Duela pare bat aste, polemika piztu zen EAJren eta PSE-EEren artean Espainiako Gobernuak Gasteizko Arana klinikan egin nahi duen harrera zentroaren harira. Orain, Zehar Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundea plazara agertu da, eta, polemika hori dela eta, argi azaldu nahi izan du errefuxiatuen inguruko eztabaidan «haien eskubideak betetzeari» eman behar zaiola garrantzia, eta «errefuxiatuak diskurtso politikoetan ez erabiltzeko» eskatu du.
Polemikan sakondu nahi izan ez duten arren, Arantza Chacon Zehar erakundeko zuzendariak esan du Espainiako Gobernuak harrera gune horrekin bultzatu nahi duen eredua ez zaiela «egokiena» iruditzen: «Gu gizabanakotik abiatzen gara gure lana egiteko garaian. Denbora luzea daramagu horretan, eta pentsatzen dugu horrelako zentro handiak egitea ez dela harrera egiteko modurik onena, balitekeelako norbanakoa lausotuta geratzea».
Edonola ere, Zeharreko arduradunek beste nonbait jarri nahi izan dute arreta. Errefuxiatuek bidean topatzen dituzten zailtasunak nabarmendu ditu Javier Galparsorok, elkarteko presidenteak. Esan duenez, babesa eskatzeko lehenengo urratsa da polizia etxean ordua eskatzea, eta hori, gaur egun, Internet bidez baino ezin da egin: «Gaur bertan, bost aldiz saiatu naiz webgunean eskaera egiten, eta ezinezkoa izan da. Bilbon bizi den familia batek esan didanez, 11 aldiz saiatu dira, eta, orain arte, ez dute lortu».
Babesa eskatzen dutenek hilabeteko epea dute eskaera bideratzeko, baina, elkarteko kideek esan dutenez, gaur egun «ia ezinezkoa» da epe horretan egitea. Galparsorok nabarmendu du arazoa ez dela teknikoa, eta borondate faltarekin duela zerikusia: «Ukrainako kasuak erakusten du nahi izanez gero egin daitekeela. Ukrainako gerrak kalte egindakoentzat, aldi baterako babesa lortzeko prozedura berezi bat aktibatu da, eta hango errefuxiatuek egun batetik bestera lortzen dute agiria».
Maiatzean izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta, horren harira, alderdi politiko guztiekin biltzeko asmotan da Zehar; zenbait eskaera egingo dizkie. Batez ere, bi dira eskaera nagusiak: udalerriek eta diputazioek «bizikidetza gune seguru eta bazterketarik gabekoak» sustatzea, eta diskurtso politikoek immigrazioa eta asilo eskaera ez diskriminatzea, «haustura sozialik izan ez dadin».
2019ko kopurutik gertu
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten du lan Zehar Errefuxiatuak elkarteak, eta, esan dutenez, hiru herrialde horietan 2022an 4.086 asilo eskaera aurkeztu zituzten. Pandemiak iraun bitartean mugak itxita egon zirenez, 2019ra jo behar da alderaketak egin ahal izateko. Urte hartan 4.826 eskaera aurkeztu ziren; beraz, kopurua ordukora hurbiltzen ari da.
Datu horietan ez daude sartuta aldi baterako babesa eskatu duten errefuxiatu ukrainarrak: 2022an 4.046 izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.
Errefuxiatuen auzia «politikoki ez erabiltzeko» eskatu dute
Zehar Errefuxiatuekin elkarteak uste du «eskubideak betetzeari» eman behar zaiola garrantzia. Bideko oztopoak salatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu