Errenterian manifestazio jendetsua egin dute Voxen ekitaldiaren aurka

Voxek karpa bat jarriko du bihar, eta, horren harira, kaleak eta balkoiak aldarriz betetzera deitu dute eskuin muturraren aurka. Manifestazioaren bidez herriaren «nortasun antifaxista» agerian geratu dela uste du Errenteriako Herri Ekimenak.

Gaurko manifestazioa, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gaurko manifestazioa, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko otsailaren 21a
20:21
Entzun

Voxek karpa bat jarriko du bihar goizean Errenterian (Gipuzkoa). Eskuin muturraren aurka daudela adierazteko manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsean Errenteriako kaleetan. Errenteriako Herri Ekimenak antolatu du ekinaldia. Manifestazio amaierako mezuan, gogorarazi dute eskuin muturrak eskubideetan atzera egitea dakarrela, eta askatasunaren eta eskubideen alde pauso bat aurrera ematera deitu dute.

Manifestazio buruan, hizki larriz oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna zioen kartel bat zeramaten antolatzaileek, eta, atzerago, eman ostikoa faxismoari zioen beste bat. Kalea jendez mukuru zegoen, eta errenteriarrek ozen egin dute oihu eskuin muturraren presentziaren aurka. Ikurrina ugari ikusi dira tartean.

Manifestazioan, Errenteriako Herri Ekimeneko kideek azaldu dute Euskal Herrian goraldi atzerakoia ez dagoela egituratua. Dena den, haien irudiko, «Euskal Herria ez da burbuila bat». Izan ere, uste dute euskal gizartean ere joera erreakzionarioak sumatzen direla, eta, bertako hainbat sektorek eskubideen alde borrokatu badute ere, arriskutsutzat jotzen dute joera hori. «Balio atzerakoiak hedatzen ari dira gurean, eta eskuin muturrak gai batzuei buruz zabaltzen dituen mezuak euskal jendartean barneratzen ari dira», ohartarazi dute.

Arrisku hori ikusita, askotarikoen arteko aliantzaren beharra aldarrikatu dute. «Sinetsita gaude gure herriaren alde elkarrekin ekinez, eskubide eta askatasun gehiagoren alde lerrokatuz, oldarraldi faxistari ateak itxiko dizkiogula», azpimarratu dute.

Biharko ekitaldiari begira

Manifestazioaren bidez errenteriarrek herriaren «nortasun antifaxista» erakutsi dutela deritzote. Halaber, Voxek bihar egingo duen agerraldiari erantzuteko asmoz, balkoiak eta kaleak aldarriz betetzera deitu dute. «Voxen edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta probokazioei ez erantzuteko eskatzen dugu». 

Azkenaldian, Vox antzeko karpak jartzen ari da Euskal Herrian. Berriki, hala egin du Nafarroan: besteak beste Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Berriozarren. Bietan oldartu zitzaizkien herritarrak eskuin muturrekoei, eta Foruzaingoa, berriz, herritarrei. Gaur antzeko karpa bat jarri du Lasarte Orian, eta bihar Irunen beste bat jartzekoa da.

Errenterian, adierazpen instituzionala sinatu dute udaleko talde guztiek; EH Bilduk, PSE-EEk, EAJk, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak eta PPk, alegia. Voxek ez du ordezkaritzarik udalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.