Louis Joinet institutuak ikertuko du Betharramgo sexu erasoen eta bortizkeria kasuen zergatia

Betharramgo kongregazioak komisio bat sortzeko ardura eman zion Louis Joinet institutuari ebiakoitzean, institutuak antolaturiko jardunaldi batzuetan. Jean Francois Blanco abokatuak erran du Elizak barkamena eskatu behar duela biktimei.

Louis Joinet institutuko jardunaldiak, ebiakoitzean, Baionako Fakultatean. PATXI BELTZAIZ
Louis Joinet institutuko jardunaldiak, ebiakoitzean, Baionako Fakultatean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2025eko martxoaren 17a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur arratsaldean, Anne Bisagni Faure Bordeleko akademiako errektoreak iragarri du Betharramgo (Okzitania) Beau Rameau ikastetxea —Notre Dame de Betharram ikastetxearen ondorengoa— kontrolatuko duela. Hain zuzen ere, ikastetxeko oraingo kudeaketa ikertuko dute. Ikuskaritza martxoaren 17an abiatuko dute Beau Rameau ikastetxean, eta, kazetariek behin eta berriz galdegin arren, errektoreak uko egin dio akademiaren ikerketa Betharramgo ikastetxeko sexu erasoen aferarekin lotzeari. Aldiz, horren ardura Louis Joinet institutuak izanen du. Ebiakoitzean institutu horrek Baionan antolaturiko sexu erasoen kontrako jardunaldietan, Betharramgo (Okzitania) kongregazioak iragarri zuen komisio bat sortuko dutela izen bereko ikastetxe katolikoan eginiko sexu erasoen biktimak laguntzeko eta erreparazioa antolatzeko.

Betharramgo kongregazioko bozeramaile Laurent Baxok erran zuen komisioa «independentea» izanen dela. Horren karietara, Jean Marie Ruspil eskualdeko bikarioak komisioaren eginbeharrak aletu zituen. Oro har, Louis Joinet institutuak Betharramgo ikastetxean izan diren sexu erasoen eta bortizkeria kasuen zenbaketa eginen du. Bertzalde, komisioak Betharramgo erasoen ezaugarri «sistemikoa» aztertu beharko du, eta errekonozimendu neurriak proposatu beharko ditu. Errekonozimendua ez ezik, biktimen erreparaziorako neurriak ere hausnartu eta proposatu beharko ditu. «Hobeki ulertu nahi dugu zer gertatu den eta zein izan den biktimen sufrikarioa», azaldu zuen Baxok, «eta, ahal bada, sufrikario hori eztitu».

Betharramgo kongregazioak komisioaren lan metodologia finkatu du. Biktima «guziak» adituak izan daitezkeela zehaztu zuen Ruspilek, eta aditzera eman zuen haien ordezkari batek komisioan parte hartuko duela. Baxok erran zuenez, kongregazioak bere gain hartuko du komisioaren gastuen ordaintzea, baina ez du parte hartuko hango kideen hautaketan, «independentzia osoz» arituko baita.

Louis Joinet institutuko presidente Jean Pierre Massiasek baieztatu zuen komisioa sortuko dutela, eta zehaztu lanean hasi direla, abokatuak, historialariak, magistratuak eta, oro har, Elizako sexu erasoen inguruan aditua den jende «berezitua» bilduz. Jardunaldiaren bukaeran, aldarrikatu zuen «denen artean» eratuko dutela komisioko lantaldea. Halere, erantsi zuen komisioak «ahal duena» eginen duela erreparaziorako bideak sortzeko, baina balitekeela «nahikoa ez izatea», Betharramgo «desmasia» ikusirik. Gehitu zuen bortizkeriaren erroak ikertzeak ez diela biktimei erreparaziorik ekarriko, baina tresna batzuk eskainiko dituela segurtatu zuen. «Ezingo dugu dena egin, eta baliteke komisioaren aholkuak segituak ez izatea, baina segitzen ez dituztenek beren gain hartu beharko dituzte ondorioak».

«Ezingo dugu dena egin, eta baliteke komisioaren aholkuak segituak ez izatea, baina segitzen ez dituztenek beren gain hartu beharko dituzte ondorioak»

JEAN PIERRE MASSIASLouis Joinet institutuko presidentea

Massiasek iragarri zuen Hegoafrikan, Argentinan eta munduko bertze diktadura batzuetan erreparazioa plantan jartzeko sorturiko komisioek bezala funtzionatuko duela. «Biktimak entzunen dira, biktimak sinetsiko dira, eta bortizkeriaren kontakizun orokorra eginen da komisioan». Hain zuzen ere, Massiasen arabera, ulertu nahi dute nola izan den «hainbertzeko bortizkeria» espazio berean eta, batez ere, nolaz isildu den bortizkeria.

Komisioaren helburuak zehazturik, argi utzi zuen biktima bakar bat ere ez dutela bide bazterrean utziko eta guziak berdintasunez tratatuko dituztela.

Biktimak, haserre

Betharramgo biktimetako batzuek haserrea adierazi zuten komisioaren sorreraren harira, eta protesta egin zuten horren berri emateko antolatutako agerraldian. Arnaud Gallaisek, Betharramgo biktima batek, «zurikeria» dela salatu, eta komisio horretan parte hartzea errefusatu zuen: «Ez dut parte hartuko batzorde horretan, jakinik Betharramgo elizgizon batzuk hor izanen direla».

Gainera, Betharramgo eta  Uztaritzeko (Lapurdi) bertze bi biktimak lekukotasuna eman zuten. Horietarik bat Jean Baptiste Arregi da. Haren erranetan, Elizak «aspalditik» zekien sexu erasoak eta bortizkeria kasuak bazirela ikastetxeetan. Haren hitzetan, CIASE Elizako sexu abusuen batzorde independenteak egin lan «ikaragarrian» agertzen da Kanbon (Lapurdin) Artzaindeia deituriko zentro mediko-psikologikoa 1956an ireki zutela «bide okerrean» ziren apezen artatzeko. Zehaztu zuenez, haurrekin «arazoak» izan zituzten apezak harat igortzen zituzten.

«Urte anitzez, eta gaur egun oraino, zailtasun handiak ditut egunean hiru otordu kudeatzeko: anitzetan traumaren ondorioa izan da ez jatea» JEAN REMI ARRUYERBetharramgo biktima

Bertzalde, Jean Remi Arruyer biktimak salatu zuen Betharramek «pedofilia eta bortizkeria» usaina duela. Karrikart apezak eraso ziola kontatu zuen, eta egunean «24 orenez» isiltasunera kondenatuak zirela. Hori baino gehiago, Betharramen pairaturiko erasoek «bizi osorako» elbarritu dutela erantsi zuen. Bertzeak bertze, kontatu zuen erasoen ondorioetarik bat haurtzarotik gaurdaino tratamendu psikologikoa pairatu behar izana dela, eta elikadura nahasmenduak eragin zizkiola ere bai. «Urte anitzez, eta gaur egun oraino, zailtasun handiak ditut egunean hiru otordu kudeatzeko: anitzetan traumaren ondorioa izan da ez jatea». Arruyerrek aditzera eman zuen diruak ez duela erreparaziorako bidea irekitzen, eta «egiazko» erreparaziotik «biziki-biziki urrun» dela oraino.

Sistema judizialaren mugak

Biktimek ez ezik, Jean Francois Blanco abokatuak ere hitza hartu zuen sistema judizialaren pasibotasuna salatzeko. Izan ere, Blancok kontatu zuen Betharramgo ikastetxeko Karrikart apezaren kontrako salaketa 1996an ailegatu zela, bortxaketa eta bortizkeriagatik. Berantago, Paueko prokuradoreari Karrikart apezaren kontrako bertze seinalamendu batzuk helarazi zizkioten arren, 1998ko maiatzean astebetez «bakarrik» presondegiratu zutela salatu zuen. Karrikart magistratuaren aitzinean igaro behar izan zelarik ere, hitzorduak etengabe egunez aldatzen zituztela deitoratu zuen abokatuak. Oro har, Justizia Betharramen gertatzen ari zenaz jakinean zela erran zuen Blancok. «Ez zaie kasu izpirik egin Karrikart apezaren kontrako salaketei, ezta bertze seinalamendu guziei ere. Orduan, nik ez dut sinesten justizia bat-batean iratzartuko dela eta bere eginbeharrak beteko dituela. Justizia eginen da guk eta biktimek eta herritarrek bultzatzen badugu».

«Nik ez dut sinesten justizia bat-batean iratzartuko dela eta bere eginbeharrak beteko dituela. Justizia eginen da guk eta biktimek eta herritarrek bultzatzen badugu» JEAN FRANCOIS BLANCOAbokatua

Haren erranetan, sistema judizialak «abandonaturik» utzi ditu biktimak orain arte, eta Elizak barkamena «lehenbailehen» eskatu behar duela exijitu zuen. «Biktimek barkamena eskatzen dute, eta ez da oraino arribatu. Biktimek behar dutena barkamena da, erreparazioaren lehen pausoa izanen baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.