Erroldaren «gurpil eroan» kateatuta

Ehunka lagun daude Gasteizen erroldatu ezinik, udalak «traba burokratikoekin» oztopatu egiten duelako prozesua. Errolda etxeko jabeen «merkantzia» bilakatu direla kontatu diote BERRIAri arazoa beren larruan sufritu duten hiru pertsonak.

Auzoan Bizi etxebizitza sareko hainbat kide, Gasteizen. AUZOAN BIZI.
Auzoan Bizi etxebizitza sareko hainbat kide, Gasteizen. AUZOAN BIZI.
edurne begiristain
2024ko ekainaren 18a
05:10
Entzun

Pobreziak jotakoei eragiten ari zaie gehien erroldatzeko ezintasuna, eta, oro har, lan baimenik gabe eta egoera irregularrean daudenek zailtasun handiagoak dituzte etxebizitza bat alokatzeko. Gasteizko Udala, esaterako, maiz erroldatik kanpo ari da uzten pertsona horiek. BERRIA egoera hori bizi duten edo bizi izan duten hiru lagunekin egon da: Khalid, Noura eta Sustrai —asmatutako izenak dira, elkarrizketatuek hala eskatuta—. Auzoan Bizi etxebizitza sareko kideak dira hirurak.

 

Khalid: «Linbo juridiko batean bizi naiz»

Marokotik iritsi zen Gasteizera Khalid (36 urte), duela bi urte. Beste hainbat migranteren antzera, bizitza berri baten bila etorri zen Euskal Herrira. Baina inoiz imajinatuko ez zuen traba handi batekin topo egin zuen: udal errolda. «Ez nuen uste hau dena bizi behar izango nuenik», aitortu du, etsirik. Izan ere, errolda eskuratzeko «traba burokratikoak bata bestearen atzetik» jartzen ari zaio Gasteizko Udala, eta «gurpil ero» batean kateatuta bizi da. «Linbo juridiko batean», erantsi du.

Gasteizera ailegatu eta berehala aurkitu zuen lehen traba: inork ez zion alokairu kontraturik egin nahi, eta ezinezko egin zitzaion errolda papera eskuratzea. Lan baimenik gabe eta egoera irregularrean egonik, bizi ez zen etxe baten jabeari erroldarengatik ordaindu beste aukerarik ez zuen topatu. Hala, 400 euroren truke sei hilabeteko errolda eskuratu zuen. Denbora horretan guztian, beste etxe bateko alokairua pagatzen egon zen, hura ere kontraturik gabe.

Urte erdi igaro eta ikusirik ezin zuela alokairu kontratu bat lortu, hiru hilabete eman zituen udal aterpe batean bizitzen, harik eta alokatutako logela batera joan zen arte. Udal laguntzak eskatzera jo zuen orduan, baina ukatu egin zizkioten, logela hori ez zelako izan bere ohiko bizilekua hiru hilabetez jarraian. «Lagundu, gutxi laguntzen didate, baina kontaezinak dira jartzen dizkidaten oztopoak. Gizarte langileek beti esaten didate dokumenturen bat falta dudala», kexu da.

Eta hala izan da azken hilabeteetan ere. CMAS gizarte harrerako udal zentroan denbora tarte bat igaro ondotik, kale gorrian geratu zen, eta orduan ere horma bera jo zuen: ukatu egin zioten errolda soziala, ez zuelako nola egiaztatu hiru hilabete zeramatzala hirian bizitzen, legeak zehazten duen eran. Hori hala, errolda soziala eskuratzeko prozesu guztia hasieratik abiatu behar izan zuen, «atzera ere».

«Lagundu, gutxi laguntzen didate, baina kontaezinak dira jartzen dizkidaten oztopoak. Udal langileek beti esaten didate dokumenturen bat falta dudala».

KHALID

Gasteizen errolda lortzea irteerarik gabeko kale bat da Khalidentzat. Eta kezkaz bizi du egoera: «Ez nuen hau dena espero. Oso gaizki pasatzen ari naiz». Udal erroldarik gabe denbora batez egoteari beldur diola aitortu du, bereziki errotze prozesuan eragina izan dezakeelako, eta formakuntzarako edota erregularizazio prozesurako traba bilaka daitekeelako.

Gaur egun Caritas elkartearentzat egiten du lan, eta kalean lo egiten du oraindik ere, lantegi abandonatu batean. Hala ere, Auzoan Bizi taldeko kide baten etxean erroldatuta dago, oinarrizko eskubide batzuk eskuratzeko modua izateko. Gizarte zerbitzuei, baina, ez die horren berri eman, lana galtzeko beldur delako.

Auzoan Bizi Sarea
Udal erroldarekin arazoak dituzten hainbat lagun batzen dira astero Auzoan Bizi etxebizitza sarearen batzarrean. AUZOAN BIZI.

 

Noura: «Nire amak ez du lanik, eta ez dugu osasun txartelik»

15 urte ditu Nourak, eta amarekin eta nebarekin batera etorri zen Gasteizera iazko martxoan, Marokotik; artean ez dute erroldatzea lortu. Are, Arabako hiriburura bizitzera etorri zirenetik labirinto burokratiko eta juridiko batetik irten ezinik daude.

Lehen urte eta erdian lagun baten etxean bizitzen izan ziren, kontraturik eta erroldarik gabe, eta bizitokiz aldatu zirenean hasi zen arazoen mataza gehiago korapilatzen. Pisua Alokabiderena zen, baina jabeak legez kanpo alokatu zion Nouraren amari, kontraturik egin gabe eta erroldatzeko eskubidea ukatuta.

Gizarte zerbitzuek irregulartasun horren berri izan zutenean, «linbo juridiko» batean murgildu ziren gaztea eta haren familia. Izan ere, etxe horretan bizi zirela egiaztatzeko kontraturik ez zuten, baina udalak ez zien beste alternatibarik eskaini: «Ez ginenez kalean bizi, ez ziguten errolda soziala egin nahi, eta, etxebizitza Alokabiderena zenez, ez zuten hor eskua sartu nahi». 

Gainera, etxebizitzaren jabearekin liskar franko izan dituztela kontatu du Nourak: «Aldez aurretik lau hilabeteko fidantza ordaintzeko exijitu zigun, baina nire amak esan zion kontraturik gabe ezetz, ez zuela diru hori ordainduko. Etxetik botako gintuela mehatxu egin zigun, eta Poliziari deitu zion, han baimenik gabe bizi ginela esateko».

Lege prozesu batean sartua dago Nouraren familia orain: batetik, Alokabiderekin; bestetik, etxearen jabearekin. Gaur egun, Auzoan Bizi Etxebizitza sarea laguntza eskaintzen ari dio gaztearen familiari, etxegabetzeko arriskuan baitago. Egoera zaila dela azaldu du Nourak: azpierrentaria eraikin berean bizi da, eta  aitortu du horrela egotea «oso nekeza» dela, «tentsio handiarekin» bizi dela bere familia. 

Erroldarik ez izateak, gainera, areago zailtzen die eguneroko bizitza: «Nire amak ez du lanik, eta ez dugu osasun txartelik; eta nire neba, 16 urte ditu eta eskolatzeko traba handiak jartzen dizkiotenez, EPAn ari da ikasten».

«Ez ginenez kalean bizi, ez ziguten errolda soziala egin nahi, eta etxebizitza Alokabiderena zenez, ez zuten hor eskua sartu nahi».

NOURA

 

Sustrai: «Errolda lortzea kale itsu batean sartzea da»

Gipuzkoako herri batekoa da Sustrai–ez du zehaztu zein, anonimotasuna bermatu aldera–, eta 2016an Gasteizko Errekaleor auzo okupatura joan zen bizitzera. Seri urte igaro zituen auzo horretan bizitzen. Han zela, birritan abiatu zuen erroldatze prozesua; alferrik, baina. Etxe okupatu batean zegoenez, udalak ez zion dokumentu hori tramitatu nahi: «Legez ezarritako hiru hilabeteko epea amaitzear zegoela jakinarazten zidaten errolda ukatzen zidatela, eta prozesu guztia abiarazi behar nuen, atzera», kontatu du. 

Gasteizen erroldatzeko aukerarik ez zuen izan Errekaleorren egon zen denbora ia guztian, eta, ondorioz, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea ere ukatuta izan zuen. Baina aitortu du migrante askok ez bezala, berak eskubide horiek baliatzeko jaioterrira jo besterik ez zeukala. «Jatorriaren araberako arrakala handia dago», ohartarazi du. Auzo okupatuan izan zen azken urtean eskuratu zuen gonbidapen errolda, lagun baten bizitokia erabilita, eta une horretatik aurrera izan zuen aukera ordura arte hirian ukatu zizkioten oinarrizko zerbitzu eta eskubideetarako sarbidea izateko.

«Legez ezarritako hiru hilabeteko epea amaitzear zegoela jakinarazten zidaten errolda ukatzen zidatela, eta prozesu guztia abiarazi behar nuen, atzera».

SUSTRAI

Sustrai kritikoa da oso udal administrazioak erroldatzearekin egiten duen erabilera «maltzurrarekin». Iritzi dio erroldatzeko eskubideak «unibertsala» behar duela, eta ez lukeela gizarte zerbitzuetako langileen irizpide «subjektiboen» esku geratu behar. «Gaur egun udal errolda lortzeko prozesua kale itsu batean sartzea da. Etxeko jabeen merkantzia bilakatu da», kexu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.