Euskara

Errektorearekin hitzordua lortu du Seaskak, eta okupazioak gelditu ditu

Akademia ikuskaritzaren egoitzak okupatu dituzte Baionan, Donibane Lohizunen eta Donapaleun, Bordeleko akademiako errektorearekin bilkura bat lortzeko asmoz. Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde mobilizatzen ari dira azkenaldian.

Seaskako kideak, Baionan, akademia ikuskaritzaren egoitza okupatzen. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko apirilaren 7a
16:08
Entzun

Lortu dute. Heldu den asteazkenean bilduko dira Seaskako arduradunak Bordeleko akademia ikuskariarekin. Guraso eta irakasle talde batek akademia ikuskaritzaren egoitzak okupatu ditu ostegun arratsaldean, Donapaleun (Nafarroa Behera), Donibane Lohizunen eta Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde. Errektorearekin bilkura lortu nahian ari zen Seaska azken asteetan, bere esku delako aurtengo brebetan eta baxoan probak euskaraz egin ahal izatea. Bilkura bat lortu arte okupazioekin segitzeko borondatea agertu dute, eta gaua bertan pasatzeko prestatzen ari ziren. Azkenean, bilkura bat antolatzea lortu dute, eta okupazioa bertan behera uztea erabaki dute.

Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea, eta azken urteetan indartuz joan da. 2018tik kolegioko ikasleek euskaraz erantzuten dute brebetako zientzietako proba, eta, joan den urtean, lizeoko ikasle batzuek ere baxoko proba euskaraz pasatzea erabaki zuten.

Irakasleek ere bat egin zuten desobedientzia ekintzarekin, eta jakinarazi zuten ikasleen eskubidea errespetatu ezean uko eginen ziotela azterketak zuzentzeari. Zuzenketa garaia iritsi zenean, Donapaleuko (Nafarroa Behera) zuzenketa zentroa okupatu zuten ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Joan den otsailean jaso zuten Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, errektorearen ahotik: soldata zati bat kendu diete irakasle desobedienteei.

Abenduan argitaratu zuen Frantziako Hezkuntza ministerioak hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra. Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac Legea zentsuratu ondotik Frantziako Gobernuak egoera baretzeko eman zuen aterabidea izan zen. Idatzian, brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen dute, baina, ordutik, neurria aplikatzeari uko egin dio Bordeleko errektoretzak. Seaskak behin eta berriz eskatu dio bilkura bat errektoretzari, baina, gaur-gaurkoz, ez dute erantzunik jaso. Horregatik egin dute gaurko ekintza.

Lehengo astean, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzara sartu ziren kolegioko eta lizeoko ikasleak, errektorea EEPren biltzar nagusira agertzekoa zelakoan. Errektorea ez zen azaldu, baina azterketak euskaraz egitearen aldeko aldarria ozen entzunarazi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.