Erreparazioa, erantzukizun kolektiboaren bitartez

Urteak dira mugimendu feminista egungo justizia eredua zalantzan jartzen hasi zela. Haren irudiko, sistema horrek ez du biktima erdigunean jartzen, eta bidea zabaltzen dio birbiktimizazioari. Ardurak hartzeko ordua dela uste dute.

 Mugimendu feministaren banderola bat, Bilboko epaitegien aitzinean, artxiboko irudi batean.  MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mugimendu feministaren banderola bat, Bilboko epaitegien aitzinean, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gaur egun, kulturalki, zigorrean oinarritutako sistema bat dugu, eta sistema judizialak ere horri erantzuten dio. Horrek erasotzailean jartzen du arreta, eta guztiz kanpo uzten ditu indarkeria matxistaren biktimaren erreparazioa eta erantzukizun kolektiboa». Joana Etxano Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeko kideak eta Justizia Feminista Eztabaidagai ponentziaren hausnarketa prozesuko parte hartzaileak zalantzan jarri du egungo justizia eredua balekoa ote den indarkeria matxistari aurre egiteko; nabarmendu du «nekez» erdiesten duela biktimen erreparazioa bermatzea. Hain zuzen, urteak dira mugimendu feminista eredu hori auzitan jartzen hasi zela.

Azaldu duenez, egungo sistemak erasotzailea «munstro» bezala irudikatzen du, eta ikuskera horrek indarkeria matxistaren arazoa «indibidualizatu» bertzerik ez du egiten. Are, haren irudiko, sistema horrek ez du bermatzen erasoa berriz gertatuko ez denik: «Zigorrak gero eta handiagoak izateak edo gero eta gogorragoak izateak ez du esan nahi delitu edo eraso gutxiago egongo denik. Kontrastatuta dago horrek emakumeoi ez digula inolako bermerik ematen: ez digu balio».

«Zigorrak gero eta handiagoak izateak edo gero eta gogorragoak izateak ez du esan nahi delitu edo eraso gutxiago egongo denik»

JOANA ETXANOMugarik Gabe-ko kidea

Hortaz, Etxanoren irudiko, abiapuntua aldatu beharko litzateke: «Sistema irauli behar da, eta prozesuak ez dira hain sinpleak». Argi du aldaketa horrek ez duela erran nahi erasotzaileei erantzukizuna kendu behar zaienik, baizik eta biktima erdigunean jarri behar dela, eta prozesua haren beharretara moldatu. 

Bide horretatik mintzatu da Goizeder Otazua EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Prozesaleko irakaslea ere: «Zigor sisteman beti jarri izan da fokua akusatuaren gainean: haren eskubideak zein diren, eta prozesuak horiek bermatu behar dituela. Orain dela urte batzuetatik aurrera, begirada hori aldatu egin da, eta biktimari ere zabaldu zaio bere hitza entzunarazteko eskubide hori, zer behar duen bere kaltea ongitzeko».

Birbiktimizazioa

Etxanok azaldu du emazteki horietako bakoitzaren kaltea ez dela zertan modu berean erreparatu. Are, anitzek ez dute bide judiziala hartu nahi izan: «Prestatuta egon behar duzu bide hori hartzeko, oso prozesu gogorra izaten baita, zaila. Halere, nahiz eta bide judizialak bermerik ez eman, emakume batek agian nahi du sistema judizialak arrazoi ematea; igual horrek balio dio».

Otazuak gehitu du bikote harremanetatik kanpo izaten diren sexu erasoen %8 bertzerik ez direla iristen auzitara. Eta bide hori hartzen dutenak superwoman-ak direla: batetik, «ingurukoen txutxu-mutxuak» jasan behar dituztelako; eta, bertzetik, «prozesu oso gogorra» delako, eta behin eta berriz kontatu behar dutelako gertatutakoa, gehienetan genero gaietan inolako formakuntzarik ez dutenei. «Prozesuaren hasieran biktima zara, eta prozesuan, berriro ere bai; erreparazioaz ari gara, baina birbiktimizazio hori jasan behar dute salatzea erabakitzen dutenek. Botere judiziala herritarrak babesteko dago, euren eskubideak urratzen direnean babesteko, ez biktimizazioa sortzeko», erran du Otazuak.

Otazuari ezinbertzekoak zaizkio bai erreparazioa, eta bai erasoa berriz ere gertatuko ez delako bermea, baina horretarako egungo sistema errotik aldatu behar dela uste du. «Erreparazioaz ari gara, baina estatuak zelan bermatuko dit niri hori? Nor ari da honi buruzko formakuntzak egiten? Administrazio publikoa? Gizartea? Genero ikuspegia arlo judizialean txertatzeaz ari gara, baina nola eskatu ahal diogu botere judizialari gizarteak ez daukan hori?». Izan ere, azaldu du gizartean badagoela oraindik berdintasun legeak konstituzioaren kontrakoak direla erraten duenik.

«Genero ikuspegia arlo judizialean txertatzeaz ari gara, baina nola eskatu ahal diogu botere judizialari gizarteak ez daukan hori?»

GOIZEDER OTAZUAEHUko Zuzenbide Prozesaleko irakaslea

Etxanok azaldu du erreparazioak erantzukizun kolektiboa dakarrela berekin, eta horrek deserosotasun asko sorrarazten dituela: «Ez dakit prest ez gaudelako den, ez dugulako nahi, edo guztiaren nahasketa bat». Nabarmendu du guztiek ez dutela erantzukizun bera, baina indarkeria matxistari erantzuteko ardura kolektiboa dela: «Erasotzaileen inpunitatea inguruak baimentzen du, eta horren ardura hartu behar dugu. Erasotzaileak ezin ditugu munstro indibidual bezala aztertu; guztien artean eman diogu eraikitzeko baimena».

Ados dago Otazua: legeak eta hitzarmenak bideratu behar direla argi du, baina hezkuntza izanda oinarria. «Gizartearen ikuspegia aldatu behar da, errotik. Berdintasunean hezi behar dugu jendea».

Askotariko prozesuak

Etxanok gehitu du erreparaziorako bide judiziala hautatzen ez duenik ere badela, eta proposamen anitz dagoela sistema judizialetik kanpo, justizia feministaren markoan ulertu daitezkeenak. Adibidez, emazteki batzuek beren inguruko talde feministetan edo bertzelako elkarteetan egiten dute lanketa, arlo psikologiko eta sozialean. «Finean, testuinguru eta prozesu bakoitza pertsonala da, nahiz eta kolektibotasunean gertatu», borobildu du.

Halere, proposamen horiek ere mugak dituztela uste du: «Gero eta gehiago entzuten da salaketa ez dela bide bakarra. Baina administratiboki ez gaude horretarako prest, eta sozialki ere zalantza asko dago, zigorraren kultura hori oso erraietan baitaukagu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.