Izurriak agerian utzi ditu egungo gizarteak parez pare dituen egoera berriak eta erronkak, adibidez digitalizazioarekin, klima krisiarekin edota gizarte aniztasunarekin lotuta. Aldaketa azkarren eta galdera marken abagune horretan euskararen erabilera bermatu eta sustatu nahian, Badalab laborategia sortu berri dute erakundeek eta euskalgintzak elkarlanean. Euskal hiztunentzat esanguratsuak izan daitezken espazioak identifikatu edo sortu nahian, etorkizunari «ausardiaz» begiratu nahi diote parte hartzaileek. Galdera berriak eraginez eta elkarlanean erantzun berriak bilatuz.
Proiektua uztailean aurkeztu zuten, Donostian. «Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian, esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko» helburua du. Laborategiak Errenteriako (Gipuzkoa) Torrekua eraikinean izango du behin-behineko egoitza, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz gogoetaren barruan sortutako «proiektu estrategikoetako» bat da. Badalaben sinetsita daude euskara «gizarte inklusibo, bizigarri eta erresilienteago bat eraikitzeko tresna» dela, eta horretarako beharrezkoak direla «berrikuntza eta esperimentazioa».
Laborategiaren helburuen eta diseinuaren gogoeta 2018an abiatu zuten Gipuzkoako Aldundiak, Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrak. Lan askoren ondoren, aurten garatu da proiektua, eta, aurkezpen egunean azaldu bezala, Laborategiak hiru emaitza bilatuko ditu: batetik, euskara indartuko duen «ekosistema eraberritu eta aberatsagoa» lortzea, «etengabe» sortzen diren egoera eta espazio berrietan euskara presente egon eta erabili dadin; bestetik, «gizarte proposamen ausartak gauzatzea, bide berriak irekiko dituzten proiektu berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen»; eta, azkenik, «euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, testuinguru plural eta digitaletan».
Proiektuaren sorrera azaltzeko asmoz, parte hartuko duten hiru eragilerekin mintzatu da BERRIA: Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria, Olatz Emuneko zuzendaria eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. Klusterra eta Emun hasieran murgildu ziren egitasmoan; Kontseilua geroago sartu zen, baina sinetsita dago bere ekarpena «lagungarri» izango zaiola Badalabi.
Esperimentatzeko espazioa
Olatz Olasoren aburuz, bi urte eta erdiko prozesu baten emaitza da Badalab. «Denbora honetan, laborategia izango dena irudikatzen jardun dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean». Argi dauka Badalab ez datorrela orain arteko ezer ordezkatzera. Haren hitzetan, hizkuntzen biziberritzeak berrikuntzaren eta esperimentazioaren premia du, eta Badalabek «esperimentatzeko espazio seguru bat eskaini nahi dio euskara biziberritzeko erronka duen orori».
Horretarako, bi arrazoi nagusi ikusten ditu: batetik, urteetan esperimentatutako praktikak indartu nahi dituztela, «esaterako, lan munduaren euskalduntzea»; eta bestetik, erronka berriak sortzen ari direlako euskararen biziberritzearen inguruan. «Erronka batzuen inguruan salto kualitatiboak emateko garaia iritsi da; esperimentazioa beharrezkoa izango dugu, eta gune hori sortzeko gure ekarpena egin nahi izan dugu Emunen», adierazi du bertako zuzendariak.
Soziolinguistika Klusterra ere 2018an hasi zen proiektu horren lehen pausoetan parte hartzen. Imanol Larreak hitz onez gogoratu du orain arteko bidea. «Ordu asko eta eztabaida osasungarri askoren ostean topatu genuen bidea». Klusterreko zuzendariaren hitzetan, «zerbait berria» behar zela pentsatzen zuten, «baina ez orain arte egin dena beste leku batean egiteko, baizik eta orain arte egin ezin ziren gauza horiek egiteko». Euskara egoera eta espazio berrietara eramateko asmoz, gaur egun asko lantzen ari diren «ideiak eta egiteko moduak» laborategira ekarri nahi dituzte, «gure hizkuntzarentzat berriak direnak».
Eskarmentuaren ekarpena
Larreak azaldu duenez, Klusterraren ekarpena ikerketetan oinarrituko da, «esperimentazioaren oinarrian dagoen osagai bat baita ikerketa». Aurrez eginak dituzten azterlan horiek Badalaben esku jarriko dituzte, eta berariaz egin beharko diren horietan ere parte hartuko dute. «Hamabost urte daramatzagu ikerketaren munduan lanean, eta Badalabentzat gure esperientzia aberasgarria izango da», gaineratu du zuzendariak.
Kontseilua, berriz, ez da hasieratik proiektuan egon. Hala ere, Bilbaoren arabera, proiektu hori «bete-betean» lotzen zaio Kontseiluak elkarlanean lan egiteko abian jarri duen Batuz aldatu jardunbide berriari. Euskalgintzako eragileen bilgune nagusia izanik, bazkideen «eskarmentua eta gogoa» laborategiaren esku jarriko dituztela azpimarratu du idazkari nagusiak. Izan ere, hainbat sektoretan diharduten eragileak daude Kontseiluan: hezkuntzan, enpresetan, hedabideetan, kulturan, zientzian, helduen euskalduntzean... «Badalabek lantzea aurreikusten duen eremuetan ekarpenak egiteko kapitala eskainiko dugu».
Erronka berri bat euskaraz
Euskararen erabilera bermatzea eta sustatzea xede duen Badalab laborategia sortu dute euskalgintzak eta erakundeek. Egitasmoan dauden hiru eragileek proiekturen xehetasunak azaldu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu