Erlijioari toki gehiago egingo diote eskoletan Espainiako Gobernuaren erreformarekin, baina hori baino lehen neurriak hartzea nahi du Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako Elizbarrutiko gotzainak. Erlijioak Batxilergoan izan beharreko dekretua bertan behera utzi zuten iaz auzitegiek, eta aldaketak egitera behartuko du horrek Eusko Jaurlaritza. «Aukera ederra da erreformaren zain egon gabe erlijioaren tokia normalizatzeko». Egungo egoera bestelakoa dela salatu du gotzainak: berretsi du gurasoei «presio» egiten dietela eskoletan, erlijioan matrikula ez egiteko. Salatu du gurasoei telefonoz deitzen dietela, «matrikula egin ez dezaten konbentzitzeko».
Garaitsu honetan indartzen da ikasgai horri buruzko eztabaida, matrikulak berresteko aldia iristen denean. Aurten indar handiagoa dute ika-mikek. Hezkuntza erreformak eman du zeresana—beste ikasgaien parean jarriko du Erlijioa—, baina bada hori baino lehen egingo duten aldaketa bat ere: Batxilergoan ikasgai hori arautzeko Jaurlaritzak egindako dekretua bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak iaz. Aldatu egin du Hezkuntza Sailak.
Finean, beste irakats-aldietako sistema izango da Batxilergoan: Erlijioa edo ordezkoa aukeratu beharko dute. Kendutako dekretuak, izan ere, ordezkoa ezabatu zuen, ordu horiek bete gabe utziz; matrikula asko jaitsi da Erlijioan.
Gorenaren epaiak ate bat ireki duela uste du Munillak. «Europa osoan normalizatuta dago ikasgaia», azaldu du, mapa bat eskuan hartuta. Salbuespen bat bada, ordea: Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eskola publikoetan ez dute erlijio eskolarik. Hegoaldean, Espainiak eta Vatikanoak sinatutako itunek behartzen dituzte eskolak erlijioa eskaintzera; aukeratu edo ez, gurasoen esku dago. «Familian sinestea da gakoa. Funtzionario batek ezin du familia ordezkatu», dio Munillak.
Azken urteetako kexuak berretsi ditu. Eskola batzuetan ez dutela eskaintzen erlijioa, legez behartuta dauden arren. Sindikatu eta guraso elkarte batzuen kontra jo du gotzainak, izenik zehaztu gabe —kontuan hartzekoa da EHIGE guraso elkarteak eta EILAS sindikatuak abiarazi dituzte erlijioa ikasgaia eskolatik ateratzearen aldeko kanpainak—: «Zaharkitutako antiklerikalismoa» sustatzea leporatu die. Munillak ohartarazi du «intsumisiorako deiak» egiten ari direla eskola batzuetan.
«Presio» zenbat eskolatan egin duten ez du zehaztu; soilik esan du «portzentaje altuak» direla eta Hezkuntza Sailak zuzendu behar duela egoera hori. Munillak eta Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak batzarra egin dute oraindik orain, eta egoera salatu zuen gotzainak; kexuak justifikatuta badaude ikertuko dituztela agindu zion bilera horretan Aurrekoetxeak Munillari.
Ordezko irakasleei buruz
EILASek eta LABek beste salaketa bat egin dute: erlijio eskolak ematen dituzten ordezko irakasleei beste ikasgaietarako hautagai izateko atea zabaldu diela Hezkuntza Sailak. Orain arte ez dute aukera hori jarri. Jaurlaritzak argudiatu du aurreko sailak ELArekin, UGTrekin eta CCOOrekin sinatu zuela aldaketa hori egitea.
«Erreformaren zain egon gabe», erlijio eskola «normaltzea» nahi du Munillak
Erlijioan izena eman ez dezaten gurasoei presio egiten dietela salatu du gotzainak; telefonoz dei egiten dietela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu