Errektoretzak ez zuen espero arreta ordezkoen egoeran jarriko zenik

Unibertsitateen legeak dioena bete behar dutela esan dute. Prest daude sindikatuekin batzeko

Ordezkoen egoera salatzeko protesta, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ikasturte hasieran, harrabotsa piztu du EHUko ordezkoen egoerak. Martxoan sartu zen indarrean Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) eta, ordutik, EHUk irakaskuntza lana egiteko lanaldi partzialeko kontratuak eskaini dizkie ordezkoei, hilean 800 euroren truke. Egoera salatzeko, irakasleek EHUko Prekarioen Koordinakundea sortu dute. Aldiz, Federico Rekart EHUko irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak esan du ez zuela espero egoerak horrelako erantzuna jasoko zuenik: «LOSUra egokitzeko ahalegin eta lan handia egiten ari gara unibertsitateko figura askorekin; nahiz eta kontu oso konplexua izan, harritu nau fokua ordezkoetan jarri izana».

Rekartek azaldu duenez, legearen 80.1 artikuluak dio irakaskuntza lanetarako bakarrik kontratatu daitezkeela ordezkoak orain. «Ezin dira lanaldi osoko kontratuak eskaini, irakaskuntza lana mugatu dutelako», zehaztu du. Zuzenketa bat jartzen saiatu ziren, baina ez zuten «arrakastarik izan». Hori «orekatzeko», beraz, haien helburua da «ordezkapenak» eman beharrean, «karrera akademikoaren hasieran irakasle laguntzaileen doktore lanpostuak» ematea: «Gero finko bilakatuko diren lanpostuak». Lanpostu horiek lortzeko, irakasleek doktore izan behar dute.

Soldataz gain, ordezkoek badute beste kezka bat: ikerkuntzari esker lortzen dituzte puntuak curriculuma hobetzeko; orain, berriz, ezingo dituzte puntuak lortu, irakaskuntza lana besterik ez dutelako egingo. Ordezkoek kritikatu dutenez, euren kabuz egin beharko dute ikerkuntza. «Orain arte egin den bezala; lanaldi partzialak bateragarriak dira beste kontratu batzuekin», ziurtatu du Rekartek. «Hau ez da berria».

Arazorik ez, «oraingoz»

Kontratuen baldintzak ikusita, hainbat ordezkok uko egin diote lanpostuari, irakasleek azaldu dutenez. Errektoreordeak, berriz, esan du «oraingoz» ez dutela arazorik izan. «Beste urte batzuetan baino hobeto ari gara lanpostu horiek betetzen; prozedura telematikoa hobetu baitugu». Hala ere, Rekartek gaineratu du «denborarekin» ikusiko dutela egoerak nola egiten duen aurrera.

«Ezin dugu egin legeak uzten ez digun ezer», argi utzi du Rekartek. Hala ere, prest dago sindikatuekin eta EHUko Prekarioen Koordinakundearekin elkartzeko: «Tartea dugun bitartean, beti gaude negoziatzeko prest».

Era berean, Rekartek gogoratu du EHUrena ez dela egoera ezohiko bat: «Espainiako Estatuko beste unibertsitateekin alderatzen badugu, ziur aski, partzialtasun tasarik txikiena dugu». Izan ere, esan du, beste unibertsitateen egoerarekin alderatuta, «zoriontzeko modukoa» dela EHUren jarduna, «elkartu faltsuen figura» ez dutelako erabiltzen, eta azken urteotan egonkortu gabe egon diren irakasle laguntzaile doktore asko «nahiko arin» egonkortu dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.