Erregai fosilekiko menpekotasunari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte maiatzerako, Bilbon

Lau solasaldiko egitaraua osatu dute Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Jauzi Ekosozialak, Meatzaldea Bizirik-ek, Euskal Gune Ekosozialistak eta Sukar Horiak, elkarlanean.

Petronor enpresaren Muskizko instalazioen irudi bat. LUIS TEJIDO / EFE
Petronor enpresaren Muskizko instalazioen irudi bat. LUIS TEJIDO / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko apirilaren 26a
12:52
Entzun

Erregai fosilekiko menpekotasun energetikoari buruz hausnartzeko, eta hari nola aurre egin dakiokeen pentsatzeko, lau saioko eztabaida zikloa antolatu dute Euskal Herriko zenbait elkarte ekologistak, Bilbon. Maiatzaren 2an, 9an, 23an eta 30ean izango dira saioak —ostegunak dira—, 18:00etan. Guztiak Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan egingo dituzte.

Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Jauzi Ekosozialak, Meatzaldea Bizirik-ek, Euskal Gune Ekosozialistak eta Sukar Horiak osatu dute egitaraua, elkarlanean, Euskadi, erregai fosilekiko menpekotasuna: konponbideak eta erronkak lelopean.

Lehen saioak Erregai fosilekiko menpekotasuna, enpresak eta beraien tranpak du izenburu, eta hizlari izango ditu Maria Jose Pereda (Herriarte), Paco del Pozo (Greenpeace) eta Marina Gros (Ekologistak Martxan).

Bigarren saioan, Sara Ibañezek (Meatzaldea Bizirik) eta Aitor Urrestik (EHUko irakaslea) Petronor enpresari buruz jardungo dute, Petronor: iragana, oraina, eta etorkizunerako ikuspegia izeneko solasaldian.

Hirugarrenean, krisi ekologikoaren ondorio ekonomikoak izango dituzte hizpide ELA eta LAB sindikatuetako ordezkari banak —oraindik zehaztu gabe daude hizlariak—, Langileen etorkizuna energia-trantsizioaren aurrean titulu gisa hartuta.

Azken saioa alderdi politikoen arteko eztabaida bat izango da, politika instituzionalak deskarbonizazioan jokatu beharreko rolaren ingurukoa. Oraingoz, EH Bilduko Mikel Oterok eta Berdeak Equoko Oscar Fernandezek baieztatu dute parte hartzea. PSE-EEk ordezkari bat bidaliko duela baieztatu du, baina nor izango den zehazteko dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.