Errepidea, gizarteari emateko bidea

Gora egin du manifestazio kopuruak Euskal Herrian. Iaz Nafarroan 2.804 manifestazio egon ziren, 780 Bilbon, 315 Donostian, 633 Gasteizen eta 92 Baionan. Adituek diote kopuru horiek «erabat politizatuta» dagoen gizarte baten erakusle direla.

Manifestazioa
Manifestazio bat Bilbon, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Herri mobilizatu baten isla dira datuak. Egunean bi manifestazio izan ziren Bilbon, iaz, batez bertze. Juan Mari Aburto Bilboko alkatearentzat «gehiegi» egiten dira, eta horrek «herritarren bizi kalitatean» eragiten du. Hortaz, «beharrezkoa ez denean» errepidea ez mozteko eskatu zuen, eta manifestazioak espaloitik egiteko. Hari horretatik tiraka, protesta kopuruetan eta nolakotasunetan arakatu dute adituek, gizartearen argazki bat egiteko. Igor Ahedo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzia saileko zuzendari eta Parte Hartuz taldeko ikertzailearentzat, «protestak desinhibitzen dituen herri bat lehertu egin daitekeen herri bilakatu daiteke».

Izan ere, Ahedok iritzi du politika ez dela soilik ekonomiaren «berrelikadura», bertze hainbat elementu ere kudeatu behar direla, zeinek ez duten utziko gizartea «lehertu egingo den presio eltze» bilakatzen. Horren haritik interpretatzen du berak zenbat manifestazio egiten den Euskal Herrian: iaz 2.804 egin ziren Nafarroan –batez bertze, egunean zazpi eta zortzi manifestazio bitarte–, 780 Bilbon, 633 Gasteizen, 315 Donostian eta 92 Baionan. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak lurralde osoko datuak jakinarazi dizkio BERRIAri; Ertzaintzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru hiriburuetakoak; eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, Baionakoak.

Nafarroan, adibidez, 2022an 2.464 manifestazio egin ziren, eta 664.000 pertsonako biztanleria zuen. Testuinguru hori aintzat hartzen dute agintari batzuek Euskal Herrian mobilizazio «gehiegi» egiten direla errateko, baina adituak ez daude ados. Arkaitz Letamendia EHUko doktorea da politika zientzietan. Protesta formak herri mugimenduen «tresnak» direla iritzi du, eta manifestazioak direla azken urteetan erabili diren protesta formetarik ohikoena, mugimenduen helburuak erdiesteko tresnarik egokiena izan direlako.

Celia Carbonell Kataluniako Iridia giza eskubideen aldeko erakundeko kidea, da eta bat egiten du Letamendiaren planteamenduarekin, manifestazioak gizarteak izan ditzakeen «ondoezak erakusteko» aukera direla baitio: «Protestek elkarrizketa bat abiatzeko bidea ematen digute instituzioekin edo boterea duen edozein nukleorekin. Eskari bat egiteko modua da kalera ateratzea, kaleak hartzea. Instituzioek gu ikus gaitzaten, eta guk haiek seinala ditzagun». Herritarren desadostasuna «babesteko» modu bat ere badela uste du, eta «gizarte baketsuak, oparoak eta demokratikoak eraikitzea ahalbidetzen» dutela, hori delako «joko politikoa».

Carbonellek hizpide dituen ondoez horietako anitz eraman zituzten iaz kalera herritarrek: euskararen kontrako oldarraldi judiziala, etxebizitza eskubidearen nahiz osasun sistemaren egoera, zaintza eskubide kolektibo baten aldarrikapena edota erretretaren erreforma. Gai anitz, baita aurreko urteetan baino gehiago ere: 2022ko datuekin alderatuta, Nafarroan, Bilbon eta Gasteizen gora egin du erregistratutako manifestazio kopuruak –komunikatutakoak eta komunikatu gabeak kontuan hartuta–: %15, %22 eta ia %24, hurrenez hurren. Donostian, berriz, %11,5 egin du behera.

Hauteskundeak eta pandemia

Gorabehera horiek, baina, testuinguruarekin aztertu behar dira, bi aldagai kontuan izanez: iazkoa hauteskunde urtea izan zela, eta pandemiak markatutako urteak izan zirela aurrekoak. Letamendiak dio hauteskunde urteetan mobilizazioek gora egiten dutela: «Badago dialektika bat instituzioen eta herri mugimenduen artean, eta izan daiteke gatazkatsuagoa edo moderatuagoa. Gizartea bera hauteskundeak bezalako momentu batean badago, mobilizazio baten bidez izan nahi den inpaktua handiagoa izango da».

Ahedo ere ados dago planteamendu horrekin: «Munduko mobilizazio historiko asko ziurgabetasun politikoko egoera batean gertatu izan dira. Momentu horretan jendearen imajinarioan presente dagoelako egoerak okerrera egin dezakeela. Hauteskundeen aurreko testuinguru batean, jokoan dagoenak inplosioa gertatzeko aukera handiagoa dakar». Bertzetik, aldi horretan alderdi politikoek berek ere «kalkuluak» egiten dituztela dio.

«Munduko mobilizazio historiko asko ziurgabetasun politikoko egoera batean gertatu izan dira. Momentu horretan jendearen imajinarioan presente dagoelako egoerak okerrera egin dezakeela».

IGOR AHEDOEHUko Politika Zientzien Saileko zuzendaria

Pandemiak, berriz, 2020 eta 2021 bitartean eragin zuen bereziki, eta, murrizketa anitz egon baziren ere, protesta kopurua handia izan zen artean ere. Mugarik handienak 2020an egon ziren indarrean, eta hori kopuruetan hauteman daiteke. Nafarroan, erraterako, urte hartan aurten baino ia 700 manifestazio gutxiago egin ziren. Orduko protestarik esanguratsuenen artean daude SOS Ostalaritza plataformak antolatu zituenak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Milaka lagun bildu ziren mobilizazio haietan. 2021ean, ordea, gora egin zuten protestek, eta kopuruak pandemia aurreko datuetara hurbildu ziren. Hiru hiriburuetan, adibidez, 1.612 manifestazio zenbatu zituzten, aurten baino 116 gutxiago soilik.

Carbonellek dioenez, protestak eta mobilizazioak «aldian aldiko gizarte egoerara» moldatzen dira: «Pandemiak mobilizazio kopuruan eragina izan zuen, baina, ezarritako babes neurrien ondorioz, protesta egiteko bertze modu batzuk bilatu zituzten herritarrek». Hala, protesta eredua etengabe aldatzen ari dela, eta etorkizunean ere aldatu eginen dela iritzi du: batzuetan, manifestazio handiak izanen dira nagusi, eta, bertzeetan, desobedientzia ariketa «kreatiboagoak». Horrez gain, talde edo kolektibo bakoitzak ere manifestazioak edo protestak «bere modura» egiten dituela dio: «Ez du zerikusirik mugimendu ekologistaren manifestazio batek, edo etxebizitza eskubidearen aldeko protesta batek. Talde bakoitzak estrategia propioak ditu, beren egoerak, mezuak edo jasan behar duten errepresioak finkatuta».

Adituek diotenari jarraikiz, bi faktore horiek eragina izan dezakete iazko datuen bilakaeran, baina ez dute guztiz determinatzen. «Edozein direla ere kopuruen gorabeherak, ezin da ukatu Euskal Herria frankismoaren amaieratik hona gizarte mobilizatu bat izan dela, eta gaur egun ere hala dela», dio Letamendiak. Gainera, iazko datuak handiak dira, pandemia aurrekoekin nahiz hauteskundeak izan ez ziren urteekin alderatuta ere. Nafarroan, adibidez, 2.590 manifestazio egin ziren 2018an, eta 2.373, berriz, 2016an, osasun egoerari lotutako mugarik ez zegoenean, eta hauteskundeak baino urte bat lehenago eta beranduago, hurrenez hurren. Baionan, bestalde, 82 egin ziren 2002an.

Lan gatazkak eta presoak

Protesta kopuruetan gorabeherak badaude ere, horien tipologia nahiko lineala izan da 1980ko hamarkadatik gaur arte. Letamendiak Euskal Herriko manifestazio nahiz gainerako protesta formen tipologia aztertu zuen bere doktore tesian, 80ko hamarkadatik 2010 bitarteko gatazkak izan zituen mintzagai, zehazki. Iazko kasuari erreparatuz gero, nabarmena da bi izan zirela herritarren kezka nagusiak, hegoaldeko lau lurraldeetan: lan gatazkak eta euskal presoen auzia. «XX. mendearen amaieran eta XXI. mendeko lehenengo urteetan ere bi elementu horiek ziren nagusiak, modu oso indartsu batean. Zehazki, presoen egoerari buruzko mobilizazioek pisu oso handia zeukaten».

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ez ditu zabaldu iaz Ipar Euskal Herrian egin ziren manifestazioen tipologiak. Hala ere, hiru lurralde horietako mobilizazio gairik esanguratsuenak nabarmenak dira: erretreta, hezkuntza eta etxebizitza. Erretreten erreformari lotutako mobilizazioak urte hasieratik egon ziren indarrean, urtarrilaren 19an eta 31n milaka lagunek egin zuten protesta Baionan, eta, martxoan, 11.000 lagun baino gehiago bildu ziren hiri berean. Apirilean, berriz, bi izan ziren auzi nagusiak: iparraldean ere azterketak euskaraz egin ahal izatea eskatu zuten 3.000 lagunek, eta bertze hainbertze etxebizitza eskubidearen alde atera ziren kalera.

Denbora luzez pil-pilean egon diren gai horiez gain, urteak igaro ahala indarra irabazi duten bertze batzuk ere badaudela dio Letamendiak, feminismoa, kasurako. «Bai kalitate aldetik eta bai kantitate aldetik gorantz joan den auzia izan da», borobildu du. Berak aztertutako denbora tartean mugimendu horrek izan zuen bilakaera «harrigarria» zela dio, eta egun ere antzekoa dela erakusten dute datuek. Joan den azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorra, adibidez, Euskal Herrian bakarrik egin zen. 

Hegoaldeko iazko datuetan argi ikus daiteke, lau lurraldeetan protesten motibazioen zerrendan hirugarren lekuan kokatu dela feminismoa: Nafarroan, 166 manifestazio egin ziren gai horri lotuta, eta hiru hiriburuetan, 114 –66 Gasteizen, 28 Bilbon eta 20 Donostian–. Datu horiek aintzat hartzean eta lurraldeak alderatzean, baina, kontutan izan behar da espazio publiko batean egiten den edozein bilkura, hogei lagunetik gorakoa eta alde batetik bertzera mugitzen dena ulertzen dela manifestazio bezala. Hortaz, herri guztietan egiten direnak ere batu egiten dira zerrendara.

Herri mugimenduen agendan lekua galdu duten auziak ere badaude: antimilitarismoa da horietako bat. Letamendiak dio kasu bereziki «argia» dela hori: «Intsumisioaren gatazka guztiarekin 80ko eta 90eko hamarkadetan oso mugimendu indartsua zen, baina soldaduskak derrigorrezkoa izateari utzi zionetik, normala denez, mobilizazio forma horiek beherantz joan ziren».

«Mugimendu batek indarra badauka auzi edo arazo baten aurkako jarrera duelako, hori desagertzen denean mugimendua ere desagertuko da. Hau da, mobilizazioak ezin ditugu bere horretan aztertu, gatazka estrukturalei ere begiratu behar diegu».

ARKAITZ LETAMENDIAZientzia politikoetan doktorea

Hala ere, gogoratu du auzi horri lotutako mobilizazioek behera egin duten arren «antimilitarismoen formen eragina» gizartean iltzatuta geratu dela, «eredu» bat utzi duela. Fenomeno hori ere mobilizazioen bertze ondorioetako bat ere badela azpimarratu du. Hau da, ekintza horien bidez ez dira soilik auzi jakin batzuei lotutako aldarrikapenak gizartean errotzen, erabilitako formek ere irauten dute. «[Antimilitarismoarena] mugimendu oso kreatiboa zen, asko erabiltzen zituzten forma sinbolikoak edo umorea. Duela 40 urte ez zen ohikoa gauza bisualak egitea, umorez jositako ekintza kolektiboak, baina gaur egun eredu horri eutsi diote beste hainbat mugimenduk».

Kasu partikular hori manifestazioek nahiz gainerako protesta ereduek gizartean duten eragina –eta alderantziz– ulertzeko adibide badela dio: «Mugimendu batek indarra badauka auzi edo arazo baten aurkako jarrera duelako, hori desagertzen denean mugimendua ere desagertuko da. Hau da, mobilizazioak ezin ditugu bere horretan aztertu, gatazka estrukturalei ere begiratu behar diegu». Gizartearen errealitateek determinatzen dituzte, beraz, mobilizazioen tipologiak, baina baita kopuruak ere. Mobilizazioak dira gizarte baten ispilu: «Protesta formek eragina dute arlo politiko-instituzionalean, baina alderdiek eta instituzioek ere protesta formetan eragin handia dute».

Herri «politizatua»

Ahedorendako manifestazio kopuruak gora egin izanak ez du inondik inola ere erakusten Euskal Herriko herritarrek ohituraz edo errepikapenez egiten dituztela, baizik eta «erabat politizatuta dagoen gizarte baten eredu direla». «Batzuek diotenaren kontra, mobilizazioak ez dira ohitura bihurtzen ari, baizik eta prekaritatea, baldintza sozialen galera edo zerbitzu publikoen gainbehera ari dira ohiko bihurtzen», borobildu du.

Iritzi berekoa da Carbonell ere: «Hainbeste mobilizatzen den gizarte bat aurrera egin nahi duen gizarte bat da, bizi den espazioa eta herria eraikitzeko orduan elementu aktibo eta proaktiboa izan nahi duena». Adierazi du protesta egiteko eskubidea «askotarikoa» dela, hainbat eta hainbat eskubide eta askatasunek osatzen dutelako: adierazpen, informazio edo biltzeko askatasunak, adibidez. «Oinarrizko eskubide bat da, gure gainerako askatasunak lortu eta defendatzea ahalbidetzen baitigu», adierazi du.

«Hainbeste mobilizatzen den gizarte bat aurrera egin nahi duen gizarte bat da, bizi den espazioa eta herria eraikitzerako orduan elementu aktibo eta proaktiboa izan nahi duena».

CELIA CARBONELLIridia giza eskubideen aldeko erakundeko kidea

Alde horretatik, agintariek arlo publikoa nahiz gatazkak «kudeatu» beharko lituzketela iritzi du Ahedok, eta lan hori ez dela soilik errepideen edo terrazen arloan soilik lan egitea: «Instituzioek rol proaktiboago bat hartu beharko lukete negoziazioetan, eta ez beste alde batera begiratu. Burugabea litzateke politikariei eskatzea gatazka sozialetan bitartekari lanak egiteko? Ez dut uste. Politika ez da alkimia, negoziazioak egitea eta akordioetara iristea ere bere gain hartzen ditu. Eta mobilizazioak egitea, espazio publikoan desadostasunak adieraztea ere politika da».

Ahedok azpimarratu du Euskal Herriko gizartea ez dela soilik mobilizazio kopuruagatik nabarmena, «kapital sozial» delakoagatik ere bai: irakurtzen den egunkari kopurua edo enpresa sarean dagoen parte hartzea. Oro har, «komunitate zentzu» handia duen gizartea dela dio, bi ildori lotuta: klaseari eta nazioari. Haren erranetan, hori ez da mobilizazioen parte hartzean soilik nabari, Euskal Herriko kooperatiba sisteman, edo sindikatuen afiliazio tasetan ere ikus daiteke, zeina «bakarra» den Europan. «Aldagai horiek guztiak gizarte aberats eta anitz baten erakusle dira, eta demokraziaren ikuspuntutik ongi etorriak, aintzat hartuak eta zainduak izan beharko lirateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.