Errenteriak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio tentsio handiko eremu izendatzeko

Pausoa eman duen lehen udalerria da. Udalak 1.200 etxebizitza publiko inguru eraikitzeko asmoa du.

ERRENTERIA, AIZPEA OTAEGI
Maite Gartzia Errenteriako alkateordea, Aizpea Otaegi alkatea eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotzia. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
Errenteria
2024ko otsailaren 6a
19:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak jaso du jada tentsio handiko eremu izendatzeko lehen eskaera: Errenteriako Udalarena (Gipuzkoa). Gaur bertan bidali dute. Errenteriako udalbatzarrean onartu dute eskaera egitea eta, hala, urratsa egin duen lehen udalerria izan da. Espero dute hiru eta sei hilabeteko tartean lortzea izendapena, eta horrek, besteak beste, aukera emango die udalerriko alokairuen prezioa mugatzeko. 

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eman du eskaeraren berri, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziarekin eta Maite Gartzia alkateordearekin batera, gaur egin duten agerraldian. Jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzan beharrezko agiriak entregatu dituztela: Ikertalde aholkularitzak egindako egoeraren diagnostiko zehatza eta hiru urterako ekintza plana. Udalak babestutako etxebizitzak nabarmendu ditu plan horretan: 1.200 etxe inguru eraikitzeko asmoa dute Altzate, Esnabide eta Gamon auzoetan; horietatik %54 etxebizitza publikoak izango dira. Plana udal ordezkaritza duten gainerako alderdiekin hitzartu dutela adierazi du alkateak. 

Otaegik ziurtatu du Errenterian «etxebizitza hornidura nahikoa ez izateko arrisku berezia» egon daitekeela, eta hiru faktore aipatu ditu tentsio handiko eremu izendatzea eskatzeko arrazoi gisa: «Batetik, gehiago dira bertan bizi nahi duten eta beste udalerri batzuetatik datozen gazteak, gure herritik kanpora doazenak baino; bestetik, gero eta jende gutxiago bizi da etxebizitza bakoitzean —pertsona bakarra edo bi bizi dira etxeen %62tan—; eta, azkenik, Donostiako prezio handiek jendea inguruko herrietara bideratzen dute, eta Errenteria da hautatzen dituzten herri horietako bat».

Gaineratu du udalerriak betetzen duela tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzetako bat: alokairua eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) gutxienez etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa izatea. Errenterian %33 da. Alokairuen prezioen igoera %17 baino gehiagokoa izatea da beste baldintzetako bat (KPIa + hiru puntu). Baldintza hori ez du betetzen, Eusko Jaurlaritzaren arabera; Errenteriako Udalak, ordea, uste du baietz. 

Eskaera egin berri dute, eta, orain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak onartu egin behar du —hiru eta sei hilabete arteko epean, udalaren kalkuluen arabera— eta, ondoren, Errenteria tentsio handiko eremu izango litzateke hiru urtez. Ondoren, izendapena luzatzeko eskaera urtero egin ahal izango du udalak, betiere herriak irizpideak betetzen jarraitzen badu. 

Otaegik azaldu du etxebizitza eskubide eta «bizitza proiektuak garatzeko ezinbesteko baldintza» gisa ulertzen dutela. Espainiako Etxebizitza Legeari jarraikiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste berrogei herrik betetzen dute tentsio handiko eremu izateko bi baldintzetako bat, eta horietako batzuek jada iragarri dute asmoa dutela izendapena eskatzeko.

Errenteria tentsio handiko eremu izendatzeak maizterrentzat dakartzan abantailak: 

 

  1. Kontratua hiru urtez luzatzeko aukera emango du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan.

  2. Kontratu berriak ezingo du gainditu azken kontratuaren errenta. Errentak soilik %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo etxearen eraberritzearekin, energia eraginkortasunarekin edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egiten badira.
  3. Azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko prezioa mugatu egingo da. Gehienezko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da. 
  4. Alokatuko den etxearen jabea jabe handia bada —bost etxebizitza edo gehiago baditu—, prezioari aplika dakiokeen gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.