Errenteriako udal gobernuak akordioa egin du EAJrekin, 2025eko aurrekontuak onartzeko

67,9 milioi euroko aurrekontua adostu dute datorren urterako. Udalak EAJren «proposamen gehienak» txertatu ditu azken proiektuan.

Errenteriako udal gobernuak eta EAJk akordioa egin dute 2025eko aurrekontuak onartzeko. ERRENTERIAKO UDALA
Errenteriako udal gobernuak eta EAJk akordioa egin dute 2025eko aurrekontuak onartzeko. ERRENTERIAKO UDALA
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko azaroaren 26a
19:55
Entzun

Errenterian (Gipuzkoa) «elkarlanerako bidean urrats garrantzitsu bat» egin dutela jakinarazi du gaur Aizpea Otaegi alkateak X sare sozialean. Hain zuzen, 2025eko aurrekontuak onartzeko, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos taldeek osatzen duten udal gobernuak akordioa egin du EAJrekin. 67,9 milioi euroko aurrekontua adostu dute horrela, aurtengoa baino %2,43 handiagoa.

Udal gobernuak hilaren hasieran egin zuen aurrekontu proposamena. Ohar bidez azaldu dutenez, ordutik, elkarrizketak izan dituzte gainerako alderdiekin, haien ekarpenak jasotzeko eta aurrekontu proposamena hobetzeko. Gaur arratsaldeko udalbatzan bozkatu dituzte aurrekontuak, eta, jakinarazi dutenez, EAJk abstentzioaren alde egin du: aldeko 11 boto jaso ditu proiektuak, eta sei kontrako.

Lau erronka nagusi hitzartu dituzte datorren urterako. Hiria berroneratzeko proiektuak areagotu nahi dituzte, eta babes soziala handitu. Horrez gain, asmoa dute trantsizio ekologikoan sakontzeko, eta kulturari bultzada bat emateko. «Etorkizuneko erronkei sendotasunez erantzun nahi badiegu, ezinbestekoak dira akordio zabalak», adierazi du Otaegik.

EAJk egindako «proposamen gehienak» txertatu dituzte aurrekontuan azken proiektuan. Oro har, 405.000 euroren ekarpenak txertatu dituzte. Besteak beste, aurrekontua erabiliko dute herriko puntu beltzak eguneratzeko, herrian dauden etxebizitza hutsen azterketa egiteko, eta lehen sektoreko ekoizleen produktuak merkaturatzeko bideak errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.