Errigorak 14.000 saski banatuko ditu, eta 185.000 euroren ekarpena egingo dio euskalgintzari

Eskariak jasotzeko epea itxita, balantzea aurkeztu dute. Ekinaldiak hamar urte bete ditu aurten.

Buñuelen egin dute eskerrak emateko argazkia, saskiekin betetako kamioiek. ERRIGORA
2023ko azaroaren 15a
12:04
Entzun

Errigorako antolatzailek eskerrak eta zorionak eman dizkiete boluntarioei eta eskariak egin dituztenei: «Bete-betea izan da aurtengo Nafarroa hegoaldeko uzta». 2023ko udazkeneko eskariak egiteko epea bukatuta eta saskiak bidean jarrita, balantzea aurkeztu dute: 14.000 saskitarako eskariak jaso dituzte aurten. Eta, saski horiekin, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari 185.000 euroren ekarpena egingo diote.

Lehen sektoreko produktoreak eta euskalgintza eskuz esku aritzen dira Errigoran, eta ekinaldiak hamar urte bete ditu aurten. Hamar urte horietan, guztira bi milioi euroren ekarpena egin dio Erriberako euskalgintzari: eskualde horretako AEK; Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolak; eskola publikoetako D ereduko lerroak eta Agerraldia bultzatzeko erabili dituzte diru horiek.

Buñuelen atera dute eskerrak emateko argazkia, kutxaz betetako kamioiekin. Urriaren 20an hasi zuten udazkeneko kanpaina, Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka leloarekin. Ablitasen muntatu dituzte kutxak lehenik, eta Durangon (Bizkaia) gero, paletak osatu ere, Errigorako ehunka boluntarioren laguntzekin.

Hainbat ekitaldi egin dituzte harrezkero, eta horiek gogora ekartzeko baliatu dute aukera, eskerrak ematearekin batera: Bilboko AEKn, Zangozako ikastolan, Lesakako eskolan, Tafallan, Markinan, Iruñean, Beasainen, Baionan, Gasteizen... hainbat «ekitaldi xume» egin dituzte, kanpaina zabaltzeko.

Berretsi dute orain arteko balio berberekin jarraituko dutela lanean, «zubigintza, ekintza eta ahalduntzea» indartuz: «Pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea; hitzetan baino gehiago, egiten dugun horretan aurkitzea sinesgarritasuna; eta txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.