Erreparazioranzko aterpea

Torturatuen Sareak aurten Iruñean antolatutako hitzaldietan arreta psikosoziala aztertu dute. Bi urte daramate lanean Nafarroako kasuak ikertzen, eta bizitakoari aurre egiteko laguntza eskainiz biktimei.

2023-11-17, Iruñea. Torturari buruzko Nazioarteko II
Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako jardunaldiak, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

«Ez dugu mendekua, vendetta, bilatzen. Guk nahi dugu bizitako hori modu ofizialean aitortua izatea». Eneko Villegas Nafarroako Torturatuen Sareko kideak nabarmendu du beharrezkoa dela estatuak torturaren errealitatea onartzea, horrek lagunduko liekeelako biktimei. «Utopikoa da, baina uste dut guretzat arnasa hartzeko modu bat litzatekeela baita ospatzeko motiboa ere». Helmuga hori zaila eta urruna irudituagatik, sareak ez ditu besoak gurutzaturik, eta azken bi urteetan lan eskerga egiten ari da torturaren errealitatea bere osotasunean ezagutu eta ezagutarazteko. Era berean, erreparazioranzko bidean, aterpe bihurtu da.

Adibidez, atzo, torturaren ondorio psikologikoak eta horiei aurre egiteko moduei buruzko hitzaldi sorta egin zuen. Txileko eta Peruko esperientziaren berri eman zuten Lorena Perez eta Juana Luisa Lloret de Fernandez psikologoek, hurrenez hurren. Olatz Barrenetxea psikologoak ere arreta psikosozialaren gain jarri zuen fokua. Azkenik, Pau Perez psikiatra eta Pako Etxeberria auzitegi medikua erresilientzia eta erreparazioaren inguruan solastu ziren. Ia lau ordu pasako saioan, torturak uzten dituen zauri ikusezin baina sakonen gain aritu ziren.

Ondo ezagutzen ditu horiek Villegas atarrabiarrak. Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotu zuen Espainiako Poliziak 2010eko abenduaren 16an, Euskal Herriko beste 27 gazterekin batera, Segiren aurkako operazio baten baitan. «Bost egunez inkomunikatuta eduki ninduten. Tratu txarrak eta kolpeak jasan nituen». Epailearen aurrean, arindu moduko bat sentitu zuen: «'Ja ez dut infernu horretara itzuli beharko. Beste infernu batera joango naiz, kartzelara, baina han ez naiz bakarrik egongo', esan nuen nire baitan». Kolpean, amorrua ere sentitu zuen. Bizitakoaren berri ematean Grande Marlaskak ez zuen ezer egin: «Keinuen bidez antzematen zen ez ninduela sinesten. Hark bazekien zer gertatzen zen».

Bere kasua, artxibatuta

Atxilotutako gazteen artean salaketa larriak egin ziren. Egoi Irisarri ospitaleratu egin zuten, eta beste batzuk sexu erasoak salatu zituzten. Gerora haietako hamazazpiri, tartean Villegasi, Istanbulgo protokoloa egin zitzaien. «Psikologoek esan ziguten gogorra zela berriro bizi behar duzulako gertatutakoa eta mingarria zelako». Adituek ondorioztatu zuten sinesgarritasun osoa zutela denen kontakizunek. Villegasek epaitegian salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zen kasua.

Torturaren ondorioz, estres postraumatikoa geratu zitzaion. Urte eta erdi inguru eman zituen espetxean eta baldintzapean aske geratutakoan, arreta psikologikoa jaso zuen. «Gastatu dudan dirurik hoberena da. Ez naiz damutzen». Izan ere, 2013ko irailaren 30ean, berriro atxilotu zuen Poliziak, Herrira elkartearen aurkako operazioan: «Jasotako arreta psikologikoarengatik ez balitz, ez nintzateke hemen egongo. Pentsamendu batzuk izan nituen eta aurretik izandako lanketa oso garrantzitsua izan zen».

Egun, Torturatuen Sareko kide da. Duela bi urte sortu zen sarea: «Ikusi genuen behar genuela gurea azaleratu, inork ez zuela lan hori bere gain hartuko». Ordutik buru belarri ekin diote torturaren errealitatearen tamaina ikertzeari, eta kasuen errolda zabal bat egiten dihardute. «Jendeak ikusi gaitu, badaki ez garela erakunde bateko inor, baizik eta gure izenean hitz egiten dugula. Enpatia sortzen da».

Konfiantza esparru horrek lagundu egiten die, kaltetu bakoitzak hainbat modutan barneratu ohi duelako bizitakoa. Lehen aldiz gaiaz hitz egin dutenekin ere topatu dira: «Gure lanaren balioa ikusten dugu. Lehen aldiz hitz egitea pauso itzela da». Errespetuz jorratzen dute gerturatze hori. «Gure burua aurkezten dugu, baina bakoitzari utzi behar zaio nahi duena egiten, sekulako mina sortu duen egoera batez hitz egiten ari baikara eta horrek bizitakoa berrelikatzen baitu. Batzuk ez dute hitz egin nahi eta zilegia da oso».

Mila kasutik gora

Eneko Villegas Ariben bizi da egun, eta Piriniotako eskualdeetako kasuak ikertzea egokitu zitzaion. Hogei kasu zituen abiapuntu gisa eta egun 30 baino gehiago ditu. «Geroz eta lanketa gehiago egin orduan eta gehiago agertzen dira». Nafarroan orotara 1.073 kasu atzeman dituzte oraingoz, baina horien artean 150 pertsona oraindik ez dituzte identifikatu. «Espero ez genituen kasuak atera dira, espero ez genituen lagunak gerturatu zaizkigu, ideologia desberdinetakoak». Erriberan, kasu, jabetu dira frankismo garaiko torturatuak gerturatu zaizkiela eta ildo hori lantzen jarraitu behar dutela.

Euren lanari legitimitatea ematen dieten heinean, horrek guztiak «poza» eragin die, baina baita ardura ere. Arreta psikologikorako lantalde bat osatu dute. «Jendeari aipatzen diogu zaintzaren esparruan badugula talde bat eta batu nahi izanez gero, deitzeko. Zaila da zauriak ixtea baina horretan lagundu nahi dugu».

Ildo horretan, motibazio politikoko biktimen aitortzarako prozedurarekin bat egiteko deia egin die sareak torturatuei. Egin dira jada lehen eskaerak. Lau urte dituzte aurretik. «Eskatzen du urrats sakonago bat egitea. Txostena egin behar da eta gero erreparazio batzordearen aurrean zure kasua aurkeztu behar duzu. Konfiantza puntu bat eskatzen du. Jendea ez dago prest horretarako, pauso hori ematera ausartu behar da. Garrantzitsua da ofizialki agertuko delako. Gertutakoa ofizialki onartzea nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.