«Konponbiderako bidean giltza bat gehiago izatea». Helburu hori izango du euskal presoen eskubideen alde Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo duten bertso saioak. Urtarrilaren 7an egingo dute ekitaldia, eta euskal presoen afera konpontzeko eta elkarbizitzaren alde pausoak emateko beharra gizarteratuko dute doinuez eta errimez lagunduta. «Gure nahia da bide horretan harri koskor bat jartzea», nabarmendu du Igor Ibarguren antolatzaileak.
Herri ekimenetik sortua da ekitaldia, eta badira ia hiru hamarkada saioa lehenengoz antolatu zutela. Euskararen aldeko saioa izan zen hasiera batean, baina, euskal presoen egoerak baldintzatuta, aldatzea erabaki zuten gero. «Sostengu ekonomikoa behar zen orduan, eta helburu horrekin ekin genion antolatzeari», azaldu du Ibargurenek. Egoera arindu eta konponbiderako urratsak egin ahala, ordea, «gaia agenda publikoan mantentzeko beharrari helduta» aritu dira azken urteetan.
Etxerat-en eskutik egin dute gaur arteko bidea, eta erreferentziazko saioa bilakatu da askorentzat, Bilboko manifestazioaren atariko ere izan baita urte askoan. Oraingoan ere urtarrilaren 13ko mobilizazioarekin eta Sarek abian jarritako Konponbiderako giltzak dinamikarekin bat eginda egingo dute saioa. Bi eragileek elkarrekin antolatu dute ekitaldia. «Naturalki sortu den elkarlana izan da», azaldu du Nahikari Iturbe Sareko Gipuzkoako arduradunak. «Iruditzen zitzaigun bateragarriak zirela geneuzkan aldarrikapenak, eta bata bestearen indargune izan gintezkeela».
«Konponbiderako giltza bat gehiago izatea nahi dugu. Gure nahia da bide horretan harri koskor bat jartzea».
IGOR IBARGUREN Bertso saioaren antolatzailea
Hogeita zazpigarren aldia izango da datorrena, eta zortzi bertsolari ariko dira kantuan: Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Aner Peritz, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Amaia Agirre arituko da, berriz, gaiak jartzen. «Saio berezia izaten da: presoak eta iheslariak izaten dira protagonistak, eta gaiak ere haien egoeraren ingurukoak izaten dira», adierazi du Ibargurenek. «Bertsolarien bitartez egiten dugu haien eta herritarren arteko zubi lana, gure helburua bozgorailu izatea baita».
Izan ere, antolatzaileek eta eragileek iritzi diote oraindik ere beharrezkoa dela halako ekitaldiak antolatzea. «Egoera aldatu da, eta bakartze eta urruntze politikak amaitzeko urratsak egin dira. Baina salbuespenak indarrean jarraitzen du oraindik: gradu erregresioak dira horren adibide», ohartarazi du Iturbek. Halaber, presoei eta haien senideei egiten dien ekarpena eta onura ere nabarmendu ditu Iturbek: «Elkartzeko eta babesa biltzeko guneak izaten dira haientzat, batez ere Gabonetako egun hauetan».
«Elkartzeko eta babesa biltzeko guneak izaten dira halako ekitaldiak presoen senideentzat, batez ere Gabonetako egun hauetan».
NAHIKARI ITURBE Sare Herritarreko Gipuzkoako arduraduna
Sarrerak salgai
Saiorako sarrerak eskuragarri daude jada; Internetez eros daitezke, Sareren webgunearen bitartez, edo honako saltoki hauetan: Donostian, Hontza liburu dendan eta Platero tabernan; Errenterian, Arkaitza tabernan; eta Oiartzunen, Garmendi txokolategian eta Elorsoro kiroldegian.