Erregai fosilak baztertzearen aldeko apustua egin du Jaurlaritzak

COP28ko kideek «anbizio gutxiko» akordio proposamen bat egin izana kritikatu du Tapiak, eta ekonomia deskarbonizatzearen aldeko apustua berretsi du.

Ingurumena
Arantxa Tapia Ingurumen sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
inaki petxarroman
2023ko abenduaren 12a
15:45
Entzun

COP28ko azken mugimenduak ez zaizkio egokiak iruditu Eusko Jaurlaritzari. Arabiar Emirerri Batuek egindako azken akordio proposamena «etsigarria» dela esan du Arantxa Tapia Ingurumen, Jasangarritasun eta Garapen Ekonomikorako sailburuak, eta bere gobernuaren apustua berretsi du ekonomia deskarbonizatzeko eta erregai fosilak baztertzeko. Aldeek erakutsitako anbizioa «apala» dela uste du Tapiak, eta deskarbonizazioa «saihetsezina» dela ziurtatu du, klima aldaketari buruzko goi bilera baloratzeko egindako agerraldian, astearte honetan.

2050erako zero isuriko helburuari eusten diola adierazi du Tapiak, eta agertoki hori aurreratzeko lan egingo duela ziurtatu. Horretarako, baina, Euskal Herriak arau propioak behar dituela aipatu du, eta horren barruan kokatu ditu Klima Aldaketarako eta Trantsizio Energetikorako Legea eta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS). Legeari dagokionez, aurreratu du balitekeela otsailerako onartuta egotea, eta LPSa ezinbesteko tresnatzat jo du Eusko Jaurlaritzak bere buruari jarritako helburuak betetzeko. Besteak beste, 2030erako berotegi gasen isuriak %28 gutxitu nahi ditu Jaurlaritzak 2010ekoen aldean.

«Energia berriztagarriak ezartzeko lan handia dugu aurretik, eta gizarte itun garbi bat behar dugu horretarako»

Hain zuzen ere, berriztagarrien LPSaren aurka ehunka alegazio aurkeztu dituzten askotariko eragileek gaur jaso dute Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna. Erantzun guztiak 420 orriko txosten mardul batean bildu ditu Jaurlaritzak, eta LPSari behin-behineko onarpena emateko lehen urrats gisa hartu daiteke hori.

Horri dagokionez, Jaurlaritzak oso ontzat jo du COP28an adostu duten puntuetako bat, alegia, 2030erako berriztagarrien potentzia hirukoiztea. «Eraginkortasunaren eta berriztagarrien aldeko apustu horrek eragin handia izango du berotegi gasen isuriak gutxitzeko». Hori egin ahal izateko «gizarte itun bat» beharrezkoa dela nabarmendu du. Bi puntu horiei dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eraginkortasun energetikoa lortzeko azken berrogei urteotan egindako lana egokia dela uste du Tapiak, baina ez egitasmo berriztagarriak garatzearen aldekoa. «Horretan lan handia dugu aurretik, eta gizarte itun garbi bat behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.