Asteazken arratsaldean egin zien Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) omenaldia ETAren hiru biktimei. EH Bilduk gobernatutako udal batek espreski ETAren biktimei eginiko aurrenekoa izan zen Errenteriako omenaldia. Han izan ziren Julen Mendoza alkatea, ETAk hildakoen senideak eta udalean ordezkaritza duten talde guztietako zinegotziak. Baita PPko Errenteriako kideak ere, nahiz eta ordezkaririk ez izan udalean.
Errenteriako Udalaren ekitaldia «eredugarritzat» jo dute Eusko Jaurlaritzak, EAJk eta PSEk. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren iritziz, «aurrerapausoa» da omenaldia, eta «adierazpen normalizatua» izan beharko luke.
Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentearen ustez, berriz, Errenteriakoa «ezker abertzaleak azken urteotan egidako keinurik garrantzitsuena izan da», eta bide horri jarraitu beharko liokete ezker abertzaleak eta presoek. «Keinu hori egingo balute, eraiki behar dugun bizikidetzan aurrerapauso handiak emango ditugu», esan du Ortuzarrek.
Eneko Andueza PSEko Gipuzkoako idazkari nagusi berriak ere dei egin die ezker abertzaleko alkate eta arduradunei Errenteriako ereduari jarraitzeko. «Egindako samina aitortzea eta terrorismoa gaitzestea izan da, neurri batean, Mendozaren keinua».
Gogora-ko zuzendaritza
Eusko Legebiltzarrak atzo aukeratu zituen Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritzako ordezkariak. Iñigo Iturrate (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Pili Zabala (Elkarrekin Podemos), Jose Antonio Pastor (PSE) eta Carmelo Barrio (PP) izango dira zuzendaritzako kideak. Joan den otsailean, legebiltzarrak aho batez aldatu zituen institutu horren estatutuak, PP zuzendaritzan ordezkatuta egon zedin.
Errenteriako Udalaren ekitaldia «eredugarritzat» jo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu