Gasteizko Udalak «etxebizitzen jabeen esku» utzi du erroldatzeko eskubidea, Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu duenez. Ilargi Bengoetxea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1993) taldeko kideak azaldu du «ehunka pertsona» daudela Arabako hiriburuan erroldatu ezinik, «udalak oztopatu egiten duelako prozesua». Eta gogoratu du erroldaturik egotea «ezinbestekoa» dela pertsona horiek «oinarrizko eskubide batzuk eskura ditzaten».
Legeari erreparatzen dio Gasteizko zenbait taldek modu bateratuan plazaratu duten salaketak. «Espainiako Estatuaren araua» da norbera bizi den udalerrian erroldatzeko eskubidea izatea, Bengoetxeak defendatu duenez. «Erroldatzeko, ez da zertan eduki etxe bat jabetzan edota alokairu kontratu bat», esplikatu du. Helbide bat finkatzearekin nahikoa dela azaldu du, «baina Gasteizko Udalak ez du legea horrela aplikatzen, eta etxe baten jabe izatea edo etxe baten alokairu kontratua izatea eskatzen du». Horren ondorioz, etxebizitzen jabeen esku geratu da herritarrak erroldatu ahal izatea, «eta erroldatzea merkantzia bihurtu da».
Legea errespetatzeko deia
Alokairuagatik jasotako diruaz gainera, badira erroldatzeko baimenagatik ere dirua eskatzen duten jabeak. Azken hilabeteetan, legez kontrako negozio hori ustiatu duten kasu batzuk azaleratu dira, eta alarmak piztu dira. Hori dela eta, Erroldarik gabe izaterik ez lelopean, agerraldia egin dute berriki zenbait taldek. Horien eskaera nagusia helarazi du Bengoetxeak: «Udalak baliorik gabe utz ditzala erroldatzeko eskatzen dituen baldintzak eta, horrekin batera, etxebizitzen jabeen esku geratu den eskubide hori». Esplikatu du erroldaturik egon gabe ezin direla eskatu laguntza asistentzialak. «Bozkatzeko eskubiderik ere ez dago, adibidez».
Auzoan Bizi sareko kideak erantsi du «pobreziak eta lan esplotazioak jotakoei» eragiten ari zaiela gehien erroldatzeko gaur egungo ezintasuna. Lan baimenik gabe eta egoera irregularrean daudenek «zailtasun izugarriak dituzte» etxebizitza bat alokatzeko indarrean dagoen «sistema arrazistan», eta Gasteizko Udala erroldatik kanpo uzten ari da pertsona horiek; «ezin dira atera gurpil ero horretatik».
Horregatik, «erroldatzeko eskubidea legeak jaso bezala aplikatzeko» eskatu dio Bengoetxeak Gasteizko Udalari, bestelako oztoporik gabe; «haren esku baitago erroldatzeari lotuta sortu den legez kanpoko jarduera hori bukatzea».
Erroldatzea «merkantzia» bihurtu duela esan diote Gasteizko Udalari
Salatu dute «etxe bat edo alokairu kontratu bat izatea» ezin dela baldintza izan legez erroldatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu