Karlos Ioldi eta Jon Ugarte. Harrera elkarteko kideak

«Errespetua irabazi dugu gizartean»

Orain lau urte sortu zuten Harrera elkarte asistentziala, euskal preso eta iheslari ohiei laguntza soziala bideratzeko. Gustura daude egindako lanarekin eta lortutako aitortzarekin. Bazkidetza handitu nahi dute.

Karlos Ioldi eta Jon Ugarte Harrera elkarte asistentzialeko kideak, joan den asteartean, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2016ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Fernando Etxegarairekin batera, Jon Ugarte (Zestoa, Gipuzkoa, 1958) eta Karlos Ioldi (Ataun,Gipuzkoa, 1963) dira Harrera elkarte asistentzialeko langileak. Euskal preso eta iheslari ohiei laguntza soziala ematea da haien egitekoa. Larunbatean egin zuten laugarren batzar nagusia.

Zer moduz joan zen batzarra?

JON UGARTE: Ondo, bazkideek ontzat jo zutelako Harreraren iazko jarduera. Jendeak ikusten du martxan goazela, eta ondo. Erabaki batzuk ere hartu genituen.

KARLOS IOLDI: Erabaki bat izan da bati lana aurkitzen badiogu hark Harrerako bazkide egin beharko duela. Beste bat: batek ez balu justifikatuko gure diru ekarpena, kendu egingo genioke.

Kasik 2.800 bazkide dituzue.

IOLDI: 2.767; iaz baino ia 400 gehiago. Baina bazkide gehiago nahi eta behar ditugu. Gure diru iturri nagusia haiek dira.

UGARTE: Harrera sortu genuenetik —duela lau urte—, hirurehun presotik gora atera dira kartzelatik, eta berrehun pasak gure elkartearen berri izan dute; laguntza jaso dute azterketa medikoa egiteko edo gidabaimena ateratzeko... Jende hori bere bizimodua egonkortuz joan da, baina denak ez dira gure bazkideak. Saio bat egingo dugu hortik ere. 60 euro da urteko kuota, eta gure webetik egin daiteke [Harreraelkartea.wordpress.com].

Kartzelatik atera edo deserritik itzuli direnak gizarteratzeko,hainbat arlotako profesionalen sarea al duzue?

UGARTE: Bai. Gustura gaude, prest azaltzen baitira laguntzeko. Eskulana, adibidez, ez digute kobratzen. Gure lanari begirunea dion jende profesionala da.

IOLDI: Bada autoeskola bat ez diguna batere kobratzen. Gidabaimena ateratzera doan pertsonari Harrerak ordaintzen dio hasierako tasa, 90en bat eurokoa, baina, gero, autoeskola hark doan ematen dio zerbitzua. 40ren bat lagun pasatu dira handik.

Esan duzuen bezala, duela lau urte sortu zenuten Harrera. ETAk jarduera armatua utzi zuela esan, eta urte erdi bat pasara.

IOLDI: Normala izan zen orduan sortzea, ikusten baitzen preso kopurua gutxituz joango zela.

UGARTE: 2006rako hasi ginen gogoeta batzuk egiten, elkarrizketa politikoak zeuden garaian. Itxaropen bat zegoen, zirrikitu bat.

IOLDI: Prozesu hura 2007an bukatu zen, eta ezker abertzaleak estrategia aldatzeko barne eztabaida hasi zuen. Tresna zaharrak bertan behera utzi zituen, eta berriak sortu. Testuinguru hartan eratu genuen Harrera.

UGARTE: Kartzelatik atera direnekiko beti egon da elkartasun bat, baina hori antolatu gabezegoen. Guk forma bat eman genion, elkartea sortuta.

Asko azpimarratzen duzue kartzelaldiko egoera —pre — eta haren ostekoa —post—.

IOLDI: Post baita gure elkartearen izatea. Guk ez dugu esaten presoak zer egin behar duen kartzelatik irteteko, nola irten behar duen, onurak... Ez gara hor sartzen.Gizon-emakume batek espetxea edo erbestea uztean hasten da gure egitekoa. Helburua da haiek duintasunez gizarteratzea.

Zer moduz aurkitzen dituzue?

UGARTE: Batzuk, larri. Egoera larrienean daudenei eskaintzen diegu laguntza. Herritar bat espetxean dagoenean, harekiko atxikimendua handia izaten da, baina, kalera irteten denean, jendeak ez du uste hark gizarteratzeko laguntza bat behar duela. Gainera, kontuan hartu behar da duela bi urtetik Espainiako Estatuak euskal presoei kartzela osteko diru laguntza kendua diela.

IOLDI: Auzitegietan dago gai hori, laguntza kentzea konstituzionala den ala ez ebazteko behin betiko.

UGARTE: Lanik ez duten 35 batlaguni hilero 500 euroko laguntza ematen diegu. Eta, zailtasunen artean, erretiroarena dugu, adineko jende bat badelako inolako kotizaziorik ez daukana.

Parot doktrina indargabetzearen ondorioz ateratakoek batez beste 60 bat urte zituzten.

IOLDI: Gainera, askok urteak egin zituzten lau hormen artean, eta, aurretik, ihesean. Hasieran, autoestimurik eza izan ohi dute askok.

UGARTE: Batik bat, adin bat duen jendearekin aritzen gara. Normala da. Baina oso ondo ari dira egokitzen. Pazientzia handia dute.

IOLDI: Dena dela, gizarteratzeko, aldea dago pertsona bat hiri batekoa izan ala herri txiki batekoa.

UGARTE: Etxe falta ere izaten da.

IOLDI: Jaurlaritzako Etxebiderekin badugu harremanik, eta bi laguni lortu diegu etxebizitza. Beste kasu bat kudeatzen gabiltza.

Lau urtean ia ehun laguni aurkitu diezue lana.

IOLDI: Bada zerbait. Iaz, hamazazpiri. 70en bat curriculum dauzkagu gaur egun.

Nolakoa da enpresarien-etaharrera?

IOLDI: Ona. Dagoeneko ezagutzen gaituzte; badakite zer lan egiten dugun. Asko irabazi dugu urte hauetan: errespetu bat irabazi dugu euskal gizartean. Lan bila ari diren pertsona hauek ibilbide zehatz bat daukate, baina orain kalean dira, gainontzekoen eskubide eta betebehar berak dituzte, eta lan munduan ere integratu nahi dute. Guk uste dugu laguntza gehigarri bat behar dutela.

Harremanik ba al daukazue Eusko Jaurlaritzarekin?

IOLDI: Bai, eta ona. Hark badu Hitzeman birgizarteratze programa, baina kartzelaldiko egoera ere jasotzen du, presoei baldintza batzuk jarriz. Gure lana ez da hori; kartzela ostekoa da gurea, eta garbi utzi diogu Jaurlaritzari.

Eta harremanik ba al daukazue Nafarroako Gobernuarekin?

IOLDI: Oraingoz, ez.

UGARTE: Nafarroan behar handirik ez dugu sumatu. Hamahiru nafarren curriculumak ditugu.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren helegiteen ostean, Donostiako Udalaren diru laguntza itzuli behar izan duzue, eta Zarauzkoa ere bueltatu beharko duzue.

IOLDI: Epaiek ez dute inola ere gure jarduera legala eta asistentziala zalantzan jarri, eta hori garrantzitsua da. Helegitearen argudioak ere ez dituzte aintzakotzat hartu: biktimarekiko mespretxua, «terroristak» goraipatzea... Epaien argudioa da udalak Espetxe Zuzendaritzaren lan eremuan sartu direla; presoen birgizarteratzean, alegia. Errespetatzen ditugu epaiak, eta, diru publikoa denez, itzultzea dagokigu. Laguntza eskatzeko prozedura aldatuko dugu, gure lana kartzela osteko laguntza soziala dela zehaztuta.

Langraiz bideko preso ohiak joan al zaizkizue laguntza eske?

IOLDI: Ez. Guregana datozen guztiak laguntzen ditugu, eta hala segituko dugu, haien posizio politikoak desberdinak izanda ere.

UGARTE: Gure helburua da gatazka politikoaren ondorioz izandako preso eta erbesteratu ohiei laguntza bideratzea. Ez gara sartzen esparru ideologikoan; asistentzia ematea da gure egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.