«Erronka da Parisen aitzinean herri gisa agertzea»

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Proiektu politikoa definitzeko beharra aipatu du EH Baik. Nikolas Blainek zehaztu du zuzendaritzako bi kidek izanen dutela programa politikoaren ardura.

Ikusi gehiago:«Masa borrokarako tresna da EH Bai»

Proiektu politikoa definitzeko beharra aipatu duzue.

Egin genuen lehen ariketa bat 2014an oinarri ideologikoak idazteko. Eskas dugu azken urteetako gogoeten sintesia eta eguneraketa bat. Lerro nagusietan ados gaude, ez gara hutsetik abiatzen; kongresuarekin parte bat egin dugu. Zuzendaritzako bi kidek izanen dute programa politikoaren ardura.

Indar metaketa da metodoa. Norekin?

Nahiko duten guziekin. Etxebizitza arloan edo erretreten erreformaren kontra ez da halabeharrez berdinekin izanen. Instituzio eskaera zabalagoa izanen da. Gure erronka da Parisen aitzinean herri gisa agertzea.

Euskararen egoera larria azpimarratu duzue.

Inkestek diote ez garela gehiago gibelatzen ari, baina ez dugu euskara salbatuko gaur egun ditugun proportzioekin. Inkesta Soziolinguistikoak diagnostikoa pausatu du; euskalgintzak definitu ditu lan ardatzak. Salto kualitatibo bat egin behar dugu.

Gatazkaren ondorioen konponketa auzi politikoaren barruan kokatu behar dela diozue.

Bake iraunkor bat eraikitzeko puntu guziak mahai gainean jarri behar dira; prozesu integral bat eraman behar dugu. Ondorioak konpondu behar dira, baina iturriei ere heldu beharko diegu.

Berehalako urgentzia bilakatu da trantsizio ekologiko eta energetikoa.

Klase apalenek pairatzen dute gehien, baina denak ukituak dira. Ipar Euskal Herrian kontsumitzen dugun energiaren %2 baizik ez da hemen ekoitzia. Burujabetza gehiago behar dugu.

Plan feminista egingo duzue.

Lan handia dugu egiteko. Gure izaera feminista egituratu behar dugu barne mailan. Gure eskaintza politikoan, gure hautetsien praktiketan, gure mobilizazioetan feminismoa txertatu behar dugu. Besteek baino hobeki egiteak ezin gaitu ase. Aitzindari izan behar gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.