Errefuxiatuen eta migratzaileen aldeko «lan luzea» saritu dute

Javier Galparsoro CEAR Euskadiko presidentea, saria jasotzen. RAUL BOGAJO  /  ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak errefuxiatuen eta migratzaileen alde «denbora luzean egindako lana» saritu zuten atzo Gasteizen. Batzorde horren EAEko bulegoak Giza Eskubideen Rene Cassin saria jaso zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik. Epaimahaiak hogei urteko ibilbidea aintzat hartu du, eta, pertsonei emandako laguntzaz gain, gizartean kultura arteko elkarbizitzaren alde egindako «pedagogia» lana nabarmendu du.

Javier Galparsoro CEAR Euskadiko presidenteak jaso zuen saria, Lehendakaritzan. Han gogorarazi zuen egun ez direla bizi giza eskubideen aldeko garaiak, eta Espainiako Gobernuaren jokabidea gogorarazi zuen. Barne Ministerioak hamar asilo eskaeratik bederatzi baztertzen dituela azaldu zuen Galparsorok, eta bitartean trabak eta «hesiak» jartzen dituela, migratu nahi nahi dutenak «duela bost urte heltzen zirenen erdia» izan arren.

Giza Eskubideen Nazioarteko egunean eman ohi du Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria, eta Urkullu lehendakariak egun hori eta sariaren banaketa lotu zituen Nelson Mandelaren heriotzarekin. Hain zuzen ere, Hegoafrikako presidente izandakoak irudikatu zituen jokabideak EAEn erabiltzeko aukera dagoela azaldu zuen. «Tolerantzia, eskuzabaltasuna, elkarbizitza eta adiskidetzearen moduko balioak partekatzen ditugu, eta Eusko Jaurlaritzak horiek bultzatuko ditu».

Gipuzkoako Aldundiak ere giza eskubideak eta Euskal Herriko egoera izan zituen hizpide, eta gaineratu zuenbeharrezkoa dela «orain arte ezkutatuta egon diren eskubideen urraketak» azaleratzea. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak zehaztu du legedia ezartzeko «modu asimetrikoak»erabili ohi direla; alde horretatik, azaldu du egun ez dagoela politika publikorik aintzat hartzen duenik eskubide urraketak pairatu dituzten pertsona guztien egoera. Horrez gain, azaldu du bakea «indarkeri zuzena» desagertzea baino gehiago dela, eta gaineratu du «normalizazio politikoa» lortzeko «derrigorrezkoa» dela giza eskubideak errespetatzea.

Donostiako Udalak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu zuen zenbait elkarteri garrantzia emanda. Guztira, hamazazpi elkartek parte hartu dute ekitaldian, eta Donostiako Aiete jauregian haien jardunaren berri eman dute irudien bitartez. Covite eta Gregorio Ordoñez Fundazioa ez dira bertan egon, gonbidatuta zeuden arren; elkarte horien ustez, Donostiako Udalak ez ditu giza eskubideak bermatzen. Ordea, Coviteren lanaren irudiak bota zituzten ekitaldian. PPko eta PSEko ordezkaririk ere ez zen egon ekitaldian; sozialisten kasuan, «agenda arazoak» argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.