Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleak ezin kabituta daude Zizurko Erreniega eskolan (Nafarroa). Gehienezko ratioa 25 ikaslekoa da gela bakoitzeko, eta, langa hori gainditua duten arren, Hezkuntza Departamentuak uko egin dio beste gela bat zabaltzeari. Hori salatzeko, Erreniegako hezkuntza komunitatea kalera atera da aste honetan Zizurren, eta, gaur, Hezkuntza sektoreko sindikatuek egin dute protesta. Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean elkartu dira Steilas, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako eta Sortzen elkarteko ordezkariak, Erreniega 3. gela orain! leloa zeraman pankarta baten atzean. Zizurko ikastetxearen egoera «berehala» konpontzeaz gain, «hezkuntzako etapa guztietan ratioak era linealean jaisteko» eskatu diote Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori.
Izan ere, ikastetxe bateko arazo puntualaz harago, sindikatuek uste dute Erreniegako hirugarren gelaren auziak Nafarroako hezkuntza sektore osoari eragiten diola, eta arazoaren muinean daudela ratioak ezartzeko «irizpide okerrak».
Erreniegako kasuari dagokionez, Nafarroako Gobernuak Zizurko ikastetxearen eskaerei ez ikusi egin diela salatu dute sindikatuek: «LHko 2. mailan bi ikasgela dira. Horietako batek 25 ikasle ditu eta besteak 26, gehienezko ratioa baino gehiago. Horrez gain, ikasle batek behar bereziak ditu, eta beste bik diabetesa dute, eta irakasleek beren gain hartu behar dute horren kontrola ere».
LABek, CCOOk, ELAk, UGTk eta Sortzenek gogorarazi dute Zizurko Udalak ere adierazpen instituzional bat onartu zuela irailaren 28an, LHko 2. mailarako hirugarren ikasgela bat eskatuz, eta Hezkuntza Publikoko sektore mahaiko sindikatuek aurkeztua dutela proposamen bat ratioak jaisteko: «Hori onartu izan balitz, Erreniega eskolan hirugarren gela bat irekiko litzateke automatikoki».
Salatu dute, gainera, Gimeno kontseilariak «ratioen jaitsiera partzial bat» proposatu berri duela, baina uste dute horrek ez duela arazoa konponduko: «Proposatu du ratioak murriztea behar bereziak dituzten ikasleen kopuru handia dagoen zentroetan, baina 3 urtekoen zikloan soilik». Sindikatuen irudiko, ratioen jaitsiera ezartzea «soilik adin eta ikastetxe jakin batzuetan» ez da konponbide egokia: «Erreniegako kasuak frogatzen du metodo horrek ez duela funtzionatzen, eta taldeak handitzeko irizpidea hobetu behar dela».
Inbertsio handiagoa ere eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Gogora ekarri dute Maria Txibiteren gobernuaren konpromisoetako bat dela Hezkuntzan inbertsioa handitzea «BPGaren %5eraino», eta EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa koalizioek hauteskunde programan zeramatela ratioen jaitsiera lineala. «Gehiengo progresista» baliatu nahi dute, 2024ko aurrekontuetan «diru sail nahikoa» onartzeko, «ratioen jaitsiera orokorra gauzatu dadin Hezkuntzako etapa guztietan».