Migrazioak

Erreskate aukera bertan behera utzi, eta iparralderantz abiatu da 'Aita Mari'

78 pertsona erreskatatuak ditu Aita Mari ontziak. Beste erreskate abisu bati erantzun dio, baina bertan behera utzi du bilaketa. Ontziak Maltan porturatzeko eskaria egin du, baina erantzunaren zain dago.

Erreskateak egiteko txalupa, erreskatatutako zenbait lagunekin, Aita Mari itsasontzira bidean, atzo. JAVI JULIO / NERVIO FOTO
2019ko azaroaren 22a
22:18
Entzun

Aita Mari ontziak Maltarako bidea hartu du, atzo erreskatatutako 78 pertsonak portu seguruan uzteko asmoz. Ontziak abisu bat jaso du goizean —atzo gauetik, laugarrena—, eta 45 migratzaile zeramatzan ontzi baten bila abiatu da. Aita Mari-k, ordea, Libiako Armadaren agindu bat jaso du, eta bertan behera utzi behar izan du bilaketa.

Libiako Armadak adierazi du bere gain hartuko duela bilaketa operazioa, eta uko egin dio Aita Mari ontziaren laguntza eskaintzari. «Ontzian daudenen segurtasuna bermatzeko, arriskuan den ontziaren bilaketa bertan behera uztea erabaki dugu», adierazi du Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak ohar baten bidez. Izan ere, GKEen ontziek aurretik ere izan dituzte arazoak Libiako kostazainekin. Ontzian 45 lagun leudeke, tartean lau adingabe, eta Aita Mari 50 milia ingurura zegoen abisua jaso duen momentuan.

Gauzak horrela, iparralderako noranzkoa hartu du Aita Mari-k, eta Italiak edo Maltak porturatzeko baimena eman zain dago. Bertan behera utzi behar izan duten bilaketari ekin aurretik, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren presidente Iñigo Mijangosek adierazi du Maltarako bidea hartzeko asmoa duela ontziak, eta han porturatzeko eskatuko duela berriz. Azaldu du hura dela aukerarik onena. Gertuen dagoena da, eta EB Europako Batasunak berak onartu izan du Mediterraneoan erreskatatzen diren ontzientzat portu seguru bakarra dela, Italiarekin batera; Libiakoak ez dira seguruak. Atzo egin zuten lehen eskaera, eta Maltako autoritateek mezua jaso zutela adierazi zieten arren, erantzunik ez dute oraindik. Italiari ere egin zioten eskaera, erantzunik gabea hura ere. Ziurtzat jo dutena da ez dutela Libiarako bidea hartuko. «Libiakoa ez da portu segurua», adierazi du Rivasek.

Zailtasunak ez dira hor amaitzen Aita Mari-rentzat. Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko ordezkari Daniel Rivasek adierazi du Espainiako Gobernuak isunekin "mehatxatu" duela GKEa: «Tokiko agintariekin koordinatuta lan egiten ez badugu, eta koordinazio hori gabe pertsonak Espainiara eramaten baditugu». Gehitu du gobernuak gogorarazi diela «lehorreratzeko akordioak» izan behar dituztela Maltarekin eta Italiarekin. Rivasek azaldu du, ordea, Italiako eta Maltako agintariekin koordinatuta ari direla lanean.

Izan ere, erreskatea Maltako uren eremuan egin zutela nabarmendu du Izaskun Arriaran tripulazioko kideak, eta, beraz, ontziak Italiako eta Maltako gobernuekin adostutako baldintzak betetzen dituela. Aita Mari-k eta bi gobernuek adostu zuten Italiako eta Maltako ur eremuetan erreskatatutako migratzaileak portu seguruetan lehorreratzeko baimena izango zuela ontziak. Hala ere, Rivasek aitortu du bestelako bidea ere har dezaketela agintariek, eta ondorio larriak izan ditzakeela erreskateak. «Badakigu 900.000 euroko isuna ere jar diezaguketela. Gure egitasmoaren bukaera erabatekoa ekarriko luke horrelako zerbaitek». Aurrez ere kezka hori adierazi izan dute.

Egun gogorrak

Ostegun arratsaldean egin zuen topo Aita Mari-k 78 migratzaile zeramatzan ontzi batekin. Guztiak salbatu dituzte, eta ontzira igo. Horien artean zortzi adingabe daude, ontziko kide Izaskun Arriaranek Euskadi Irratian zehaztu duenez. Osasunez ondo daude, eta janaria, edaria eta tapakiak banatu zizkieten.

Handik gutxira, ohartu dira zeuden lekutik bi orduko bide eskasera beste migratzaile ontzi bat zebilela; 94 migratzaile zeramatzan. Ingurura abiatu ziren, eta bila jardun. Bilatzeari uztea ez zaie «erraza» izan, Arriaranen esanetan. Adierazi du ontziko kideentzat gogorra izan dela guztiak itota hil direla pentsatzea. Open Arms GKEaren itsasontzia ari da orain galdutako ontzi horren bila. Goizean, beste abisu baten berri ere izan du Aita Mari-ko tripulazioak, hirugarrena. Azaldu dutenez, Maltako salbamendu zerbitzuak erreskatatu du ontzi hori.

Hilaren 19tik mugimendu handia izan da inguru hartan. Aita Mari-k erreskatatutako 78 migratzaileez gain, beste 215 ontziratu ditu Ocean Viking-ek, 73 Open Arms-ek, eta 70 Maltako kostazainek. Horrez gain, 74 lagun euren kabuz iritsi dira Lampedusa uhartera (Italia). 300dik gora izan dira Libiako eta Tunisiako kostazainek atzeman dituztenak.

Jaurlaritzaren «babesa»

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi du Jaurlaritzak ezin duela harreman diplomatiko zuzenik izan, baina Aita Mari ontziko 78 migratzaileak portu seguru batera iristeko «kontaktuak» egiten ari direla. «Eusko Jaurlaritzak ez du harreman diplomatikoak zuzenean egiteko aukerarik. Kudeaketa guztiak kontaktuen eta loturen bidez egin behar ditu, eta hasi gara dagoeneko, baina oraingoz ezin dugu ezer zehaztu», azaldu du Euskadi Irratian. Erkorekak «babesa» adierazi die tripulazioko kideei, eta gehitu euren eskura duten «guztia» egingo dutela ontzia Europan porturatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.