Bilboko Aste Nagusian erasoak «prebenitzeko eta desagerrarazteko» estrategia aurkeztu du gaur Bilboko Udalak. Arriaga antzokian egin dute agerraldia, eta bertan izan dira Bilboko Konpartsetako ordezkariak ere. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jakinarazi duenez, hiru gakotan oinarritu dute estrategia: «Errespetua, konpromisoa eta erantzukizuna». Izan ere, errespetua izan dute hizpide leloa sortzeko. «Errespetu Nagusia da aurten aukeratutako leloa; errespetua edozein harremanen oinarrizko printzipioa da», azaldu du Juan Mari Aburto alkateak. Larunbatean jarriko dute martxan estrategia, jaien hasierarekin batera.
Bilbo «eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen aurka konprometitutako» hiria izan dadin nahi du udalak. «Bilbon ez dute tokirik eraso sexistek, ezta inolako gorroto gertakariek ere». Argi adierazi du Aburtok, eta pertsona guztientzako segurua izango den jai esparru bat aldarrikatu du, gizartearen erantzukizuna eskatuz: «Ezin ditugu erasoak onartu; gelditu behar ditugu, salatu eta gaitzetsi».
Kontxi Claver Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak eman ditu estrategiari buruzko xehetasunak. Udaleko Segurtasun Sailarekin, Jaietakoarekin eta Gizarte Ekintzakoarekin batera landu dute estrategia. Horren barruan, prestakuntza eta informazio saioak eskaini dizkiete jaietan parte hartzen duten gizarte eragileei; besteak beste, konpartsetako kideei, dendariei, tabernariei eta garraioetako langileei. «Indarkeria matxistaren aurrean, sexu orientazio eta genero identitatearen aurkako erasoen aurrean, eta gorrotozko eta arrazakeriazko erasoen aurrean jarduteko beharrezkoa den jakintza helarazi zaie», azaldu du Claverrek.
Gertakari matxista, arrazista zein LGTBIfoboen aurrean nola jardun jakiteko, hiru aholkularitza eta jarduketa protokolo argitaratu dituzte. Adierazi dutenez, prozedura «argi eta egituratu bat» jaso dute bertan, erasoren bat jasan duen pertsonari arreta eman ahal izateko. Ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, zortzi hizkuntzatan argitaratu dute; esate baterako, euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz eta errumanieraz. Horrez gain, herritarren eskura jarri dute, berriz ere, erasoen aurkako informazio gida; «eraso bat pairatuz gero edo eraso bat ikusiz gero nola jokatu jakiteko gomendioak» eguneratu dituzte.
Pegatinak larrialdietako telefonoekin
Komun publikoetan larrialdietako telefonoak dituzten pegatinak ere jarri dituzte. Jaietan pegatina horiexek banatuko dituzte, sakelakoaren atzeko partean jartzeko. Azken bi urteetan bezala, gainera, kontzertuen espazioetan prestakuntza jaso duen talde bat egongo da, arreta eta laguntza eskaintzeko.
Norbaitek erasoren bat jasan edo ikusten badu, Poliziarengana jotzeko eskatu du Claverrek; eurek bideratuko dituzte zerbitzu espezializatuetara. Bederatzi egunetan, 24 orduko arreta eta aholkularitza zerbitzua egongo da martxan.
Bilboko Konpartsekin eta merkataritza eta ostalaritzako elkarteekin batera landutako protokoloa eguneratu dute. Izan ere, konpartsetako kideek argi utzi dute «erasorik gabeko jaiak» nahi dituztela, eta gogoratu dute txosnak «aterpe segurua» izango direla emakumeentzat. «Are gehiago, ez dugu onartuko inolako eraso sexista, homofobo, arrazista, lodifobo, euskarafoborik edo beste edozein eratako erasorik».
Gogoratu dute herritarren batek erasoren bat jasaten badu txosnetara jo dezakeela, bertan babesa emango baitiote. Are, erasotzaileei «erantzun gogor eta sendoa» emango diete, «zalantzarik gabe». Erasoen aurkako lantaldeak antolatutako ekintzak eta mobilizazioak ostiral honetan aurkeztuko dituzte konpartsetako ordezkariek, Bilboko Areatzan egingo duten agerraldi batean.