Erronka berrietarako, lankidetza

Jakinek eta UEUk antolatutako jardunaldietan erakunde publikoen eta herri mugimenduen arteko harremanaz hausnartu dute Julen Mendozak, Andere Ormazabalek eta Naiara Goiak

Arantzazu Lab-eko Naiara Goia, Parte Hartuz-eko Andere Ormazabal eta Julen Mendoza aholkularia, atzo, Usurbilgo Artzabal egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Usurbil
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Lapur banden etika ala politika liburuan, honela dio Joseba Sarrionandia idazle eta pentsalariak: «[Miguel Sanchez Ortizek idatzitako testu baten] Pasarte horretan ez da biolentzia ekintzarik aipatzen, bestearen ideiez zabaldutako ezin ikusia baizik. Eta horretan da gure bandoen arteko gatazkaren analogia benetakoa. Odolean bagenerala bezala, harreman tolesgabeetarako ezintasuna, besteen iritziak erasotzat hartzen ditugula. Politika baino askoz sakonagoa da hori, eta usteltzen du politika. Psikologia mota biktimista bat da; behar bada, auzokoaren oker, ilusio, ezin ikusi, gaizki ulertu, isiltasun, kontraesan guztiak bihurtzen dizkiguna aurreiritzi. Eguneroko bizimoduaren miseria da, politika bihurtua. Hau da, politika eguneroko miseria bihurtu da».

Euskal herritarren «izaera bandokidea» azaltzen duen pasarte hori irakurri zuen Errenteriako (Gipuzkoa) alkate izandako Julen Mendoza aholkulariak, atzo, Usurbilgo (Gipuzkoa) Artzabal egoitzan. Hori izan zuten abiapuntu erakunde publikoen eta herri mugimenduen arteko harremanez hausnartzeko Mendozak berak, Andere Ormazabalek —Politika Zientzietan doktorea da, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea— eta Naiara Goiak, ArantzazuLab-eko zuzendari nagusiak. Jakinek, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Usurbilgo Udalak antolatutako Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak jardunaldien barruan egin dute Herri mugimenduen eta instituzioen harremanaz izeneko mahai ingurua.

Mendozaren arabera, erakundeen eta herri mugimenduen arteko harremana Sarrionandiak azaldutako «izaera bandokideak» ezaugarritu izan du, baina beste elementu bat ere nabarmendu nahi izan du: «Ez da sekretua esatea gure herrigintza eta politikagintza egitura oso maskulinizatuak direla». Esan du indarra goraipatzen dela, eta zaurgarritasunari eta zalantzari ez zaiola «tokirik uzten».

Horregatik, herri mugimenduen eta erakundeen arteko harremana eraikitzeko, «zalantzari leiho bat» zabaldu beharko litzaiokeela uste du Mendozak: «Bizi ditugun garai aldakor hauetan, guk egiekin funtzionatzen dugu. Segur aski, ditugun erantzunek ez digute balio etengabe aldatzen ari den gizarte baterako. Geure buru egiturek ez digute uzten egungo markoetan erantzun berriak topatzen».

Galdera berriei erantzun berriak emateko, Mendozak prozesu berriak proposatu ditu. Nabarmendu du prozesu horietan «zaurgarritasunak eta emozioek» presente egon behar dutela: «Prozesu bat horrelako toki batera iristen denean, haren eragiteko gaitasuna handitu egiten da. Agian ez da prozesua deseroso egiten gaituena; agian geure marko mentala deseraikitzea da».

Izan ere, nabarmendu du erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko lankidetza zailtzen duten elementuetako bat marko mentalak direla; bakoitzak bereak ditu, bakoitzak du bere egia. Hala ere, Friedrich Nietzsche filosofoa aipatu du hori azaltzeko: «Ez dago egia bat gutaz aparte. Guk ez dakigu errealitatea nolakoa den: guk errealitatea gure gorputzetik ikusten dugu». Gogorarazi du bakoitzak errealitatearen bere interpretazioak izateak aldendu egiten dituela elkarrengandik: «Guk eragile desberdinak jarriko ditugunean erronka bati erantzuten, harreman batzuk sortzen dira. Nork bere erara interpretatuko du errealitatea.

Esan du egia «interpretazio boteretsua» baino ez dela, eta galdera batekin amaitu du bere zatia: «Errealitatearen interpretazio batek lankidetza oztopatzen badu, egia da?».

Lankidetzazko gobernantza

Goiak hartu du hitza gero, eta gizarte mugimenduen eta erakunde publikoen arteko lankidetzan oinarritutako gobernantza aldarrikatu du: «Lankidetzazko gobernantza da demokraziaren krisiari aurre egiteko irtenbidea». Izenburua esanda, aletu egin du bere hitzaldian. Testuinguruarekin hasi da: «XXI. mendea inoiz ikusi gabeko erronken garaia dugu, eta nekez aurre egingo diegu erronka horiei epe laburreko esku hartze sektorialen bidez».

Teknologiaren garapenak eta demokrazia liberalaren krisiak ezaugarritzen du oraina, haren ustez; aldaketa horien «azkartasuna» nabarmendu du. Gero, erakundeen eta eragileen arteko harremana baldintzatzen duten bi fenomeno aipatu ditu: «Batetik, izugarrizko desoreka dago administrazio publikoek eskaintzen dutenaren eta gizarteak espero duenaren artean. Bestetik, gobernuek onartu dute beren egiturazko gaitasuna eta ezagutza ez direla nahikoa egungo erronken tamainari aurre egiteko».

Horregatik, lankidetzazko gobernantza eraikitzeko zenbait irizpide proposatu ditu Goiak. Hau da bat: «Gobernuek borondatea erakutsi behar dute agenda politikoa diseinatzean eta horri dagozkion etorkizuneko erronken inguruan lankidetzan aritzeko». Eragileek eta erakundeek erabakiak batera hartzeko «prest» egon behar dutela gaineratu du.

Horregatik, nabarmendu du paradigma berriak «arrisku handiagoak» hartzea ekarriko duela, «erantzukidetasunez».

Parte hartzea, periferian

Hitza hartzen azkena Ormazabal izan da, eta gobernantza kontzeptua zalantzan jarriz ekin dio hitzaldiari: «Gobernantza terminoa oso boladan jarri da, eta adjektibo asko jartzen dizkiote. Ezkerreko eta eskuineko alderdiek erabiltzen dute, etazailtasuna dauka olatu neoliberala ezbaian jartzeko». Azaldu du gaur egun zailtasun handiak daudela etxebizitza politikaz, ogasunaz, zerbitzu publikoen kudeaketaz eta beste hainbat alorrez lankidetzan eztabaidatzeko, eta parte hartzeko prozesuak periferikoak direla administrazioan.

Adibide bat eman du: «Eusko Jaurlaritzak proiektu komunitarioei buruzko irakasgai bat abiarazi du Bigarren Hezkuntzan. Administrazioak ahaleginak egiten ditu kultura hori txikitatik lantzeko, baina kultura hori sustatzen, lantzen eta elikatzen dutenak elkarteak eta mugimenduak dira. Haiei, aldarri askotan, bizkarra ematen diete. Administrazio publikoak komunitatea eraiki dezake, baina deseraiki egiten du».

Ormazabalek ordura arte aipatu gabeko beste protagonista bat eraman zuen oholtzara, mahai ingurua biribiltzeko: merkatua. «Uste dugu azken urte hauetan badagoela gobernantza estatuaren eta merkatuaren artean. Enpresak ordezkatzen dituztenek sarbide pribilegiatuak dituzte gaur egun administrazioan. Elkarlan hori oso estua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.