Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina hasi du UEMAk

Apirilaren lehenetik abiatuko du, eta, aitorpena Internet bidez, telefonoz, banketxean edo aholkularitzan eginda ere, kasu guztietan euskaraz egiteko deia egingo du.

Aitorpena egiteko bulego bat, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Aitorpena egiteko bulego bat, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 25a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, beste hainbat erakunderekin batera, errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak, eta horretarako kanpaina bat abiaraziko du apirilaren lehenetik. Aitorpena Internet bidez, telefonoz, banketxean edo aholkularitzan eginda ere, kasu guztietan euskaraz egiteko deia egingo du.

Mankomunitatearen arabera, «urtez urte» gero eta herritar gehiagok erabakitzen dute aitorpena euskaraz egitea, baina errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik «urrun» dago oraindik euskararen aldeko hautua. Oro har, udalerririk euskaldunenetan egiten da aitorpen gehien euskaraz. Gipuzkoan, adibidez, Zerainen %72 dira, Orexan %67, eta Ataunen eta Baliarrainen %62. Bizkaian, askoz apalagoak dira datuak, eremurik euskaldunenetan ere: Mendexan %27 dira, Amoroton %25, eta Aulestin %22.

Hainbat gomendio emango dituzte aitorpena euskaraz egiteko. Autolikidazio proposamena jasotzen dutenentzat lehena: «Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein Internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu».

Era mekanizatuan egiten dutentzat ere hainbat aholku emango dituzte. Lehena da hitzordua hartzean esateko harremana euskaraz izatea nahi dela; era horretan, ogasunarekin harremana euskaraz izan daiteke aurrez aurre zein telefonoz.

Internet bidez egiteko, horra gomendioa: errenta programaren euskarazko bertsioa jaistea Internetetik, eta «hobetsitako» hizkuntza atalean euskaraz hautatzea. Aitorpena aholkularitzetan eta finantza erakundeetan egiten dutenei ere esan diete propio adierazteko horietan euskarazko hautua egin dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.