Errespetua eskatu dio Barkosek Espainiako estatuburuari

Gobernua osatzeko prozesua azaldu dio Nafarroako presidenteak.Espainiako armadak Bardean duen tiro eremuaz kezka agertu du

Felipe Borboikoa Espainiako erregea eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, atzo. JUANJO MARTIN / EFE.
Erredakzioa
2015eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Errespetua Nafarroan hartzen diren erabakiei, eta leialtasuna. Horiexek Uxue Barkosek Felipe Borboikoa Espainiako erregeari eskatutakoak. Barkos Nafarroako Gobernuko presidente izendatu zuten aurreko astean, eta atzo bildu zen Espainiako estatuburuarekin, Madrilen, Zarzuelako jauregian.

Barkosek azaldu duenez, gobernua nola osatu den eta haren lehentasunak zeintzuk diren azaldu dio Borboikoari. Nabarmendu duenez, «ahalegin handia» egin dute programa babesten duten lau koalizioek «ekonomia eta eduki sozialak» oinarri dituen gobernua osatzeko. «Haserre» eta «harrituta» azaldu da, halere, gobernuko kide batzuen kontra egin diren zenbait adierazpenekin —Maria Jose Beaumont Segurtasun kontseilariaren aurkakoekin, zehazki—; bereziki, Espainiako Gobernuak eta Guardia Zibilak eginikoekin, Beaumonten izendapena kritikatu baitute EH Bilduk proposatua dela argudiatuta.

Aurreko ostiralean Bardeakoparke naturalean izandako ezbeharra ere izan dute mintzagai bi agintariek. Espainiako Armadak han duen tiro eremuan egiten ari ziren praktika batzuk direla-eta, turista bat zauritua izan zen, bala tiroz, armadarentzako eremutik kanpo egon arren. Nafarroako gobernuburuak gertaeraren «larritasuna» azaldu dio Espainiako militarren buruari, eta halako gertaerak eragozteko neurriak hartzeko eskatu dio. Armadako buruzagitzarekin biltzeko nahia agertu dio Barkosek erregeari. «Ahalik eta segurtasun handiena exijitu behar dugu». Kezka agertu du halako istripuek turismoan eduki dezaketen eraginaz ere.

Errege etxeak, berriz, zehaztu du Espainiako Estatutuko «administrazioetako buruekin» Felipe VII.ak egiten dituen «ohiko» bileren artean beste bat izan dela Barkosekin izandakoa. Ordubete eman zuten bilduta. Aurretik, Kanaria uharteetako eta Asturiasko gobernuetako presidenteekin batzartu zen.

Bestalde, atzo jakinarazi zen Uxue Etxebeste Elizburu kazetaria izendatu dutela Jose Luis Mendoza Hezkuntzako kontseilariaren kabineteburu. Bere jardun profesionala Katalunian eta Euskal Herrian egin du, hainbat komunikabide eta enpresatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.