Bihar itsasoratuko da Aita Mari erreskate ontzia. Espainiako Gobernuak baimena noiz emango zain egon da abuztuaz geroztik, Pasaiako portuan (Gipuzkoa), eta duela astebete jaso zuen laguntza humanitarioa emateko baimena. Debeku bat jarri diote, ordea: printzipioz, ezingo du erreskaterik egin. Iñigo Gutierrez (Donostia, 1964) erreskate ontziko eta Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kidea da, eta Greziara abiatuko da.
Bihar abiatuko zarete. Dena prest al daukazue?
Zoroen pare gabiltza, baina prest dugu guztia. Gaur ginen itsasoratzekoak, baina, itsasoa nola zegoen ikusita, erabaki dugu egun bat atzeratzea. Hala egin ezean, Fisterrako lurmuturra lau metroko olatuekin igaro beharko genuke. Guztira, bederatzi tona material daramatzagu: tapakiak eta neguko arropak, eta zapatak. Gehiena Galdakaoko [Bizkaia] Boluntarioen Gizarte Elkarteari esker lortu dugu, baina norbanako zenbaitek ere ekarri dizkigute gauzak.
Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik jaso al duzue?
Iaz bezalaxe, aurten ere egitasmoa babestu du, 350.000 eurorekin. Diruaren zati handi bat ontzian egindako konponketak pagatzeko erabili dugu. Bizirik dagoen organismo bat da ontzia, eta etengabe behar ditu aldaketak.
Abuztuaz geroztik zaudete zain. Zergatik hainbeste denbora?
Konponketa batzuk egin behar zirelako itzuli ginen Pasaiara, ekain amaieran. Horiek egin, eta Espainiako Gobernuarekin arazoak izaten hasi ginen. Ontziak pasatu zituen ikuskapen guztiak; behar bezala zegoen dena, baina ez zuen ematen itsasoratzeko baimenik, arrazoirik gabe. Ez zuen ez zentzu politikorik, ez logikorik.
«Isiltasun administratiboa» salatu zenuten.
Bai. Administrazioak jardunerako epe jakin batzuk ditu, baina ez dute bat egiten gobernuz kanpoko erakunde baten funtzionamenduarekin, eta are gutxiago larrialdi egoera bada. Espainiako Gobernuak ontzia atxikita edukitzeko boterea zuen, administrazioak dituen epeak aitzakia gisa hartuta. Hori salatu genuen.
Debeku bat ere jarri dizuete: ezingo duzue erreskaterik egin. Zer dago horren atzean?
Ontziak erreskateak egiteko ziurtagiria du: horretarako prestatuta dago. Nola debekatu dezake «aurrerakoia» den gobernu batek erreskateak egitea? Ez dugu ulertzen. Egun dagoen egoera ezin da apirilekoarekin alderatu; lehen ez bezala, orain akordio bat dago.
Zein da hitzarmen hori?
Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Maltak migratzaileak jasotzeko akordio bat egin zuten duela ia bi hilabete. Beraz, Espainiak ezarritako muga ez dago ulertzerik, hitzarmenak saihesten baitu migratzaileak ontzietan harrapatuta egotea. Europa ere hor dago. Oro har, bere zilborrera begiratzen segitzen du; gainontzeko guztiak bost axola dio.
Gainera, erreskaterik egingo ez duzuela ziurtatzeko, eginbeharrak ezarri dizkizuete.
Eginbehar jakinak ezarri baino gehiago, mehatxatu egin gaituzte 900.000 euroko isunarekin. GKE txikia da, eta ez du ondare handirik. Boluntarioak gara, eta lortzen dugun dirua laguntzetarako eta konponketetarako erabiltzen dugu. Isun horrek erakundearen eta bertako kideen hondamendia eragingo luke. Badakite nola mehatxatu. Abokatu bat ere badabil gurekin lanean, helegiteak noiz aurkez daitezkeen ikertzen; guk jarraituko dugu mehatxua salatzen. Erreskaterik ez egiteko esatea arauen aurkakoa da. Izan ere, nazioarteko arauetan jasotzen da erreskateak egin behar direla.
Baina badago erreskate aktiboak egiteko salbuespena, ezta?
Espainiak dioenez, ezingo gara bilaketak egiten aritu, baina, ontziren batekin topo eginez gero, egin dezakegu erreskatea. Hala ere, ez dugu inoiz izan arazorik agintariekin; elkarlanean aritu izan gara, eta horrela jarraituko dugu. Ez ditugu hautsiko jarri dizkiguten aginduak.
Debekuak debeku, nola zaudete eskifaiako kideak?
Hainbeste denbora itxaron ondoren, itsasoratzeko gogotsu, Greziara iritsi eta giza laguntza emateko. Ontzian daramagun zama ura edatea bezain beharrezkoa da. Laguntza hori eman ostean, dauden beharren arabera egokituko dugu gure zeregina. Baina hilabete eta erdi egongo garela kalkulatzen dugu. Batetik, zazpi profesionalek osatuko dute eskifaia: ontzi buruzagia, barkuko ofiziala, makinetako langileak eta bi marinel. Boluntarioak ere badaude. Osasun langileek eta sukaldariak osatzen dute talde hori. Zortzi pertsona inguru dira.
Azkenaldian errefuxiatuen gaiak oihartzun gutxi du hedabideetan. Zergatik?
Hedabideek interesen arabera egiten dute lan. Orain, errefuxiatuen gaia arriskutsua da, zaila. Albiste bera askotan errepikatzeak ere gaurkotasuna galtzea dakar. Areago, hau krisi kroniko bat da. Horrek ere gaia albiste ez izatea dakar.
Zeintzuk dira interes horiek?
Gustatuko litzaidake jakitea. Finean, geopolitikak bide bat egiten du, eta gizarteak, beste bat, baina gizartea da geopolitikaren biktima. Horren eragileak ugari izan daitezke; liskarrak behar dituen armen industriatik hasi, eta interes energetikoetaraino. Sortu dugun mundua da, gizarteari bizkarra ematen diona. Egoera konpontzeko lan egin ordez, arazo gehiago ari da sortzen.
Zein da egoera konpondu eta ezagutzera emateko errezeta?
Gobernuek itsasoan aske ibiltzen utzi behar diete ontzi zibilei. Orain arte haien jarduna oztopatzen aritu dira, errealitatearen berri duen lekukorik ez egoteko. Hedabideek gaia sakonago ikertubeharko lukete, tragedien arrazoiak bilatu. Ez dira zuhaitzak itotzen ari: pertsonak dira. Gobernuz kanpoko erakundeek ere badute ardura zenbait herritarren oinazeak ikusgai egiteko.
Iñigo Gutierrez. 'Aita Mari' ontziko kidea
«Erreskaterik ez egiteko esatea arauen aurkakoa da»
Hilabete batzuen ostean, 'Aita Mari' ontziak badu baimena giza laguntza emateko, baina ezingo du erreskaterik egin. Migratzaileei laguntzera doaz Greziara, eta haien egoera ikusgarri egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu