Xabier Sanchez Erauskin. Kazetaria

«Errepublikari buruzko eztabaida piztu dela da onena»

Erregea iraintzea egotzita espetxeratu zuten Sanchez kazetaria, duela hogeita hamar urte; haren ustez, joan eta «herriari erabakitzen utzi» baino ez luke egin beharko erregeak.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Betidanik da errepublikazalea Xabier Sanchez Erauskin kazetaria (Gasteiz, 1935). Gero eta gehiago. Kartzelara ere sartu zuten erregeari buruz esandakoengatik. 1982an Juan Carlos Borboikoa Gernikako Juntetxean izan zenari buruz editorial ironikoa idazteagatik, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten, Punto y Hora aldizkariko zuzendari zela.

Esan daiteke Espainiako erregearekin harreman berezia izan duzula. Hari buruz idazteak kartzelara eraman zintuen.

Neure burua errepublikazaletzat dut. Familia abertzalea izan dut, baina errepublikazalea ere bai. Horrela sortu naiz. Eta errepublikaren aldekoa naiz haren oinarriengatik: askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna. Asko du utopiatik, baina sinpleki demokrata izan nahi duen orok ezaugarri horiek izan behar lituzke.

Beti izan dut argi Juan Carlosen monarkia Francok sustatutako epigono bat zela; nolabait, Francoren oinordeko naturala. Azken finean, Juan Carlos izan zen trantsizioaren burua, frankismotik geratzen zenaren lekukoa hartu zuena. Trantsizio garaian, tabua zen monarkiari buruz hitz egitea. Han parte hartu zutenen artean ez erasotzeko itun antzeko bat zegoela uste dut, gainera; erregearen irudi sakratu eta guztiz santua ez ukitzekoa. Horrekin lotuta, artikulu bati egin nuen: Jainkoak ez dira ukitzen, umetxo.

Erregeari buruzko beste artikulu bategatik, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zizuten, eta kartzelan sartu zintuzten, koroa iraintzea egotzita. Zer dela eta?

1982an, erregea Gernikara etorri zen ibilaldi militar handi batera. Hainbat lekutatik igaro ondoren, Gernikako Juntetxean amaitu zen, eta gogoratu nola: Ertzaintzak kanporatu egin zituen herriaren zati batek ez zuela onartzen gogoratu ziotenak Eusko gudariak abestuta. Ni Punto y Hora aldizkariko zuzendari nintzen, eta gertaerari titulu nagusia eta editoriala eman genizkion: Pasiera eta ihesaldia (El paseíllo y la espantá). Zezenketa hizkera hartuta, ironia sarkastikoa egin genuen erregearen ibilaldi harekin eta Suarezek aurrez emandako dimisioarekin.

Horregatik espetxeratu zintuzten?

Editorial harengatik kartzelatu ninduten, 1983an, aurrez beste urtebeteko zigorra nuela baliatuta. Tarte horretan, Jose Bergamin idazlea eta azken errepublikazalea etorri zen. Madrilen hitza kendu zioten, El País egunkariko Interregnoa artikuluagatik. Estatua subiranorik gabe zegoen egoerari buruz ari zen, Juan Carlosi buruz. Errepublikazale sutsua zen, eta hura ezagutzeak sentimendu hori areagotu zidan. Gainera, betirako esker ona zor diot, beste auzi bat abiatu baitzuten nire aurka Egin-en Aviraneta ezizenarekin idatzitako zutabe bategatik, eta egiletza bere gain hartu baitzuen. Bere 86 urteekin epaitegira joan zen, Aviraneta bera balitz bezala. Auzitegian esan zioten: «On Jose, baina, ez duzu uste zure idazkera baino askoz okerragoarekin idatzia dagoela?». Eta hark: «Oso ondo idatzi nuen; are gehiago, nire antologia guztietan jaso dezatela eskatuko dut». Zer egin ez zekitela, bere horretan utzi zuten auzia.

Nola begiratzen diozu astelehenean iragarritako abdikazioari?

Agerikoa zen modu batean edo bestean Felipe jarriko zutela hor, baina kosta zaio gizonari, ustelkeriez gain joaten ez diren politikariei bezala. Lehenago egin behar zuen, Felipe horrenbeste nagusitzen utzi aurretik. Edonola ere, honen guztiaren onena da errepublikari buruzko eztabaida piztu duela. Gutxienez, orain bada erregearen izendapena ez dela legezkoa dioenik; ez duela herriak aukeratu salatzen duenik. Iritsi beharko du erreferenduma egiteko egunak. Zergatik ez dira ausartzen, PSOEk eta PPk babestuko dituztela jakin arren? Milioika herritarrek baztertuko dituzten beldur dira? Lehen Francok bezala, Juan Carlosek dena lotuta eta ondo lotuta utzi du.

Zer ekarri dio monarkiak Euskal Herriari?

Monarkiak ez du ezertxo ere ekarri. Ekarpen bakarra herritarrok egin dugu, haren gastuak ordainduta.

Zein zeregin izan behar luke erregeak?

Joan egin behar luke, eta herriari utzi erabakitzen. Hori bakarrik.

Ekarriko du zerbait errege aldaketak?

Eztabaida piztuko du, seguruenik. Gainera, jendea mugitzen hasi da; litekeena da jendeak erreakzionatzea ikusita zer ekarri digun dena lotuta uzte horrek, eta mugimendu berriekin, gainera. Eta, zergatik ez, litekeena da guk, Euskal Herriak, pentsatzen duguna libreki adierazi ahal izatea eta erabakitzeko gutxiengo eskubidea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.