Filipe Bidart 1953an sortu zen, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Iparretarrak erakunde armatuko kide izateagatik, hemeretzi urtez egon zen preso. Euskal Herrira itzultzeko baimena eman dio Frantziak. Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionala, bake prozesua eta gaur-gaurko hainbat gai jorratu ditu Kazeta.info, Herria, Euskal Irratiak, Kanaldude eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ren Ahoan bilorik gabe saioan.
Nola izan da itzultzea, presondegian 19 urte pasatu ondoren?
Itzultzea ez da presondegiarekin mugatu; 31 urtez egon naiz etxetik kanpo. Izan naiz sasian, preso, eta Beziersen bizitzera behartua (Frantzia), Euskal Herritik urruti. Aldaketa franko izan dira ene baitan ere. Bada lan bat egiteko, Euskal Herria berriz ezagutzeko, harremanak berriz lotzeko, herrian tokia atzemateko.
Berrikitan, bizi osorako zigorrak eman dituzte. Kezkatzen zaitu?
Ene arrangura handiena euskal presoen egoera da. Segitzen dute militanteak atxilotzen eta kondena dorpeak ematen. Horrek urruntzen du aterabidea eta zailtzen bake bidea. Frantziak dena blokeatua du; ez du deus negoziatu nahi, eta ez du neurririk hartzen presoen alde, kontrakoa baizik. Segitzen dute errepresioaren politikarekin, eta hori biziki kezkagarria da. Errepresioarekin segitzen duteno saihesten dute funtsezko arazoa aipatzea.
Balio izan zuen borroka armatuaren aldeko hautua egiteak?
Borroka armatua abiatzea eta garatzea beharrezkoa zen Iparraldean ere, Euskal Herriak bizirik irauteko, kontzientziak iratzartzeko, arazo politikoa mahai gainean emateko, aterabide batzuk proposatzeko. Abertzaletasuna orain indartu da, egitura batzuk sortu, borrokaren inguruan dinamika piztu. Mugimenduak baditu beste tresna batzuk orain. Harritu naiz entzutearekin, edozein alderdikoak izanik ere, nola mintzatzen diren Euskal Herriko instituzioaren alde, salatuz Pariseko jakobinismoa eta galdeginez herri kontsulta bat, mobilizatuz. Funtsezko aldaketa izan da azken hamarkadan, eta horrek ekarri du estrategia aldaketa.
Zeinekarpen egin dute presoek bake prozesuari buruzko eztabaidan?
Handia, bereziki sostengatu dutelarik estrategia aldaketa eta bake bidea. Preso nintzelarik, bagenituen eztabaidak. IK-k borroka armatua utzi zuen duela hamar urte baino gehiago. Presondegian, denak euskaldunak gara, eta etsai bera dugu. Ez gara borrokatu preso izateko eta ateratzea galdegiteko. Nahi dute funtsezko arazo politikoa agerian pausatzea. Borroka armaturik gabe, mobilizatuz, segituz borroka politikoa. Madrilek eta Parisek ez dute egiten utziko.
Zer diozu Herri Harresiaz?
Borroka armatua baztertu da, eta ez da gibelerat egiterik. Desobedientzia zibila bide egokia iruditzen zait. Bide berriak asmatu behar ditugu. Europan ere ezagutarazi behar dugu egoera hau, eta, nire ustez, ez dugu aski indar egiten. Bide egokia da horrelako egitateak emendatzea. Esaterako, desobedientzia zibila bide zaila da. Kaskak hartzeko arraposturik eman gabe, indartsua izan behar da.
Estrategia aldaketa ez ote da jin ahultasun baten ondorioz?
Ez. Herria gai izan da bi borroka armatu eramateko ere. Momentu batez pausatu da ea bide hori segitu behar zen edo ez. Berrogei urteko mugimenduaren ondoan, argi dago baldintzak aldatu direla. Momentu batez deliberatu da hobe zela borroka armatua uztea.
Ez ote da estatuen garaipen bat?
Ez, ez da errepresioarengatik hartu. Borroka armatua hasi dugularik, hamar pelatu ginen armarik gabe, eta bi estaturen kontra. Errepresioarengatik, borroka armatua garatu da, ez da gelditu.
Aieteko Adierazpenaren ondoren,Bake Foroak. Zein da ekarpena?
Helburua da bake prozesua ezagutaraztea Euskal Herrian eta kanpoan. Manera bat da ere ezagutarazteko euskaldunei beste tokietan izan diren bake bideak. Manera bat da ere sostengua bilatzeko Euskal Herritik kanpo, nazioarteko pertsona ezagunen sostengua biltzeko, ezagutzeko.
Galdetzen dute ETA desagertzea.IK-k ez du egin. ETAk desagertu beharko luke?
ETAk anitz egin du bake bidea abiarazteko, aitzinatzeko. ETA bezala, ez du desagertzerik. Erabaki du borroka armaturik ez egitea, eta erabaki itzulezina da. ETAk egin ditu aski urrats, eta, orain, gizarteak eta estatuekegin behar dituzte. Urratsak izanen direlarik, negoziatzen ahalko dute. Ez zait bidezkoa iruditzen ETAri galdetzea gehiago estatuek deus egiten ez dutelarik, errepresioa deino.
Estatuak goxoan dira horrela?
Nahi dute sinetsarazi ETA horretara ailegatu baldin bada errepresioarengatik ailegatu dela. Errepresioarekin segitzen dute, funtsezko arazoa ez aipatzeko. Estrategia berri hau garatzen badugu, estatuak ez dira goxoan izanen. Euskal Herriko arazoa eta frantses eta espainol estatuek Euskal Herrian pausatzen duten arazoa ezagutuagoa izanen da. Beharko dute aterabide bat atzeman.
Gizarte zibilean, gehienek lurralde elkargoaren alde egin dute. Abertzaleen ekarpena da?
Batera eta horrelako kolektiboetan, abertzaleak motorrak dira. Abertzaleek erraten dugu Euskal Herriak bere gain hartu behar duela. Gaur pausatzen den eskakizuna da lurralde kolektibitatea. Horrek ekar dezake Ipar Euskal Herriaren ezagupena. Funtsezko eskakizuna da, eta, ene irudiko, zaila izanen da erdiestea. Printzipiozko erabaki politikoa da. Frantses Estatuak onar dezake Ipar Euskal Herria badela, instituzio propio bat plantan emanez.
EH Bai baliagarria da abertzaleen indarra erakundeetara eramateko?
Horretarako erabaki zen EH Bai abertzale mugimendu bihurtzea. Helburua hori da: abertzale mugimendu indartsu bat eraikitzea ahal bezainbat hautetsi izateko herriko etxe eta instituzioetan. Erran behar dut, ahoan bilorik gabe, ez ditugula gure betiko zatiketa eta kalapitak gainditu oraindik.
Filipe Bidarte. Militante abertzalea, IK-ko preso ohia
«Errepresioarekin segitzen dute, funtsezko arazoa ez aipatzeko»
Etxetik kanpo 31 urte pasatu ondoren, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea du orain Filipe Bidartek. Egindako bidea, egoera politikoa eta abertzaleen erronkak aipatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu