Errepublikaren aldeko protestak egingo dituzte astelehenean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mugimendu Errepublikanoak deituta, kontzentrazioak egingo dituzte Gasteizen eta Donostian.

Gaurko prentsaurrekoa, Donostian. ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO MUGIMENDU ERREPUBLIKANOA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 3a
13:10
Entzun

Datorren astelehena, abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioaren eguna izaki, protestara deitu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mugimendu Errepublikanoak. Hiru eskaera nagusi egingo dituzte: monarkia bertan behera geratzea, prozesu konstituziogile bat abiatzea eta errepublika aldarrikatzea. Donostiako Ijentea kalean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo dituzte kontzentrazioak, 12:00etan eta 13:00etan hasita, hurrenez hurren.

Gaur taldeak Donostian egin duen prentsaurrekoan gaitzetsi duenez, monarkia «desberdintasun sozialen, lurralde gatazken eta ustelkeriaren zutabeetako bat» da aspaldidanik. Eredu hori ez dute begi onez ikusten: «Eredu horrek ez die erantzuten herritarren beharrei, eta auzitegiek ikertu behar dituzte zuzenbidearen aurkako haren ustezko jarduerak». Hori horrela, monarkia deuseztatzearen aldeko mezua zabaldu nahi dute: «Bada garaia monarkiari amaiera emateko, eta prozesu konstituziogile erabat demokratiko bati ekiteko». Proposatu dute prozesu horren ostean errepublika federala sortzea: «Prozesu horren emaitza errepublika federala izango da, gehiengo sozial langilearen zerbitzura eta herrien autodeterminazio eskubidea errespetatuko duena: Hirugarren Errepublika».

Helburu hori lortzeko bidea urratu nahi dute asteleheneko protestekin: «Abenduaren 6an monarkiaren aurka mobilizatzera eta prozesu konstituziogile bat aldarrikatzera dei egiten dugu, berdintasun sozioekonomikoan eta printzipio demokratikoekiko errespetuan oinarritutako eredu errepublikanoa lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.