Erroldatzeko eskubidearen aldeko mobilizazio batera deitu dute ekainaren 5erako Gasteizen

Gasteizko Udalari exijituko diote bertan behera utz dezala erroldatzea etxebizitzen jabeen esku uzten duen erabakia, eta pertsona orori berma diezaiola errolda izateko eskubidea.

Erroldarik gabe, izaterik ez! plataformako kideak Gasteizko Udaletxearen parean. BERRIA
'Erroldarik gabe, izaterik ez' plataformako kideak, Gasteizko udaletxearen parean. BERRIA
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko apirilaren 16a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Erroldarik gabe, izaterik ez plataformak mobilizazio batera deitu du ekainaren 5erako Gasteizen, udalak hainbat herritarri erroldatzeko eskubidea ukatzen diela salatzeko eta eskubide hori «baldintzarik gabe» berma dezala eskatzeko. Udalak eskubiderik gabe uzten gaitu. Errolda eta eskubideak denontzat lelopean deitu dute protestara. Plataformak ohar batean jakinarazi duenez, mobilizazioarekin zera exijituko diote udalari: «Erroldatzeko borondatea jabeen esku uzten duen erabaki politikoa bertan behera uztea eta erroldatzeko eskubidea inolako baldintzarik gabe aitortzea».

2023an, Erroldarik gabe, izaterik ez kanpaina abiarazi zuten Gasteizko hainbat kolektibok, udalak errolda lortzeko oztopoak jartzen dituela salatzeko. Errolda eskubide eta betebehar bat da, eta udalerri batean bizi diren guztiei oinarrizko baliabide batzuetarako bidea ematen die, baina kolektibo horiek jakinarazi zuten udala trabak jartzen ari zaiela ehunka pertsonari erroldatzeko, eta, ondorioz, babes sozialerako bidea, osasun sistemarako bidea eta lan eskubidea ukatzen dizkiela.

Errolda, «merkantzia»

Pertsona ororen betebeharra da bizi den udalerrian erroldatuta egotea, eta Hego Euskal Herrian, legediak jasotzen du «infraetxeetan» bizi direnek eta etxebizitzarik ez dutenek ere erroldan egoteko eskubidea dutela. «Ondorioz, txabolak, karabanak, kobazuloak edo kalea bera erroldatzeko helbide gisa ager daitezke edo agertu behar dute», gogoratu du plataformak. Haatik, salatu du Gasteizko Udalak hainbat baldintza eskatzen dituela erroldarako eskubidea izateko, hala nola etxebizitza baten jabe izatea, alokairu kontratua izatea eta jabeak erroldatzeko berariazko baimena eman behar izatea; hala, adierazi du jabeen esku uzten duela erroldatzeko eskubidea. «Pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politikoa da», salatu du.

Gasteizko Udalaren politikaren ondorioz errolda «merkantzia» bilakatu dela uste du plataformak, herritar asko baitaude kontraturik gabeko alokairuan, etxe okupatuetan edo kale gorrian bizitzen, eta etxeen jabeek erroldak saldu egiten dituztelako, horretaz baliatuta. «Zapalduta eta esplotatuta daudenek jasaten dute zuzenean bidegabekeria hori», ohartarazi du.

Horrez gain, azpimarratu du udalaren jarrera bereziki kaltegarria dela Atzerritarren Legearen ondorioz administrazio egoera irregularrean daudenentzat edo lan baimenik dutenentzat; izan ere, errolda izatea «existitzeko» bermea da herritar askorentzat, administrazioek erroldatuta egotea eskatzen dietelako erregularizazio prozesu bat hasi ahal izateko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.