Erreleboa noraino hel daitekeen

Irailaren 29ko Alderdi Egunak EAJren berrikuntzarako prozesua abiaraziko du, eta aldaketarako fasea martxan egongo da martxoko Batzar Nagusiak burura eraman arte.

EAJren zuzendaritza Bilbon, alderdiaren 129. urteurreneko ekitaldian, uztailaren 31n. EAJ
EAJren zuzendaritza Bilbon, alderdiaren 129. urteurreneko ekitaldian, uztailaren 31n. EAJ
xabier martin
2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

EAJren buruzagitzan eta ildoan aldaketak espero dira luze gabe. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek berak berriki ohartarazi du alderdiak «gaurkotu» beharra duela, «gizartearentzako erantzun berriak» behar dituela; are, gidari jeltzalea «birfundazio» bati buruz aritu da, 1977ko (Iruñea) eta 1987ko (Zestoa, Gipuzkoa) biltzar historikoak gogora ekarrita. Berrikuntza hori zenbaterainokoa izango den, ordea, galdera handi bat da, ez baitago argi Ortuzarrek berak EAJko buru jarraituko ote duen ere datorren urteko martxotik aurrera, eta kezka bat piztu da oinarrien artean: eraginkorra ote da betiko ahotsen bidez gizarteari mezu berritua helaraztea? Zalantza hori eta beste zenbait argituz joango dira martxoko Batzar Nagusia heldu arteko berrikuntza prozesuak aurrera egin ahala.

Edonola ere, bozen aurretik hasitako hautagaien erreleboak segida izango du datozen hilabeteetan alderdiaren barruan. Jakina da karguak utziko dituztela GBBko buru Joseba Egibarrek eta ABBko buru Jose Antonio Susok. Azken hauteskunde zikloaren ondoren, EAJk gobernatzen jarraitu du erakunde nagusi gehienetan, baina PSErekin duen itunak inoiz baino gehiago lotzen du, eta boto galera handia izan du bidean. Helburuak «espero baino zailtasun handiagoekin» lortu direla aitortu du Ortuzarrek, eta «sentipen gazi-gozoa» utzi duela azken aroak; horregatik, «alderdia biziberritzeko lan zorrotz eta zintzoa» agindu du. Bada, zorrotza eta zintzoa hitzen azpian zer deliberazio hartuko dituzten argituko da datozen hilabeteetan.

Buruzagitza aldatu ala ez

«Buruen erreleboak eta estrategia doitzeko prozesuak abiadura hartu dute, hauteskunde ziklo bat egon delako azken hilabeteetan. Baina oraindik ez du inork oso argi hitz egin alderdiaren berrikuntzaz». Hauda aholkularitza enpresako politologo Aner Ansorenak (Lekunberri, Nafarroa, 1995) uste du bozen aurretik ere «aldaketa» izan dela mezu nagusia, «eta alderdiaren barruan ere aldaketa bat izango dela helarazten ari dira, baina estrategiaren doiketa bati begira, beharbada». Ansorenak ez du espero «hainbesteko aldaketarik». «Ardura aldaketak egon daitezke egungo liderren artean, eta hori ez da alderdiko oinarriek eskatzen dutena, nire ustez». Aditu nafarrak azaldu du ezen, ildoaren inguruko benetako aldaketak iritsiko balira, «buruzagiaren aldaketa batekin» etorri beharko luketela: «Historian ikusi dugu liderra ere aldatu behar dela aldaketa helarazi ahal izateko. Zer egin dute lehendakariarekin? Horixe bera, aldaketa helarazi pertsona aldatuz».

Hauda enpresako buruak gogoratu du «barne liskarrak ohikoak» izaten direla alderdietan. «Entzuketa prozesu handia egin dute, eta, oraingoz, aldaketak ez dira gertatu alderdian, eta militanteak zain daude». EAJn «aurpegi berriak» behar dira, Ansorenaren irudiko, baina aurreikusi du Bizkai Buru Batzarreko presidente «Itxaso Atutxak behintzat» jarraituko duela.

«Entzuketa prozesu handia egin dute, eta, oraingoz, aldaketak ez dira gertatu alderdian, eta militanteak zain daude» 

ANER ANSORENA Hauda enpresako politologoa

EAJko zenbait buruk gidari gisa jarraituko dutela bat dator Maria Silvestre, Deustuko Unibertsitateko Politika Zientzietako doktorea (Bartzelona, 1967). Haren arabera, «ezin da baztertu» Ortuzarrek EBBn segitzea. «Otegik jarraitzen du EH Bilduren buruzagitzan, eta koalizioan aldaketak egin dituzte. Beharbada, EAJn trantsizio moduko baten alde egin dezakete, orain arteko lider batzuek jarraituta». Trantsizio hori egingo balitz, BBBra eta EBBra begiratu beharko litzateke, hau da, Itxaso Atutxak eta Andoni Ortuzarrek aurrera egiteko dituzten aukerei.

Nolanahi ere, Silvestrek ez du espero «birfundaziorako» biltzarrik. Haren ustez, «EH Bilduren hazkundea ere» badago EAJren berrikuntza mezuen atzean. «Koalizioak azken urteetan egin duen bidearen antzeko baten bila dabil EAJ, nire ustez». Deustuko Unibertsitateko adituak esplikatu du EH Bilduk «hausnarketa sakon bati» ekin ziola 2016an, Podemos hauteskundeak irabazten hasi zenean, eta «belaunaldien arteko errelebo garrantzitsua» egin dutela gerora, «beste estilo bat lehenetsiz». Agenda politikoan ere «beste lehentasun batzuk» ezarri dituzte, haren arabera. «Horrek guztiak emaitzak ekarri dizkio, eta, gainera, orekari eutsi dio boto berria hartzeko eta betikoari eusteko helburuen artean. Bada, EAJn ere pentsa dezakete behar dutela belaunaldien arteko errelebo bat, baina bere izanari eutsiz, botoa fidelizatzen saiatzeko».

Burujabetzan zer?

Martxoko Batzar Nagusian, ponentzia bat onar dezake EAJk, eta, estatutu berria negoziatuko den legealdian, bada argitu beharreko beste aldagai bat: jeltzaleek estrategia doituko ote duten burujabetzaren inguruan. Ansorena politologoaren iritziz, «egundoko hutsegitea» litzateke subiranotasunari dagokionez jeltzaleek «orain arte izan duten jarrera nagusia aldatzea». «Burujabetzaren inguruko datuak argiak dira, herritarren nahiei dagokienez. Bozen kanpainan ere ez da gai nagusia izan, nahiz eta, abertzale gisa, bai EAJk eta bai EH Bilduk gai nagusitzat daukaten». Politologoak dio burujabetzaren gaiari «zeharkako eduki gisa» heltzen ari zaizkiola alderdi biak, «arazo guztiei irtenbidea emateko tresna gisa». Estrategia horretan, «arazoak soluziobidean jartzeko eskaera bat» litzateke nazio eraketa.

Ansorenak uste du EAJri ez zaiola komeni, bozei begira, «nortasuna aurretik» jartzen hastea. «Herritarren ideologia gero eta likidoagoa da. EAJk ez du norabide aldaketarik egingo esparru horretan. Abertzalea dela badaki gizarteak, baina alderdiak aldatu nahi duena zera da: kudeatzaile ona delako ustearen galera. Batik bat hor egin du oposizioan EH Bilduk, eta estiloan iritsiko dira, beharbada, egon daitezkeen aldaketak: gobernatzeko moduan, antolatzeko eta komunikatzeko moduan».

«EAJ ez da itzuliko Ibarretxeren arora. Nahi duena zera da, Osakidetzari eta Hezkuntzari begira herritarrek dituzten kezkak eta kritikak amatatzea» 

MARIA SILVESTREDeustuko Unibertsitateko doktorea

Bartzelonako irakasle Silvestrek azaldu du EAJren estrategia nola ehundu daitekeen, burujabetzari dagokionez. «EAJk molde berriak sortu behar ditu burujabetzaren alde egiteko; orain arte helarazitakoak beste zerbait behar du, osagai berriak. Baina ezin du ahaztu PSE behar duela botereari eusteko; beraz, EH Bildurekin duen zuzeneko lehiari erantzun behar dio, baina sozialistekin duen ituna ahaztu gabe».

Nola egin daiteke hori, ordea? Silvestrek argi dauka: «Subiranotasuna indarrean dagoen legeriaren barruan defendatuz, eta autogobernuan aurrera eginez, bere oinarriak asebetetzeko, eta, aldi berean, gatazkarik ez eragiteko PSErekin». Adituak onartu du ez dela erraza izango oreka hori lortzea, baina sinetsita dago bide hori dela «EAJ bilatzen ari dena» datozen urteetarako.

Horregatik, irakasleak uste du «doiketak baizik» ez direla egongo Josu Jon Imazek, Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek gaur arte ezarritako ildoan, Juan Jose Ibarretxeren ildo subiranistagoa baztertu ondoren. «EAJ ez da itzuliko Ibarretxeren arora. Nahi duena zera da, Osakidetzari eta Hezkuntzari begira herritarrek dituzten kezkak eta kritikak amatatzea. Kudeaketaren balioa berreskuratzeko helburu argia dauka». Beste kontu bat da Espainiako egungo jokalekuak «doiketak» eginaraztea EAJri, «sor daitezkeelako aukerak subiranismoarentzat, Euskadi eta Espainiaren arteko harremanaren gaiari helduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.