Errepresioaz, erresistentziaz: andreez

‘1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua’ aurkeztu dute, lehen atalka eta isilpeka jasotakoak «metodologia zientifikoz» biltzeko.

(ID_13587984) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-10, Donostia. 1936-1954 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak
Liburuaren egileak, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 10a
17:30
Entzun

Akain belarra hartzera behartutako andreak, ilea larru-arras moztuta kalean ibilarazitakoak, ziegetan umiliatutakoak, gorri izendapenaren bidez seinalatutakoak, aurrez zituzten lanpostu eta arduretatik kargugabetutakoak, bortxatuak, zanpatuak, frankismoak ezarri zituen arauen arabera apalaraziak... 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburuan 36ko gerrako eta frankismoaren lehen urteetako errepresioaren aldaera horiek guztiak ageri dira jasota. Ione Zuloaga Muxika historiagileak zuzendu du lana, eta ekarpena egin dute, baita ere, Queralt Sole Barjau, Enara Garro Carrera eta Lourdes Herrasti ikertzaileek, nork bere ikerketa esparrutik. Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu du liburua, eta gaur hantxe egin dute aurkezpena. 

Andreek propio pairatu zuten errepresioa, oro har, «isildua» izan zela azaldu du Zuloagak, eta estalitako historiaren parte hori erakusteko «nahiak eta beharrak» bultzatuta egin dutela orain liburu hau. Hor jasotako kontu zenbait ezagunak zirela nabarmendu du, baina atalka eta isilpeka jasota zeudela horietako asko, eta propio «metodologia zientifikoa» erabiliz egindako lan batean biltzea falta zela; hor egin nahi izan dute ekarpena. 

Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Zuloaga, eta ikerketa talde horretako kideak ondoan izan ditu aurkezpenean, liburuan parte hartu duten beste hiru egileekin batera. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak ere hartu du hitza. Entzuleen artean, errepresio frankista pairatu zuten andreen familiartekoak egon dira, eta memoria berreskuratzeko elkarteetan lanean ari diren talde hainbatetako ordezkariak.

Ikerlanean jaso dituzten datuen arabera, frankismoak mila emakume inguru kanporatu zituen beren herrietatik. Andre gehienek, oro har, beren «militantzia politikoaren ondorioz» pairatu zuten errepresioa. 1936tik aurrera espetxeetan egondako emakumeen 3.545 espediente ere ikertu dituzte. Saturraranen (Mutriku) eta Donostian egon ziren gehienak espetxeratuta. Fusilatuak izan ziren andreei dagokionez, orain arte 50etik gora identifikatu dituzte.

Kartzeletako egoera penagarria deskribatu du Zuloagak: «Kartzelak espazio txarrak ziren. Saturrarango lekukotasunak daude: zenbaitetan jendeak zutik egon behar izaten zuen besteek lo egin zezaten». Eider Mendozak andre haiek pairatu zituzten egoera bidegabeak gaitzetsi ditu. «Emakumeak mendean izatea zen gizarte eredu haren helburua, gizartean ekarpenik egin ez zezaten, beren askatasuna eta eskubideak garatu ez zitzaten, gure herriak zapaldua jarrai zezan». 

Irauteko borrokan

Errepresioa aztertu dute liburuan, baina erresistentziari ere eskaini diote atal bat: liburuko azkena. Aurrera egin behar horretan, irauteko borrokan, «isiltasunak» izan zuen garrantzia nabarmendu du Lourdes Herrastik: aurrera egiteko bidea izan zen, maite zituztenak babestekoa. Izan ere, senarrak hilda, familiaren kargu egin behar izan zuten askok, egoera aski zailetan.

Keinuak ere izan ziren. Paulina Alustizaren kasua nabarmendu nahi izan zuen Zuloagak, ondo erakusten duelako, oro kontra zenean ere, ahotsa altxatzeko ahalegina. Zegamakoa zen. Senarra fusilatu egin zuten, eta gizonaren heriotzaren harira argitaratu zituen gomutagarrietan «argi eta garbi» adierazi zuten «bere idealengatik» hil zutela.  «Aldarri hori egin zuen». Meza bat ere antolatu zuen: «Hildako gudari guztiengatik». Hirurehun bat lagun batu ziren elizkizun hartan, erresistentzia keinu hartan. «Klandestinitatean gertatu zen zerbait izan zen, baina publikoa». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.