Urtarrilean bete ziren 50 urte Bizkaian Medicus Mundi elkartea martxan ipini zutenetik. Bihar ospatuko dute, Bizkaiko Medikuen Elkargoan egingo duten ekitaldi batekin. «Azkenaldian atzera egin dugun arren, mundu hobe bat posible dela uste dugulako egiten dugu lan», aldarrikatu du Itziar Irazabal elkartearen presidenteak (Iurreta, Bizkaia, 1966).
Zelako osasunarekin bete ditu urteak zuen erakundeak?
Osasuntsu dago. Boluntarioekin hasi zen, eta, gaur egun, Bilboko bulegoan bost pertsona daude lanean. Horrek esan gura du zerbait ondo egiten ari garela. Egia da sektorea ez dagoela ondo. Murrizketak direla eta ez direla, lankidetzarako diru laguntzak asko gutxitu dira. Baina esan behar da Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak ez dituztela murrizketak egin estatuan egin diren neurrian. Estatuan, lankidetza desegin egin da. Hemen, diru gutxiagorekin, baina mantentzen da.
Zerk bultzatu zuen Medicus Mundiren sorrera Bizkaian?
Afrika garai hartan deskolonizazio prozesu handi batean zegoen. Ruandan, adibidez, osasun arloko egitura han geratu zen, baina mediku guztiek alde egin zuten; kolonoak ziren. 1963an sortu zen mundu mailako Medicus Mundi, Akisgranen [Alemania]. Haren lehen betebeharra izan zen herrialde horietara medikuak, erizainak eta osasun arloko pertsonala bidaltzea, alde egin zutenek utzitako hutsunea betetzeko. Egia da Bizkaian 1966an sortu zela; Andres Aia Goñi medikua izan zen bultzatzailea. Talde handi bat zegoen, baina hark ekarri zuen ideia Kataluniatik Bizkaira. Bilboko Elizbarrutiko misiolariekin lan egiten hasi ziren, Ruandan eta Ekuadorren. Garai hartako lana asistentzia zen: medikuak eta sendagaiak bidaltzea, ospitaleak eta mediku kontsultak eraikitzea. Lehenengotik herrialde horietako jendearen formakuntzaz ere arduratu ziren. Hori bai, hori izan da Medicus Mundik beti izan duen filosofia: herrialde bakoitzak bere garapenaren jabe izan behar du. Horregatik uste dugu tokian tokikoak prestatu behar direla, eta haiekin egin behar dela lan.
Orain non dituzue proiektuak?
Diruaren erdia Afrikan gastatu behar dugu, horrela dugulako ezarria. Ruandan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan ditugu proiektuak, Afrikan; eta Erdialdeko Amerikan, Hondurasen eta Guatemalan. Ruandan 1967tikdaramagu. Proiektuak aldatu dira, lan egiteko modua aldatu da, baina hantxe jarraitzen dugu. Guretzat lorpen handiena izan da herrialde horietako batean ere ez daukagula hemengo jenderik lanean. Hango jendea da gurekin lanean dabilena. Afrikan hori lortzea oso zaila izan da.
Aldaketa hori bultzatzeaz gain, zein izan da Bizkaiko Medicus Mundiren lorpenik handiena?
Mundua erreferentziatzat hartuta, Medicus Mundi oso txikia da, eta guk egiten dugun lana ia ikusezina da. Baina lortu dugu hainbat pertsonaren osasuna eta bizitza hobetzea. Eta ni horrekin geratzen naiz. Iaz Hondurasen egon nintzen, gure proiektu bat ezagutzera joanda. Ur horniduraren sarea inauguratzen ari ziren. 30.000 pertsona bizi ziren. Durangoren pareko herri bat zen. Etxe guztietan ura zuten txorrotan, eta letrina bat, gure proiektuari esker. Hori sekulako lorpena zen.
Osasun arazoak saihesteko ezinbestekoa da ura, ezta?
Guk ez dugu uste osasuna denik soilik gaixotasunik ez egotea. Azkenean, osasuna ur edangarria ere bada, ur zikinen sarea edukitzea, bizi baldintza hobeak edukitzea. Jendeak uste du Afrikan umeak malariak edo ez dakit zein gaixotasun larrik jota hiltzen direla. Ez: umeak Afrikan beherakoak jota hiltzen dira, ez daukatelako ur edangarririk etxean. Zorte apur batekin, etxean txorrota izango dute, baina irekitzean ateratzen den ura seguruenik ez da edangarria izango. Guk orain askoz lan gehiago egiten dugu prebentzio lanetan; ez dugu bidaltzen medikurik. Hondurasen edo Ruandan gaur egun badituzte medikuak. Osasunari lotutako beste beharrizan batzuk betetzen saiatzen gara. Gure sektore biak dira ur hornidura eta ur zikinen sarea batetik, eta sexu eta ugalketa eskubideak bestetik; eta, horrekin lotuta, genero indarkeria.
Lortzen duzue proiektuak garatzeko behar duzuen beste diru?
Inon ez da betetzen legea. Inork ez du jartzen aurrekontuen %0,7 lankidetzarako. Baina Jaurlaritza uhartetxo bat da estatuan. Guk beti eskatuko dugu gehiago, eta egia da krisia hasi zenean estatuan gauza nazkagarriak egin direla. Adibidez, pobreak pobreen kontra jarri: «Hemen ere pobreak daude, eta hemengoak lehenengo». Guk hori gogor salatu genuen. Ez dut uste gure autonomia erkidegoan hainbeste gertatu denik. Estatuan, lankidetzarako diru laguntzak 1980ko hamarkadako neurrian daude; Errumaniaren pare dago Europako Batasunaren barruan.
Zer lortu gura duzue hurrengo?
Medicus Mundi sortu zenean, inork ez zuen lankidetzaz hitz egiten. Nire herrian bazegoen kooperante bat. Bitxikeria bat zen: guretzat misiolari laikoa zen, moja ez den moja. Bizkaiko gizartea proiektu horren inguruan mugitzea lortu zuten. Orduan ez zeuden orain bezalako diru laguntzak. Haiek lortu zuten jendea mobilizatzea, Ekuadorren ospitale bi egitea, Ruandan beste bat. Gure erronketako bat izan behar da gizarteak berriz ilusioa izatea horrelako proiektuekin.
Euskal Herrian ere, osasun sistema ez dago onenean.
Guk osasun publikoa doan eta mundu guztiarentzat aldarrikatuko dugu, Bilbon, Euskal Herrian, Ruandan eta Singapurren. Une honetan, unibertsitateko jendearekin ikerketa bat egiten ari gara. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dira egin Madrilen, Bartzelonan edo Valentzian egon diren murrizketak. Hemen ez da ospitalerik zarratu. Baina egon dira murrizketak. Ikerketa horren inguruan osasunaren aldeko foro bat sortu zen, hemen ere adi egon behar dugu-eta, hemen ere ezin dugu-eta onartu osasun sistema publikoak atzera egitea.
Etorkinei osasun publikorako sarbidea mugatzeko neurriak hartu dira.
Kanpotik datorren jendeak, oro har, ez du medikurik behar. Datozen etorkinak gazteak dira, gehienak osasuntsuak. Ni osasun zentrora joaten naizenean ikusten ditudan gehienak 60 urtetik gorakoak eta bertokoak izaten dira. Baina azkenean interesatzen da beldurrak sartzea jendeari. Afrikatik datozenak ondo prestatuta dauden, osasuntsuak dira. Argi esan behar da: osasun sistemaren arazoa ez dira etorkinak.
Itziar Irazabal. Bizkaiko Medicus Mundiko presidentea
«Erronka da gizarteak halako proiektuekin berriz ilusioa izatea»
Deskolonizazioak eragindako osasun zerbitzuen gabezia betetzeko sortu zen Medicus Mundi elkartea. Irazabalek nabarmendu du profesionalak bidaltzen zituztela lehen baina tokian tokiko langileak aritzen direla orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu