Erronka berrietarako batzarra

Sareko kideak gaur zortzi bilduko dira EHUren Donostiako campusean. Presoen egoera konpontzeko neurri zehatzak aztertuko dituzte

edurne begiristain
Gasteiz
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sarek batzar orokorra egingo du datorren larunbat goizean, Donostian, EHUren Ignacio Maria Barriola aretoan. Azken hiru urteotako ibilbidearen gaineko gogoeta egingo dute, eta aurrera begirako erronkak zehaztuko dituzte. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa plataformako eledunek azaldu dutenez, egoera politiko berezian egingo dute biltzarra: Xabier Rey euskal presoaren heriotzarekin espetxe politikak bere «aurpegirik krudelena» agerian utzi duenean, eta ETAk desegiteko erabakia hartzear duenean. Topaketa baliatu nahi dute presoen egoerari irtenbide zehatzak proposatzeko, eta erakunde armatuaren desegitearen ostean zabalduko den aro politiko berrian egingo dituen urratsak finkatzeko.

Batzarrera gonbidatu dituzte hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte zibileko eragile, bai eta euskal gizartean esangura duten pertsonak ere. Sareko eledunek jakinarazi dutenez, aurtengo batzarrak mugarria izan nahi du «indar metaketaren» bitartez presoek jasaten duten «salbuespenezko espetxe politikari» amaiera emateko. «Gero eta sare pluralagoa eta handiagoa ari gara josten, eta aurten indar metaketaren urtea izan behar du presoen eskubide urraketak amaitzeko».

Xabier Reyren heriotza

Xabier Rey euskal preso iruindarraren heriotza espetxe politikaren «muturreko ondorioen» adibide dela gogoratu dute. Martxoaren 7an hilik agertu zen bere ziegan, Puerto IIIko (Cadiz, Espainia) segurtasun handiko espetxeko ziegan. Azkarragak ohartarazi du espetxe administrazioak «erantzukizun morala eta penala» duela heriotza horretan, presoak «suntsitzea» bilatzen duen politika bat bultzatzen duelako.

Reyk lehen graduan pasatu zituen espetxean eman zituen hamar urteak, beste euskal preso askoren modura. Gogoratu dute lehen graduan dauzkatela EPPK-ko kideen %94, eta zigorra betetzen hasi eta askatasuna lortu arte ez dutela gradu aldaketarik izaten. «Lehen gradua mantentzeak ahalbidetzen ditu urruntze politika eta bakartzea». Presoak lehen graduan mantentzeaz gain, haiek urruntzea eta bakartzea izatea «zigor gehigarria» da, Sareko eledunen iritziz. Gaur egun 33 euskal preso daude bakartuta Espainiako espetxeetan.

Espainiako Estatuak euskal presoen aurkako «sufrimendua» betikotzeko asmoa duela salatu dute Azkarragak eta Atxak. Nabarmendu dute, halaber, ETAk emandako aurrerapauso bakoitzeko estatuak «are eta gogorrago» erantzuten duela, eta, sarri askotan, legedia bera urratzen duela —besteak beste, gogoratu dute euskal presoei damua exijitzea ez dagoela legean jasota—. Hala, bere legea zein nazioartekoa «behingoz betetzeko» exijitu diote Madrili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.