Ager eremua eta Bilbo, Bilbo eta Ager eremua. «Paisaia guztiz desberdina dute; zelai zabal eta txikiz osatua bata, eta euskal metropolia bestea», azaldu du gaur Oihana Bartra bertsolariak. Izan ere, Nafarroako erdialde eta hegoaldean, erromatarrak Ager vasconum deitutako eremua da Ager eremua, gaur egun Cortestik Garesera eta Vianatik Zangozara doana. Diferenteak izan arren, badira bi lekuak batzen dituzten elementuak: «Horietako bat euskara da, baita euskararen aldeko mugimendua ere». Hain justu, Errigoraren aurtengo kanpaina Bilbon aurkeztu dute. Eta Bizkaiko hiriburuko euskaltzaleez inguratuta, Errigorako saskiak eskatzeko eta elkartasuna handitzeko deia egin dute. «Nafarroa erdiko eta hegoaldeko euskalgintza indartzea bada euskara bere osotasunean indartzea».
Bihar jarriko dute martxan Agerreko uzta euskarari puzka kanpaina, eta azaroaren 14ra arte iraungo du. Urtero bezala, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko produktuz betetako saskiak jarriko dituzte salgai, eta horren balioaren %25 Ager eremuko euskalgintzara bideratuko dute zuzenean; hau da, AEKra, ikastoletara, Sortzen-era eta Agerraldia elkartera. «Baliabidez hornitu nahi ditugu, euren jarduna aurrera eraman dezaten», zehaztu du Haizea Lizarbe Errigorako kideak.
Hainbat urte daramatzate Nafarroa hegoaldean eta erdialdean «euskara sustraitzeko» lurra lantzen eta iraultzen. «Auzolan erraldoi batean lantzen dugu lurra, euskaltzaleon artean; elkartasunez ematen diogu zolari behar duen eguzkia, ura eta haizea», esan du Lizarbek. Eta aitortu du uztak ez direla beti onak izaten. Hori dela eta, auzolanaren garrantzia azpimarratu du: «Maiz topatzen ditugun harri koxkorrei aurre egin behar zaie, baina hor egon behar dugu beti; herria, amore eman gabe».
Aurreko urteetan bezala, herritarrek saski beltza eta saski berdea –ekologikoa– izango dituzte aukeran. Aurten, baina, beste saski bat ere jarriko dute salgai: saski gorria. Besteak beste, hainbat ardo mota, patxarana, zainzuriak, ardi gazta eta polboroiak izango ditu. Eskaerak Errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez egin daitezkeela jakinarazi du Lizarbek, eta Euskal Herrian zehar berrehun banaketa gune baino gehiago egongo direla.
«'Euskarari puzka' kanpainak Bilbon duen oihartzuna handitzeko konpromisoa hartzen dugu»
OIHANA BARTRABertsolaria
Bilboko auzo gehienetan ere banaketa guneak ezarriko dituzte. Hori dela eta, Bilboko euskaltzaleei dei egin diete saskia eska dezaten. «Euskarari puzka kanpainak Bilbon duen oihartzuna handitzeko konpromisoa hartzen dugu», azpimarratu du Bartrak. Kanpaina hasi bezain pronto, auzoz auzo ibiliko dira hura aurkezten. Hain zuzen, etzitik azaroaren 8ra bitarte, bederatzi auzotan izango dira; besteak beste, Santutxun, Begoñaibarran, Deustun, Alde Zaharrean eta Errekalden.
Gozategi taldeak Korrikarako sortu zuen kanta ekarri du gogora Bartrak. Gaurkora moldatuta, honela geratuko litzateke: «Nahi badugu euskara igotzen hastea, komeni da elkartasuna Bilbon biderkatzea». Elkartasun horren beharra ere azpimarratu du Errigorako kideak, eta Euskal Herriko eragile guztiei eskatu die euren herri eta auzoetan Errigoraren berri emateko eta kanpaina lau haizeetara hedatzeko.
«Sinplea bezain eraginkorra»
Bartrarekin batera, Bilboko beste hainbat euskaltzale bildu dira Errigoraren aurkezpenean, hala nola Bilboko AEK-ko ordezkariak, LABekoak, Sortzen elkartekoak eta Bilboko ikastoletako ordezkariak. Bertan izan da Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia ere: «Sinplea bezain eraginkorra da Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko lurrak emandako produktuz osatutako saskiak eskatzea».
«Euskararen lurraldea gero eta zabalagoa da; euskararen aurkako diskurtsoak, ordea, inoiz baino hedatuagoak daude; hori ikusita, auzolana da gure babeslekua»
JOSE ANGEL IRIBARAthleticeko atezain ohia
Auzolana euskaldunen ondarea dela nabarmendu du Iribarrek, baita euskaldunen «babesleku» dela ere. «Euskararen lurraldea gero eta zabalagoa da; euskararen aurkako diskurtsoak, ordea, inoiz baino hedatuagoak daude; hori ikusita, auzolana da gure babeslekua», azaldu du, eta euskararen beharrei elkartasunez erantzuteko deia egin. Izan ere, elkartasun ekintzak «behar-beharrezkoak» dira, «herri gisa erantzuteko eta irauteko».
Norbanako bakoitzak bere inguruan eragiten duen arren, Athleticeko atezain ohiak uste du beharrezkoa dela begirada altxatzea. «Euskal Herri osoko euskaltzaleok prest gaude Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haizea bidaltzeko», aldarrikatu du. Lizarberen arabera, euskara loratzen hasia da Ager eremuan, eta horregatik jarraitu behar dute hura ureztatzen, «indarrez eta osasunez haz» dadin, «mugatu eta apaltzea helburu duten sasien gainetik eta lainoen azpitik».