Migrazioak

Errekonozimendua jatorri aniztasunari

Kultur aniztasuna, elkarbizitza eta parte hartzea oinarri hartuta, ‘Mundu bat Asteasun’ proiektua lantzen ari dira iaztik Asteasun; bilerak egin dituzte migratzaileekin eta asteasuarrekin. Harrera komunitarioa egiteko gida bat prestatuko dute, besteak beste.

Feli Etxeberria, Javi Aguiar, Asier Baglietto, Meng Xing Liu eta Pili Legarra, Asteasun. JON MRANDA - TOLOSALDEKO ATARIA
2023ko apirilaren 14a
11:42
Entzun

Jatorria 21 herrialdetan duten 150 etorkin inguru bizi dira Asteasun, Latinoamerikatik etorritakoak gehienak, Ekuador eta Kolonbiakoak. Gipuzkoako batezbestekotik (%8,6) ez da asko aldentzen Asteasuko etorkinen ehunekoa (%8,5). Pili Legarra Asteasuko alkateak adierazi du herrian behin ere ez dutela izan elkarbizitza arazorik, baina Asteasun bertan jaiotako eta bertara bizitzera joandako komunitateen arteko arrakala handiagotu baino lehen heldu nahi diotela gaiari. “Denontzako herri euskaldun eta inklusiboa nahi badugu, arreta jarri behar diogu kontu honi”, esan du. Helburu hori buruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin Mundu bat Asteasun egitasmoa jarri zuten martxan iaz, kultur aniztasuna, elkarbizitza eta parte hartzea ardatz dituena.

Herriko eragileekin batera landu dute prozesuaren edukia eta komunikazioa, eta hasieratik hartu du parte, esate baterako, Xiri-Miri kultur elkarteak. Bertako kide Feli Etxeberriak adierazi duenez, elkartean bazuten gaiaren inguruko kezka eta udalaren ekimenak bat egin zuen haienarekin. “Asteasun bizi diren etorkinen kontaktuak lortu, eta bilera baterako gonbita egin genien, hizkuntza ezberdinetan idatzitako gutun baten bidez”. Jatorri ezberdineko berrogei lagun baino gehiago bildu ziren deialdi hartara. Lehen hartu-emanaren ostean, entzuketa prozesu bat jarri zuten abian.

Asier Baglietto Asteasuko udal kultur teknikariak esan du “emankorrak” izan zirela iazko udazkenean egindako bi bilerak. “Hemen gustura daudela azaldu ziguten etorkinek, eroso sentitzen direla eta leku segurua dela”. Asteasura iritsi zirenetik izan dituzten zailtasunen berri ere eman zieten. “Eta haien bizipenak ezagutu ondoren, harrera antolatu eta komunitario baten falta genuela sumatu genuen”.

Aurreiritziak hautsiz

Javi Aguiar ekuadortarrak sei urte daramatza Asteasun bizitzen, eta onartu du herrian gustura bizi dela, baina berak ere hainbat aurreiritziri egin behar izan diela aurre. “Harremanetarako irekiagoak gara gu. Baina lehen inpresio horrekin geratu izan banintz, azkenean ez nuen hainbeste jende ezagutuko”. Orain, kuadrilla bat ere badauka Asteasun. “Badakit ahaleginak eginda ere ez nautela hartuko bertakoa banintz bezala, ez nautela ulertuko erabat naizen bezala, baina bidea egitea da garrantzitsua. Gizakia aldaketetara egokitzeko sortu dela iruditzen zait, eta ez arrautza bat bezala bere baitara ixteko”.

Hain zuzen, egitasmoaren bultzatzaileek “komunitateen arteko harreman falta” sumatu dute prozesu guztian. Lehen fasean, jatorriz bertakoak diren herritarrekin bilera bat egin zuten, iazko martxoaren hasieran. “Bertako jendeak esan izan digu hona datozenek euren ohiturei eusten dietela baina ez direla gerturatzen geureetara. Denon artean nola eraiki ditzakegu zubi horiek?”, galdetu du Legarra alkateak. Horregatik sentitzen du Bagliettok migratutakoak komunitatearen parte sentiarazteko beharra. “Kanpotik datozen pertsona horiek errekonozituak diren neurrian sentituko dute herrian parte hartzeko gogoa eta euren ekarpena egiteko zilegitasuna”.

Jatorriz Asteasukoak bertakoak diren herritarrek hizkuntzaren inguruko kezka ere azaldu dute bileretan. “Nik jendea minduta sentitu dut bileretan, frustratuta”, esan du Bagliettok. “Eta, beste muturrean, etorkinek esan izan digute baztertuta sentitu izan direla euskara ez jakiteagatik, boteretik euskara erabiltzen dela haiek baztertzeko. Nola lortu adostasuna orduan? Gai konplexua da”. Min horien inguruan hitz egin behar dela uste du udal kultur teknikariak. “Elkarrizketak izan behar ditugu, pedagogia egin behar dugu”. Pauso hori emana du Aguiarrek: euskara ikasten ari da, eta moldatzen da egunerokoan: “Deseroso sentitzen nintzen beti albokoari galdetu beharrarekin, eta horregatik erabaki nuen ikastea. Euskara ulertzen dut, eta pixkana ari naiz gehiago ikasten”.

Hizkuntzarekin sor daitezkeen ezinegonei aurre egiteko ekinaldi gehiago jarriko dituzte martxan laster Asteasun. Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, eta, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zaldibiako eskolan kulturartekotasuna bermatzeko abiarazitako proiektua eramango dute herrira.

Lehen arreta, aurrez aurre

Etorkinen harreran jarri du arreta, berriz, kultur teknikariak. “Asteasuko oinarrizko informazioarekin gida bat landuko dugu. Protokolo bat izango dugu etorri berriei harrera komunitario bat egiteko. Formakuntzak, bisita gidatuak eta bestelako baliabide batzuk aurreikusi ditugu gida horretarako”. Gida prestatu bitartean, lehen harrera hori aurrez aurre egiten dute Asteasun. Herrira iritsi berria da Meng Xing Liu txinatarra, adibidez, eta udaletxean bildu berri da udal ordezkariekin. “Bost urte daramatzat Euskal Herrian, eta bizitoki lasai baten bila nenbilen, toki euskaldun baten bila. Horregatik, uste dut niretzat toki ezin aproposagoa dela Asteasu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.