Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Mikel Lezama. PPren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Erreforma fiskal oso bat egin behar da Batzar Nagusietan»

Zergak jaitsi beharra nabarmendu du Lezamak, etxebizitzaren aferari eta enpresen eta «erdiko klasearen» egungo egoerari erantzuteko. «Motxilarik gabeko» hautagaitza da popularrena, hautagaiaren arabera.

GORKA RUBIO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gipuzkoako PPren ahaldun nagusigai Mikel Lezamak (Donostia, 1993) «gipuzkoar», «gazte» eta «euskaldun» bezala definitzen du bere burua: «Euskal Herriarekiko sentimendu handi bat dut, baina konplexurik gabe begiratzen dut Espainiara eta Europara ere». Gurea Gipuzkoa da lelopean, lurraldea lehenetsi beharra nabarmendu du.

Zerk bultzatu zaitu ahaldungai nagusi aurkeztera?

Orain dela lau urte sartu nintzen udaletxean, Borja Senperren proiektuan. Ikusi nuen hiria hobetzeko neurriak hartu nahi arren badagoela teilatu bat uzten ez dizuna. Alderditik proposatu zidaten Batzar Nagusietarako hautagaia izatea, eta pentsatu nuen proiektu polita zela.

«Gipuzkoara begirako» politikak sustatu behar direla adierazi duzue. Uste duzue azken gobernuak ez duela hala jokatu?

Argi eta garbi, ez. Azken ahaldun nagusiek beti Bizkaira begira egin dituzte politikak: Ficoba egin zen 2003an, eta BEC 2004an; Donostiako aireportuak zortzi helmuga ditu, eta Bilbokoak, 64; abiadura handiko trenak geltokia lurpean izango du Bilbon, eta hemen ez. Euzkadi Buru Batzarrean hartzen dira neurriak, eta ahaldun nagusiak baietz egiten du buruarekin.

Sarri salatu zaio EAEko PPri ere Madrilek markatzen duela zuen jokabidea.

Beti entzun ditugu nazionalistak esaten Madrilek esaten duela zer egin hemen. Justu kontrakoa da. Euskaldunak gara —euskaraz hitz egiten dugu askok—, eta Gipuzkoa dugu begien artean. [Espainiako PPko presidente Alberto Nuñez] Feijoo orain dela gutxi etorri zen hona, baina ez esatera zer egin behar genuen. Etorri zen jakiteko zer behar genuen, gero berak jakiteko, hemendik hilabete batzuetara presidente bada, zer neurri behar ditugun Euskadin.

Zaintza arloan, epe laburrean zahar etxeetan toki gehiago sortzea proposatu duzue. Baina zein da luzera begurako bidea?

Bi proposamen handi ditugu. Zaintzakidetza sortu nahi dugu, Euskadi mailan koordinatzeko gai soziosanitarioak. Bestalde, zaintzak etxetik gero eta hurbilago egotea nahi dugu. Horretarako, zaintzaileen estatutu bat sortzea proposatzen dugu; zaintzaileen eskubideak eta betebeharrak ezartzeko. Eta ezberdindu behar ditugu urte gehiago bizitzea eta gehiago bizitzea. Ez dira gauza bera. Zahartze aktibo bat izan nahi dugu: aktibitate fisikoak garrantzi handiagoa izan dezan, egoitzak azken katebegia izan daitezen.

Beste alderdi batzuek publifikaziorantz egin beharra nabarmendu dute.

Guk ez dugu nahi pribatizatu, baina egia da kudeatzeko estrategia ezberdinak daudela. Ahalik eta gehiena instituzio publikoetatik egitea nahi dugu, baina badaude estrategia batzuk non enpresa bati ematen zaion kudeaketa. Orain, protestan ari dira zerbitzu horietan, baina diputazioak beste aldera begiratzen du, esanez gestioa enpresena dela. Berdin zait nor ari den kudeatzen: publikoa bada, maila bermatu behar da.

Etxebizitza alorrean, oraintsu Espainiako Etxebizitza Legea onartu da, PPren kontrako botoekin. Zer proposatzen duzue arazoari aurre egiteko?

Legea ez zaigu gustatzen, pentsatzen baitugu kontrakoa egingo duela. Programan laguntza batzuk jarri ditugu, batez ere gazteek erraztasun handiagoa izan dezaten etxebizitzetan sartzeko. Adibidez, lehen mailako familiar batek donazio bat egiten badit etxe bat erosi edo alokatzeko, horri dagokion zerga ez ordaintzea. Egun badaude alokatzeko edo erosteko PFEZean ematen diren hobariak ere. Horiek igotzeko eskatzen dugu, eta gehienezko kopurua ere bai. Talde guztiak bat gatoz etxebizitza gehiago eraiki behar direla, baina epe motzean ezinezkoa da.

Horrekin lotuta, fiskalitatearen inguruko eztabaida dago. Zergak jaistea proposatu duzue.

Erreforma fiskal oso bat egin behar da Batzar Nagusietan. Erdiko eta beheko klaseei PFEZ atxikipena jaitsi nahi diegu. Gipuzkoarren %10 ez dira iristen hilabete bukaerara, erdi klaseak zailtasun handiak ditu, eta instituzioek esaten dute gero eta diru gehiago dugula. Enpresei buruz hitz egitean, badirudi Iberdrolaz hitz egiten dela, baina enpresen %90etik gora txikiak eta ertainak dira. Horiei sozietate zerga jaitsi nahi diegu.

Eta nola mantendu zerbitzu publikoak?

Neurri sozialik onena lanpostuak sortzea da. Jendeak lana badu, zergak ordainduko ditu. Ekonomia mugituz eta aberastasuna sortuz, instituzioek diru gehiago izango dute inbertitzeko.

Administrazio publikoko euskara eskakizunen auziari nola erantzun behar zaio?

Izugarrizko pena ematen dit denona den zerbait, euskara, epaitegietan egoteak. Euskararen inguruko azken neurriak, udaletakoak, ez ziren euskararen aldekoak, baizik eta gaztelaniaren kontrakoak. Herriko plazetan euskara gehiago entzutea nahi dugu guk, eta ez gero eta jende gehiagok izatea tituluak. Sustatu egin nahi dugu, eta ez behartu. Esaterako, LEP hauetan bermatu behar da pertsona guztiek dutela eskubidea arreta euskaraz izateko, baina baita LEPera aurkezteko ere, nahiz eta euskara ez eduki. Noski, LEP horretan euskararik ez baduzu, azkena geratuko zara, eta ez duzu lanik izango. Uste dugu meritu gisa jartzen bada, pizgarritzat hartuko duela jendeak.

Meritua, zer pisurekin?

Arduragatik, ezin dizut esan pisu hau edo bestea izan behar duen.

Inkestek diote batzarkide bat izango duzuela. Zer espero duzue maiatzaren 28az?

Egungo dinamiketatik atera nahi dugu: jendea ausartu dadila beste alternatiba bat bozkatzera.

Maiatzaren 29tik aurrera, norekin nahi ditu PPk akordioak?

Motxilarik gabe datorren proiektu bat gara, eta, mahai gainean jarritako neurriak gipuzkoarrentzat onak badira, hor egongo gara.

Azken asteetan EH Bilduren zerrendekin sortu den eztabaida kontuan izanda, Madrilen PPk gobernuari aurpegiratu dio harekin akordioak egitea. Akordioak egiteko prest zaudetela esan duzu; EH Bildu ere sartzen da?

Gipuzkoar guztiak sartzen dira hor barruan. Baina ez dugu nahi berriz ere iraganeko giro garratzean sartu. EH Bilduk sartu du ETA hauteskundeetan, eta beste guztiak, bakoitza bere siglekin, aurrera begira ari gara; denon arteko akordioak bilatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.