Elkarte berria sortu dute Nafarroako hegoaldean, euskarari hauspoa emateko: Erriberan Euskaraz. Eskualdeko hamaika norbanako eta elkartek sortu dute taldea, irabazi asmorik gabeko proiektu gisara. Helburu nagusitzat daukate euskara Erriberan sustatzea, eta, bide horretan, badakite zein izanen duten lehen urratsa: Erriberako Euskararen I. Eguna. Hori izanen da elkarteak antolatuko duen lehen ekitaldia, eta arduradunek espero dute balioko duela eskualdeko herritarrak euskararen inguruan batzeko. Igandean aurkeztu zituzten hala elkartea nola ekitaldia.
Arguedas herriko Virgen del Yugo aterpetxearen parean egin zuten aurkezpena. Azaldu zutenez, iaz Korrika Erriberatik igarotzeak «berebiziko ilusioa» piztu zuen zenbait herritan, eta, esperientzia hark hauspotuta, euskararen aldeko jarduera gehiago antolatzeko premia ikusi zuten: «Ilusio horrek bultzada eman zigun lanean jarraitzeko, euskarak eskualdean merezi duen lekua izan dezan».
Zenbait udalerritako herritarrak eta taldeak batu dira egitasmora: Arguedas, Cabanillas, Castejon, Corella, Fontellas, Milagro, Tutera eta Alesbes herrietakoak, hain zuzen. Hala ere, Erriberan Euskaraz elkarteko kideek gogorarazi dute ateak zabalik dituztela Erriberako gainerako herriek ere: «Euskararen Egunean parte hartzeko deia egin nahi diegu beste udalerri batzuetako pertsona eta elkarteei ere. Guk dugun ilusioa kutsatu nahi diegu», azaldu zuen elkarteko kide den Leire Legarretak.
Euskararen Eguna, abian
Carmen Casasek eman zuen Erriberako Euskararen I. Egunaren berri. Esan zuenez, Erriberako hainbat herritan halako festak sarritan antolatu badira ere, aurtengoa berezia izanen da, «eskualde osokoa» izanen baita, eta ardatz izanen baitu «elkarlana». «Lehen aldiz, ospakizuna Erriberako herriak elkartzeko eta batzeko egun baten gisara planteatu da; tokiko jarduera baten ordez, Erribera osoari zuzendutako egun berezia izanen da», azaldu zuen.
Maiatzaren 17an eginen dute Erriberako Euskararen Eguna, Arguedasen. Atzoko agerraldian, antolatzaileek eskerrak eman zizkioten Arguedasko Udalari, «festaren antolaketan erakutsi duten prestutasun eta lankidetzagatik». Horrez gain, elkarteko arduradunek esan zuten jaia «egonkortu» nahi dutela, eta jarraitutasuna eman: «Asmoa da Euskararen Eguna bi urtean behin ospatzea, herri ezberdinetan».
Egitarauari dagokionez, antolatzaileek ez dute xehetasunik eman oraingoz, baina esplikatu zuten goizean goiz hasiko direla ospakizunak, eta «publiko orori zuzendutako jarduerak» antolatuko dituztela. Instagram kontu bat ere sortu dute, @erriberan.euskaraz, festari buruzko informazio eguneratua zabaltzeko. Jaiaren finantzaketan laguntze aldera, elkarteak salgai jarri ditu Erriberan Euskaraz leloa duten elastikoak eta zapi gorriak. Instagram kontuaren bidez eta Tuterako Arrigarai euskaltegian eska daitezke.