Errektoretzak ikerketa bat abiatu du baxoko ahozkoan euskara erabiltzeagatik

Ez dute xehetasunik eman nahi izan instrukzioari buruz, baina zigorrak egon litezkeela iradoki dute. Desobedientzia ekintza hura egin zuten irakasleen arabera, «dozenaka ikasle» aritu ahal izan ziren euskaraz baxoko ahozkoan.

Baxoa euskaraz egiteko eskubidea eskatzeko elkarretaratzea, Baionan. BOB EDME
Baxoa euskaraz egiteko eskubidea eskatzeko elkarretaratzea, Baionan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urriaren 1a
14:32
Entzun

Bordeleko (Okzitania) errektoretzak baieztatu du ikerketa bat abiatu dutela baxoko Ahozko Handian ikasle batzuk euskaraz aritu zirelakoan. «Seinalamendu bakarra» jaso zutela erran dute, eta horri buruzko instrukzio bat abiatu dutela. Ez dute besterik zehaztu. «Abian den instrukzio bat izanik, ez dugu xehetasunik emanen», adierazi dute, idatziz eman duten erantzunean. 

France Bleu Pays Basque irratiak atera zuen informazioa astelehen goizean. Errektoretzako arduradun batek jakinarazi zuen kasu «susmagarri» baten berri izan zutela, eta hura ikertzen ari zirela. Oraingoz ez da beste informaziorik. Sail elebiduneko irakasleak biltzen dituen Euskara Geroan taldean eta Seaskako Bernat Etxepare lizeoan ere ez dute jakin ikasle edo irakasle baten kontrako prozedurarik abian ezarri denik.

Ekainean, irakasle talde batek jakinarazi zuen baxoko ahozko proba euskaraz pasatzeko parada eskainiko zutelaAhobizi txapa jantzita agertu ziren epaimahaira, hala nahi zuten ikasleek euskaraz egin zezaketela jakin zezaten. Joan den astean, desobedientzia ekintzaren balorazio «positiboa» egin zuten ohar batean. «Urrats praktiko» horri esker «dozenaka ikasle» aritu ahal izan ziren euskaraz irakasleen hitzetan, izan ahozkoaren parte batean, izan zenbait kasutan baita proba osoan ere.

Errektoretzako komunikazio zerbitzuak, idatziz emandako erantzunean, oroitarazi du zein diren ahozko baxoko proban euskara erabiltzeko irizpideak. Atzerriko eta eskualdeko hizkuntzak, literaturak eta kulturak deituriko berezitasuna hautatu duten ikasleek baizik ez dezakete azterketaren parte bat euskaraz erantzun. «Gainerako hautagai guziek frantsesez mintzatu behar dute». Baieztatu dute agindu horiek azterketa zentroetan ikasleei eta epaimahaiei oroitarazi zitzaizkiela. «Behar bezala informatua izan den hautagai orok, arau hori betetzen ez badu, arriskua hartzen du frantsesez egin duen probaren zatietan soilik ebaluatua izateko. Esparru hori errespetatzen ez duen edozein irakasleri zigorra ezarri ahal zaio», abisatu dute.

Gainerakoan, galderak airean dira. Zertan oinarritzen da errektoretzak jasotako seinalamendua? Ikasle bat ala irakasle bat da jopuntuan dena? Errektoretzak ez du informaziorik eman nahi izan. 

Hizkuntza eskubideen kontra

2019ko uztailean izendatu zuten Anne Bisagni-Faure Bordeleko errektore, eta, hainbat iturriren arabera, Frantziako Gobernu aldaketarekin kargua uztekotan litzateke. Anne Genetet izanen da Hezkuntza ministro berria, eta harekin batera administrazioko arduradunak ere aldatu behar lirateke. Batzuek iradoki dute izan litekeela errektoreak joan aitzin egin nahi izan dituen azken ekintzetako bat. Izan ere, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari trabak jartzeagatik ezagutua izan da azken urteetan. Urtarrilean, hainbat eragilek salatu zuten hura zela irakaskuntza arloan jartzen zitzaizkien oztopo anitzen erantzulea.

Eragileen hitzetan, Bisagni-Fauren eskaria izan zen brebetako ariketetako galderak frantses hutsean izatea, eta azken urteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzarekiko erakutsi duen «etsaigoa» salatu zuten. Kargua hartu berritan, errektore horrexek oztopatu zuen brebetako azterketak irakasle elebidunek zuzentzea.

Bordeleko errektoretzak Seaskarekin eta EEPrekin izenpetutako hitzarmena ere bada. Aurreko errektorearekin adostu zuten baxoaren forma berrian Ahozko Handiaren zati bat euskaraz pasatzeko aukera izanen zutela ikastoletako ikasleek. Baina 2021etik aitzina, adostutakoaren «beste interpretazio bat» egiten zuela adierazi zuen Bisagni-Faure errektoreak, eta uko egin zion Seaskako ikasleen eskubideari. Duela bi urte izenpetu behar zuen hitzarmen berria Seaskak, baina azterketen gaiarekin kateatuta segitzen dute oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.