Concha Andreu Errioxako presidenteak gaur iragarri du Aste Santuan ezingo dela hara joan beste erkidego batzuetatik. Andreuk azaldu du kutsatu kopuruan ez dutela gorakadarik izan nahi eta hori dela euren kezka nagusia. "Ez dago Aste Santurik. Ez da Aste Santurik egongo", adierazi du.
Aste Santuko oporraldia Hego Euskal Herrian martxoaren 31an hasiko da eta gutxienez bost egun iraungo ditu, apirilaren 5era arte. Euskal herritar askok kanpora jotzen dute egun horietan, tartean, Errioxara, Kantabriara edo Kataluniara, baina aurten ikusteke dago ahal izango den edo ez. Azken egunetan onak ari dira izaten koronabirus positiboen datuak, eta beheranzko joeran dira. Horrek zenbait neurri lasaitzea ekar lezake; besteak beste, Labik biharko bileran probintzia barruko mugikortasuna aztertuko du.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur esan du mugikortasuna nolabait mugatu beharko dela martxoan eta apirilean ere. Nafarroako Gobernuak esan du «zuhurtzian oinarritutako irizpideen gainean» aztertuko dituztela, batik bat, Aste Saindurako neurriak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabakitzen dutena erabakitzen dutela ere, Andreuk garbi utzi du gaur Errioxara joaterik ez dela izango.