«Gertakari biziki larriak»: horrela definitu ditu Claude Olive Errepublikanoetako Pirinio Atlantikoetako presidenteak uztailaren 14an gazte ezkertiar eta abertzale batzuek Donibane Lohizunen (Lapurdi) antolatu zuten manifestazioan gertatutakoak. Asimilaziotik erresistentziara! lelopean, 200 bat pertsonak protesta egin zuten Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak zabalduz. Herriko etxera iristean, Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere. Euskal Herria da! zioen pankarta bat ezarri zuten herriko etxeko harresian. Ekintza hori ez zen Jean François Hirigoien auzapezaren gustukoa izan, eta manifestariei oldartu zitzaien, pankarta kentzen saiatuz. Bultzada batzuen ondotik, herriko etxera itzuli zen manifestariei irain keinu bat eginez.
Atzo Donibane Lohitzunen Jean François Irigoien auzapezarekin izan tentsioen adierazle da bideo hau 👇 pic.twitter.com/JRm3E0LcgI
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 15, 2021
Max Brisson Errepublikanoetako senatariak Facebooken zabaldu duen testu luze batean, gertatutakoaren bere bertsioa eman du Hirigoienek. Bertan dio manifestariek «frantses zikina» deitu ziotela eta zaplazteko bat eman ziotela. Zenbait hautetsik «babesa» erakutsi diote sare sozialetan, besteak beste, Brissonek berak eta Vincent Bru Modemeko diputatuak. Agiri batean, Olivek «irmoki kondenatu« du gertatutakoa, eta oroitarazi du «gure lurraldea Frantziako Errepublikaren parte» dela. «Ezerk ez ditu justifikatzen Euskal Herrian ahantzia genuen tentsio giro bat oroitarazten duten halako ekintzak». Donibane Lohizuneko zentro eskuineko oposizioak Frantziako Barne ministroari idatzi dio poliziak ikerketa bat abiatu dezala eskatzeko.
Herri Berri Donibane Lohizuneko oposizio abertzaleak bere jokaera estaltzeko kontakizun bat asmatzea leporatu dio auzapezari. «Nazionalitatea eta erregimen politikoa nahasiz, Irigoien jaunak ahantzi du Errepublika nazio frantsesa baino lehenago existitzen zela, eta hiru koloreko banderaz beste kolore batzuk har ditzakeela kontzeptualki, baita ikurrinaren koloreak ere». Egindako adierazpenengatik barkamena eskatzeko galdetu diote Irigoieni.