Javier Galparsoro. Euskadiko CEAReko presidentea

«Errefuxiatuek gero eta zailago dute jazartzen zaien herritik irtetea»

Errefuxiatuen Munduko Eguna da gaur. Euskal Herrian 66 pertsonak eskatu zuten iaz babes politikoa —soilik bik jaso zuten—. Saharako herritarren eskaerekin ere lanean ari da CEAR.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordean duela 24 urte hasi zen lanean Javier Galparsoro (Valladolid, Espainia, 1956). 1996. urtean hartu zuen Euskadiko CEAReko presidente kargua. 2012ko txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon, Alexandra Licona Hondurasko errefuxiatuarekin eta Leire Lasa Euskadiko CEAReko partaidetzarako taldeko kidearekin batera.

Hego Euskal Herrian babes politikoa eskatu duten pertsonen kopuruak behera egin du azkeneko urtean. Zer beste datu dira aipagarrienak CEAR-en 2012ko txostenean?

Nabarmena da kopuruak behera egin duela. Baina kontuan hartu behar da munduan 42 milioi errefuxiatu baino gehiago daudela. Europara iaz 332.000 errefuxiatu iritsi ziren; horietatik Alemania, Frantzia eta Suedia dira errefuxiatu gehienak jasotzen dituzten herrialdeak. Bestalde, iaz Bizkaian 60 pertsonak eskatu zuten babes politikoa, eta Araban pertsona batek. Horietatik 45 gizonezkoak ziren, eta 16, emakumezkoak. Jatorriari dagokionez, bederatzi Kongokoak dira, eta beste bederatzi, Siriakoak. Bi herri horiek dira errefuxiatu gehien izan zutenak. Nafarroan, berriz, bost pertsonak eskatu zuten babes politikoa.

Zenbatek lortu zuten iaz babes politikoa?

Bi pertsonak jaso dute babes politikoa Bizkaian, bata Pakistangoa da eta bestea Venezuelakoa. Bigarren mailako babesa jaso du Boli Kostako pertsona batek. Bestetik, Sri Lankako errefuxiatu baten familiaren lau kideri babesa zabaldu diete.

Saharako 322 pertsonak aberririk gabekoentzako babesa eskatu dute. Zein da haien egoera?

Horietatik guztietatik hiru lagunek jaso dute babesa. Aberririk gabekoentzako babesa eskatu duten kopurua oso handia da, eta gai horretan lan asko ari gara egiten, batik bat Saharakoekin. Bertakoak ez ditu onartzen ez Marokok ez Espainiak, eta aberrigabeziaren babesa da gelditzen zaien aukera bakarra. Ez dute pasaporterik, ez dira estatu batekoak, eta haien herria ez da onartua izan. Batzuk Aljeriako pasaportearekin iritsi dira, baina iraungi zaienean enbaxadan ez diete berritu. Pertsona hori aberririk gabe gelditzen da. Badago 1954ko nazioarteko hitzarmen bat, aberririk gabeko pertsonen figura onartzen duena. Errefuxiatuen aldean, estatus ezberdina da pertsona horiena.

Txostenaren aurkezpenean errefuxiatu transexualen egoeraren berri eman du Alexandra Liconak. Zein da bere istorioa?

Oso hunkigarria izan da bere testigantza. Licona transexuala da, eta Hondurasen mota guztietako tratu txarrak jaso ditu. Bere herrian transexual ugari hil dituzte. Liconak berak heriotza mehatxuak jaso ditu, eta hainbat aldiz bortxatu dute. Gorputzean bi bala ditu. Bere herritik ateratzea erabaki zuen, eta Barajasko aireportuan (Espainia) poliziek iseka egin zioten, eta babesa eskatzeko eskubiderik ez zuela esan zioten. Licona, negarrez, jasandako torturen berri ematen hasi zen aireportuan. Handik zegoen CEAReko abokatu batek emakumea entzun, eta laguntza eskaini zion. Liconak babes politikoa eskatu zuen, eman zioten, eta gaur egun Madrilen bizi da. Legeak jasotzen du sexu joerari lotutako jazarpenagatik eska daitekeela babes politikoa.

Espainiako Gobernuak sistematikoki ukatzen die babes eskubidea sexu esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeei. Nolakoa da haien egoera?

Emakume trafiko sareetan dauden biktimek zail dute babesa lortzea. Zenbaitetan zailtasunak dituzte frogak aurkezteko, eta askotan beldurra dute mafiak salatzeko. Ia kasu guztietan atzerritartasun prozedura orokorrera bideratzen dituzte haien eskaerak.

Hego Euskal Herrian egin diren babes politikorako eskaeren garapena nolakoa izan da azkeneko urteetan?

2009tik hona kopuruak behera egin du. 2011n, adibidez, 90 inguru izan ziren eskaerak, eta handik urtebetera heren bat txikitu da kopurua. Ugaritu direnak aberririk gabekoen babes eskaerak izan dira.

Errefuxiatuen egoera kezkaz ikusten duzuela esan duzue. Zergatik?

Mugen esternalizazioa dago. Mugak leku guztietan daude errefuxiatuentzat, eta giza eskubideen urraketa eragiten dute, haiei euren herrietatik irtetea galaraziz. Hesi fisikoez gain, bisak eta pasaporte elektronikoak daude. Testuinguru horretan, pertsona askok zailtasunak dituzte jazarpena jasaten duten herrietatik irten eta herri seguru batera joateko. Horrenbestez, ez daude errefuxiatu gutxiago. Irteteko zailtasunez gain, babesa eskatu behar dute gero, eta babes hori jasotzea ez da batere erraza. Bidea oztopo lasterketa luze bat izaten da errefuxiatuentzat. Bestetik, gure elkartearen egoera ekonomikoa kritikoa dela salatu nahi dugu.

Duela aste batzuk Bilbon atzerriko bi emakume hil zituen gizon batek. Haietako batek egunak zeramatzan desagertua, eta erakundeek ez zuten horren berri. Zer iritzi duzu horretaz?

Guk dakigunez, ez ziren errefuxiatuak. CEAR batzordetik esan dezakedan bakarra da jazarrita sentitzen diren pertsonek guregana jo dezaketela, eta guk kasua erakundeetara bideratuko dugula. Egia da egongo direla pertsona batzuk errefuxiatu sentitzen direla, eta ezin dutela hori adierazi, eta ez dakitela nora jo.

Errefuxiatuen Munduko Eguna da gaur. Komunikabideek arreta jarriko dute egunotan gai honetan, baina gainontzeko egunetan, zer?

Milaka istorio dramatiko ikusi ditut urteotan. Behintzat, komunikabideak gogoratu daitezela gaur errefuxiatuen tragediaz, baina guretzat urteko gainontzeko 364 egunak ere errefuxiatuenak dira. Errefuxiatuei prozesu osoan laguntza eman behar zaie, denetarik behar baitute: hizkuntza ikastea, etxebizitza, lana, giza berotasuna, segurtasuna eta jatorriko herrietako pertsonekin harremana. Arreta handia behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.