan aritzea eta Garapen Jasangarriko Helburuen Euskal Aliantza garatzea. Halere, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak hiru lorpen nabarmendu ditu: gobernantza ereduan egindako urratsak, Nazio Batuen Erakundeko 2030 Lokalaren egoitza Bilbon ezartzea eta ebaluazio sistema garatzea.

Halere, hiru lan eremu identifikatu dituzte hobetzeko: energia berriztagarriak, erronka demografikoa eta dibulgazioa. Energia arloari dagokionez, Jaurlaritzak adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %35,5 murriztu dela berotegi efektuko gasen emisioa. Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik dago murrizketa hori, baina gobernuak uste du ez dela «energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko behar den erritmoan» garatu. Izan ere, energia mota horrek EBko energia kontsumoaren %22 esan nahi du; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %17. Hala, espero dute Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak zein Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak bidea egiten lagunduko dutela.

Erronka demografikoari dagokionez, berriz, «lehentasun handiko» aferatzat jo du lehendakaritzak, eta haren barruko arloetan lan egin beharra nabarmendu; besteak beste, emantzipazio eta gazte politikak. Azkenik, adierazi du «ezjakintasun handia» dagoela 2030 agendaren inguruan, eta funtsezkoa dela informazio hori gizarte osoari helaraztea, «inplikazio maila hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.