EAJk Donostiako Atano III.ean egindako Kongresuarekin amaitu ziren Hego Euskal Herriko alderdi politiko nagusiak berritzeko prozesuak. Argazkian aurpegi berriak ageri dira, baina, lehen lerroan behintzat, nagusiki gizonezkoak daude orain ere. Nafarroako joko zelaia har daiteke salbuespen gisa, lidergo nagusiei dagokienez: PSNko, UPNko eta Zurekin Nafarroako buruak emakumeak dira, baita EH Bilduren lurralde hartako arduradun politikoa ere. EAEn, berriz, Sumarreko Alba Garcia da alderdi baten lidergoa bere gain duen emakume bakarra.
EAJ
Zuzendaritza berritzen azkenak izan dira jeltzaleak, eta, lidergoan aldaketa izan bada ere, alderdiko presidentetza utzi berri duenaren —Andoni Ortuzar— eta haren lekua bete duenaren —Aitor Esteban— ezaugarriak ia berberak dira: 1962an jaiotako gizonezko bizkaitarrak. Estebanek inguruan izango duen lantaldea ere, nagusiki, gizonez osatua egongo da.
Kongresuan izendatu zituzten zortzi burukideetatik bi besterik ez dira emakumeak: Maitane Ipiñazar eta Miren Martiarena. Biak ere bizkaitarrak. Izan ere, zortzi horietatik bost dira lurralde hartakoak —aipatutakoez gain, Manu Tejada eta Andoni Busquet—, bi gipuzkoarrak —Markel Olano eta Ion Ganbra—, bat arabarra —Joseba Diez Antxustegi— eta beste bat nafarra —Javi Ollo—. Horietako bakoitzak zuzendaritzan izango duen rola ere argitu da. Ipiñazar izango da EBBko idazkaria, eta haren esku egongo dira barne koordinazioa, komunikazioa eta hauteskunde kanpainak. Politika instituzionalaren ardura, berriz, Diez Antxustegik hartuko du.
Lurraldeetako zuzendaritzetan, berriz, Nafarroan ez beste guztietan izan dira aldaketak. Arabako eta Gipuzkoako presidentetzak gizonezkoen eskuetatik emakumeen eskuetara igaro dira: Araban, Jone Berriozabalek ordezkatu du Jose Antonio Suso; Gipuzkoan, Maria Eugenia Arrizabalagak Joseba Egibar. Alderantziz gertatu da Bizkaian: Itxaso Atutxaren lekua Iñigo Ansolak bete du. Ipar Euskal Herrian, berriz, Pantxoa Bimboirek emango dio jarraipena Peio Etxelekuren lanari.
Batzuk eta besteak batuta, hamalau kideko organo exekutibo bat izango du aurrerantzean EAJk: hamar gizon eta lau emakume. Hau da, herenak ere ez dira andreak. Are gutxiago, kontuan hartzen bada sarri Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere parte hartu ohi duela bileretan. Hala, EBB berrian bi kide gehiago egongo diren arren, ez da zuzendaritza parekideagoa izango. Aurreko agintaldian, EBBko hamabi kideetatik hiru ziren emakumeak.
EH Bildu
EAJrekin alderatuta, EH Bilduren zuzendaritza organoa zabala da. Hegoaldeko Mahai Politikoa 37 lagunek osatzea onartu zuten III. Kongresuan, eta haietatik 34 postu zehaztuta daude: batez besteko adina 46 urte ingurukoa da, eta %53 emakumeak dira.
Halere, zuzendaritza eredu berri bat du orain EH Bilduk, eta «eguneroko» kudeaketaz arduratuko den lantaldea txikiagoa da. Idazkaritza hori hamazazpi lagunek osatzen dute, eta hor zortzi dira emakumeak (%47); nazio mailako alderdiko kargu organikoei soilik erreparatuta, 11tik lau dira (%36). Hau da, Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren alboan, idazkari karguak dituzten lau lagun daude, bi gizon eta bi emakume: Sonia Jacinto (Antolaketa), Arkaitz Rodriguez (Ekintza Politikoa), Nerea Kortajarena (Programa) eta Gorka Elejabarrieta (Harremanak) idazkariak. Hurrengo lerrora jauzi eginda, berriz, lau gizon eta emakume bat ageri dira arduradun postuetan: Unai Urruzuno, Onintze Oleaga, Imanol Nieto, Igor Zulaika eta Gari Mujika.
Bestelakoa da egoera lurraldeetako arduradun politiko nagusiei dagokienez. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako arduradunak emakumeak dira, eta Arabakoa gizonezkoa. Idazkaritzako gainerako kideak Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko eledunak eta Antolaketa idazkariaren albokoa dira: Pello Otxandiano, Laura Aznal eta Ainara Rodriguez.
PSE-EE - PSN
EH Bilduren zuzendaritza handia bada, ez dira gutxiagorako alderdi sozialistaren EAEko eta Nafarroako adarren batzorde exekutiboak. Lehenak Eneko Andueza du lemazain, eta bigarrenak Maria Txibite. Lehenengoan, emakumeak gehiengoa dira (%60), eta bigarrenean, gutxigatik, gizonak (%51).
Alderdi sozialistaren antolaketa ereduan, gai askotariko idazkariak ageri dira zuzendaritza horietako bakoitzean —Industria, Etxebizitza, Berdintasuna, LGTBI, Trantsizio Ekologikoa, Merkataritza...—, baita ardura zehatzik gabeko ordezkariak ere. Halere, eta beste alderdi batzuen antolaketa ereduaren bideari erreparatuz, alderdi baten kudeaketarako garrantzitsutzat jo daitezkeen zenbat ardura zehaztu daitezke, hala nola antolaketa kudeatzeko eta programak osatzeko lanak. Esaterako, Nafarroan, Txibitek idazkariorde nagusi bat du: Ramon Alzorriz. Eta lehen mailako kargu organikotzat jo daitezkeen beste hiru idazkaritzatan, gizon bat eta bi emakume ageri dira: Esther Iso Gaiarre (Antolaketa), Marina Curiel (Komunikazioa) eta Javier Remirez (Azterketak eta Programak). Txibiteren gertukotzat jo daitezke beste ordezkari batzuk ere; esaterako, Inma Jurio, Ainhoa Unzu eta Jorge Agirre.
PSE-EEn, berriz, hiru gizonezko eta emakume bat ageri dira Anduezaren inguruan: Miguel Angel Morales (Antolaketa), Pau Blasi (Programa), Begoña Gil (Politika Instituzionala) eta Ekain Rico (Politika Publikoak). Eta, antolaketan maila bat behera eginda, sozialistek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritzak ere berritu dituzte. Hiruretan, gizonezkoak izango dira lidergoan: Javier Hurtado, Mikel Torres eta Jose Ignacio Asensio, hurrenez hurren.
PP
Espainian bezala, EAEn eta Nafarroan ere gizonak ditu presidentetzan PPk: Javier de Andres eta Javier Garcia. Eta biek ere emakume bana dute bigarren gisa; hau da, idazkari nagusi karguan. Hurrenez hurren, Esther Martinez eta Amelia Salanueva dira. Batzorde exekutiboetan gizonezkoek eta andreek duten pisuari erreparatzean ere, balantza gizonen aldera makurtzen da. EAEko zuzendaritzan, %62 dira gizonezkoak, eta Nafarroakoan, %52.
Halere, Alderdi Sozialistak ez bezala, PPk mailak ezartzen ditu bere organigraman. EAEn, presidentearen eta idazkari nagusiaren ostean, idazkariordeek dute pisurik nabarmenena: Ekonomia, Gizarte Politikak, Udal eta Foru Koordinazioa, Programa... Eta ardura horiek sei gizonek eta hiru emakumek betetzen dituzte. Nafarroan, berriz, bi gizonezko eta lau emakume ageri dira maila horretan.
UPN
Laster beteko du urtebete Cristina Ibarrolak UPNren presidentetzan, iazko apirilean hartu baitzuen Javier Esparzaren lekukoa. Alderdi erregionalistaren zuzendaritzan, beste bi izen ageri dira lehen lerroan. Batetik, Alejandro Toquero presidenteordea. Bestetik, Cristina Sota idazkari nagusia. Hain zuzen, hiru horien izenak ibili ziren bolo-bolo alderdiko presidentetza hartzeko barne prozesuaren hasieran. Azkenik, baina, bi hautagai nagusiek, Ibarrolak eta Toquerok, akordio bat erdietsi zuten, eta Sotari ere lekua eskaini zioten, zerrenda bakar bat aurkezteko.
Hala, batzorde exekutiboan ageri diren gainerako kideak baten zein bestearen konfiantzazko alderdikideak dira. Denera, 24 kide ditu zuzendaritza horrek. Haietatik hamasei dira gizonak, eta zortzi emakumeak; hau da, herenak. Haien artean nabarmendu daitezke Javier Ansa eta Leticia San Martin parlamentariak, Yolanda Ibañez idazkari nagusi ohia eta Xuriñe Peñas Eguesibarko alkatea.
Ezker konfederala
Abendura arte, Ahal Dugu zen Hego Euskal Herriko bi lider nagusiak emakumezkoak zituen indar bakarra, baina hori ere aldatu da. Izan ere, Pilar Garridok EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi izateari utzi dio, eta Richar Vaquerok ordezkatu du. Hiritar Kontseilu Autonomikoan, baina, gehiago dira emakumeak gizonak baino: hamalau eta 11. Ardura jakinen bat duten hamarrei erreparatuz gero, baina, bost emakume dira eta bost gizon. Nafarroan, berriz, aurten dagokie zuzendaritza berritzea. Hura, oraingoz, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteordeak zuzentzen du.
Halere, Nafarroan Zurekin markak du indarra. Ahal Dugu-rekin batera, Ezker Batuak, Batzarrek, Aliantza Berdeak eta Equok babestu zuten hura. Hain zuzen, Ezker Batuko koordinatzaile nagusia du eledun Nafarroako Parlamentuan: Carlos Guzman.
EAEn, berriz, Ezker Anitzaren zuzendaritza Isabel Saluden esku dago. Sumar Mugimenduan, berriz, EAEn Alba Garciak hartu du koordinazio nagusiaren ardura, Lander Martinez eta Edurne Garcia alderdikideak alboan dituela. Zuzendaritza horretan, 23 kideetatik hamabi dira emakumeak.
Geroa Sozialberdeak
Ziurrenik, Uxue Barkos da oraindik ere Geroa Sozialberdeen aurpegi ezagunena. Alderdiaren sortzaile eta Nafarroako presidente izanak, baina, haren gidaritza utzi zuen abenduan, eta Pablo Azkonak ordezkatu du. Harekin batera, zazpi gizon eta bost emakume daude batzorde betearazlean. Nabarmentzekoak, bost idazkaritzak: Jon Gondan (Antolaketa), Jabi Arakama (Politika Sozialberdeak), Itxaso Soto (Ekintza Instituzionala), Maite Espinosa (Udal Ekintza) eta Antso Fernandez (Komunikazioa). Alderdi guztietan bezala, zerrendetara batu daitezke ardura nagusiak instituzioetan dituzten beste zenbait alderdikide ere. Geroa Sozialberdeetan, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteordea da haietako bat.
norena da hitza?
Oihartzun publiko handiko eginbeharra da eledunarena, eta hor ere gizonezkoak dira nagusi. Bai behintzat, Hego Euskal Herriko bi ganbera nagusietan. Eusko Legebiltzarrean, talde parlamentario propioa duten indarren artean, PP da emakumezko eleduna duen bakarra: Laura Garrido. Gainerakoak gizonezkoak dira: Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Pello Otxandiano (EH Bildu) eta Eneko Andueza (PSE-EE). Eleduna aukeratzeko modurik ez dute Voxek (Amaia Martinez) eta Sumarrek (Jon Hernandez), ordezkari bana baitute.
Nafarroako Parlamentuan, berriz, zazpi eledun daude, eta hor ere emakume bakarra: EH Bilduko Laura Aznal. Hauek dira gainerakoak: Javier Esparza (UPN), Ramon Alzorriz (PSN), Pablo Azkona (Geroa Bai), Javier Garcia (PP), Carlos Guzman (Zurekin) eta Emilio Jimenez (Vox). Eleduntzat jo daiteke Maria Nosti ere, Voxetik atera baita.